M8 2022

Manifestazio jendetsua eta aldarrikatzailea egin dute Aiztondo bailaran

Aiurri 2022ko mar. 8a, 21:43

Zizurkilgo emakumeek Bernarda Usabiagaren omenezko Irradaka dantza saioa Joxe Arregi plazan egin ostean, ehunka pertsonek osatutako manifestazioa abian jarri da, Villabonako bidea hartuz. Malkarra plazako parean lehenbizi, eta Errebote plazan gero, idatzi bana irakurri dituzte. Argazki sorta eta bideoak, ikusgai:

Aiztondon egindako galdeketaren emaitzak

Manifestazioa Malkarra plazako parera iritsi denean, Akain Talde Feministako kideek Aiztondon gertaturiko eraso matxistak hizpide hartuta azken asteetan egin duten galdeketa baten emaitzak jakinarazi dizkiete manifestazioko parte-hartzaileei. Hona zer adierazi duten:

“Kaixo eta eskerrik asko beste urte batez aldarri honetara batu zareten guztioi. Batzuek jakingo duzuenez, Akain Talde Feministako kideok Aiztondon gertaturiko eraso matxistei buruzko galdeketa bat abiatu genuen duela zenbait aste. Galdeketa bat, bai, erasoak egon badaudela dakigun arren, gure herrietan eta gure inguruan gertatzen denaz jabetzeko.

Jaso ditugu datuak, eta iritsi da emaitzei erreparatu eta gogoeta egiteko garaia. Guztiak dira nabarmentzeko eta azpimarratzeko datuak, baina gaurkoan, zuekin partekatu nahi ditugu bereziki arreta eman diguten datu esanguratsuak.

* Ez, ez genbiltzan oker. Erantzun duten emakumeen %97,5ak eraso matxistaren bat jasan du inoiz Aiztondon. Bai, %97,5ak, hau da, erantzun duten ia guztiek.

* Eta konturatu gara ez gaudela salbu; izan ere, erregistratutako kasuen erdietan erasotzailea ezaguna da. Bai, emakumeen erdiek erasotu zuten gizona ezagutzen zuten. Beste %37,5 kasutan, berriz, erasotzailea ezezaguna da. Eta gainerakoetan, bikotea, bikote ohia edo laguna.

* Erasoen ia erdiak, %45 zehazki, kalean gertatu dira. Eta haien atzetik datoz, hurrenez hurren, parranda girokoak, tabernan egindakoak, etxean zein lanean jasandakoak.

* Jasotako emaitzen arabera, erasotzaileak ez du profil jakinik ezta adin jakinik ere. Adin tarte guztietan emaitza parekoak jaso dira.

* Erregistratutako erasoen %40etan erasotzaileak behin baino gehiagotan erasotu du emakume* berbera. Bai, %40etan.

* Erasoen %47,5 ahozkoak izan dira, %22,4 sexu-abusuak, %12,5 fisikoak, %10 psikologikoak eta %7,5 sare sozialen bitartez eginikoak.

* Erasotutako emakumeen %77,5k ez du inoiz salaketa formalik jarri. Eta erasotutako emakumeen %17,5ek, bai, %17,5ek, ez dio inoiz inori kontatu.

Baina ez gara zenbakiez soilik ari. Erasoez ari gara, gure herrian, Aiztondoko mugen barruan egin dizkiguten erasoez, jasan behar izan ditugun erasoez.

"Gauean kotxea hartu nuen etxera bidean, eta kalean zihoan gizon bat kotxean sartu nahian hasi zen". "Tabernatik irteten ari nintzela norbaitek ipurdia ukitu zidan. Buelta eman nuen zein zen ikusteko, eta barrezko hasi zitzaizkidan". "Whatsapp sare sozialaren bitartez nire argazki intimoak bidaltzen hasi zen bere lagunen artean, bikote ginenean". "Parrandan nengoela zenbait mutilek gerritik hartu eta sari bat banintz bezala altxatzen ninduten". "Gau hartan ez nuen sexu harremanik izan nahi. Ez nuen nahi. Ezetz esan nion. Ezetz errepikatu nion. Azkenean bortxatu egin ninduen".

Eta ez ahaztu, ez dira film batetik ateratako testigantza morbosoak. Ez gara sentsazionalismo bila ari. Gure herrikideek jasan dituzten erasoak dira, gure ahizpek, lagunek, bikoteek, amek, amonek, lankideek, auzokideek... jasandakoak. Horregatik, martxoak 8 dituen honetan, borrokan jarraitzeko deia luzatzen dizuegu, elkar babesteko deia, horrelako eraso gehiagoren berri eman nahi ez dugulako, aske maite garelako, zapaltzen gaituen sistemari su emango diogulako! Gora borroka feminista!”.

 

Errobote plazan, adierazpena

Errebote plazara iritsita amaitu da manifestazioa. Bertan, Aiztondoko Asanblada Feministako kideek honako adierazpena irakurri dute udaletxeko balkoitik:

Aldez aurretik, eskerrik asko beste urte batez gaurko egunean hemen egoteagatik.

Heteropatriarkatuaren menpe gauden garai honetan, emakume* izatea dramoi bat da.

Umeak goiz edukitzea, dramoi bat; berandu edukitzea, uf, dramoi bat; ez edukitzea dramoi bat da, eta bueno, edukitzea hutsa ere…

Hilerokoa edukitzea dramoi bat da; goiz izan duzulako, berandu izan duzulako, eta ez badator ere… dramoi bat da.

Menopausia goiz, dramoi bat; berandu, dramoi bat; ez badaukazu, dramoi bat da.

Hileak… bueno hileak orokorrean dramoi bat dira; besazpiak depilatui gabe daramatzazu? Ez depilatu hainbeste bekainak.

Argalegi zaude. Oso gizen zaude.

Zergatik daramazu beti hainbeste makillaje? Pixka bat gehiago makillatu beharko zinateke, ez?

Titi handiegiak dituzu. Titi txikiak dituzu.

Oso txikia zara, takoi batzuekin hobeto zinateke. Uf, ze altua, ez? Ligatzen duzu?

Perreoa ez da oso guarroa? Ze gaziki dantzatzen duzun.

Orgasmo gehiegi. Orgasmo gutxiegi.

Gona luzeegia. Gona motzeegia.

Irekiegia. Lotsatiegia.

Gehiegi edo gutxiegi beti. Beti gizon silueta duen sistema honen begiradaren neurrira moldatzen.

Zergatik bihurtu gaituzte mito?

Patriarkatuaren oinarrietako bat da emakumearen* mitifikazioa. Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema horren oinarria. Pandemia honen ostean, ordea, gu inoiz baino indartsuago itzuli gara; antolatu gara, sareak inoiz josiz, herri eta auzoetan.

Horretarako, antolatuak behar dugu egon. Elkarrekin, indartsu eta batuta. Ahizpa, lagun, marika, trans, langile, bollera, ikasle, auzikide; altxa eta jarri martxan. Denon artean erreko dugu zapaltzen gaituen sistema.

Dantzatu lurreraino, egin gaupasa, askatu ileak. Egin benetan nahi eta behar duzuena.

Izan gaizto!

Gora Borroka Feminista!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!