“Kalera irten beharko genuke, behintzat, entzun diezaguten. Ergelak dirudigu”

Mikel Arberas 2022ko mar. 9a, 13:33

Aliprox denda.

Ana Arraiza eta Ane Roig Aliprox eta Coviran saltokietako langileekin hitz egin dugu, egun, hainbat produkturen prezio igoeraz eta eskasiaz hitz egiteko.

Azken egunetan, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra medio, erregaien, elektrizitatearen, gasaren eta hainbat produkturen prezioak nabarmen igo dira. Oraingoz, tendentzia horrek okerrera egingo duela aurreikusten da. Horrek zuzenean herritarren bizi-kalitatean eragiten ari da, negatiboki.

Ana Arraiza Aliprox saltokiko langileak argi adierazi du, “nire ustez, egoera honek epe laburrean ez du atzerabueltarik izango; janariari dagokionez, ohiturak aldatzeko mementoa iritsi dela esango nuke. Adibidez, lekale gehiago kontsumitzen hasi beharko dugu, asko dagoen eta faltako ez den produktua delako”. Batez ere, ekilore-olioaren falta handia dago, supermerkatu handietan amaitzen ari da; hori gutxi balitz, preziek gorantz egin dute: “Koipesol ekilore-olioa litroko 15 zentimo garestitu da, 0,60€-tik 0,75€-era. Oliotik eratorritako produktu gehienak ere falta zaizkigu, besteak beste arrain-kontserbak, pasta, eta, aurki, mahonesa bezalako saltsak ere”. “Gaurtik aurrera ogiaren prezioa garestitu egingo da, 10 zentimo”, aipatu du Ane Roig Coviraneko langileak ere.

Egoera larritzat jo dute bi langileek eta herritarrek egoera, bereziki, lazgarriak jasan beharko dituztela aitortu dute: “Kalera irten beharko ginake; agian ez du ezertarako balioko, baina, behintzat, entzun beharko ligukete. Txepelak garela dirudi”, aitortu du Roigek. Arraizak zera gehitu du, "autonomo batzuek ateak itxi beharko dituzte, prezioen igoerari eutsi ezinik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!