Aiztondo bailarako Akezkoerrotako, Urniategiko eta Txuringadiko errotak bisitatu zituzten

Aiurri 2022ko mai. 11a, 12:07

Zizurkilgo Akezkoerrota, Asteasuko Urniategi eta Larraulgo Txuringadiko errotetara bisita gidatuak antolatu zituzten joan den asteburuan, Gipuzkoako Erroten Egunaren harira. Bisitari andana bildu zen hiru hitzorduetara, eta zereal-alea ehotzen ikusteko aukera eduki zuten Zizurkilgo eta Larraulgo errotetan. Argazki bilduma eta hiru bideo, ikusgai: 

 

Akezkoerrota baserriko errotan larunbatean ospatu zuten bisita, eta bertaratutakoek Hernandorena Kultur Elkarteko kideen eskutik jaso zituzten errotaren funtzionamenduari buruzko azalpenak. Bisitariei Sustraiak aldizkariaren 30 zenbakia banatu zitzaien. Bertan, erroten funtzionamenduari buruzko azalpenak eta Akezkoerrotako errotaren historia ez ezik, iraganetik iritsi zaizkigun beste bost erroten (Orakaiztegi, Alkaniz, Loidierrota, Adunibar eta Atxulondo) buruzko xehetasunak biltzen dira. Elkartearen web guneak argitaratutako aldizkari guztiak eskuratzeko aukera ematen du.

Hernandorena Kultur Elkarteak bisita gidatua antolatzeko orduan, Akezkoerrotako familiaren eta Aramako Ibares errotako Ramon eta Mikel Cobos aita semeen laguntza izan du.

Igandean, berriz, Asteasuko Urniategi eta Larraulgo Txuringadiko errotei egokitu zitzaien bisita. Asteasu eta Larraulgo plazetan bildu ziren bisitariak, eta bi errotetara abiatu ziren, oinez.

Burdina elkarteko Ander Otañok gisatu zuen Urniategiko errotaren inguruko bisita. Txuringadin, berriz, bertako semea den Jose Angel Zumeta arduratu zen azalpenekin.

Bi errotak nahiko gertu daude elkarrengandik, Erreka bailaran. Asteasu erreka igarotzen da bailaratik. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!