"Kriston eskandalua gaurkoa. Zer arraio da hori? Zer gertatu da erraustegian?"

Mikel Arberas 2022ko uzt. 14a, 10:39

Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Erraustegitik isurketak gertatzen ari dira Arkaitzerreka errekara; uraren kolore gorriska eta apar zuria agerikoa da. Erraustegiaren aurkako plataformak irmoki salatu du azken asteetan jazotzen ari diren kutsatzeak. Aldiz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak adierazi du ez dela egon isurketarik erraustegian.

Arkaitzerreka errekan kolore gorrizko eta apar zuriko isurketa jazo da; horrek ziurgabetasun, galdera eta zalantza ugari sortu ditu. Hainbat plataforma ekologistek eta herritarrek irmoki salatu dute Zubietako erraustegiaren funtzionamendua. 

Noaua hedabideak informatu duenez, jazotakoaren berri izanda, udaltzaingoa errekara bertaratu da. URA Agentziako teknikariak ere bai, Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik berri eman dutenez, zubietar batek deitu ostean. Noaua hedabidea: "Mugimenduak lagina bildu eta gertatutakoa ikertzeko borondatea agertu ostean, aipatu agentziako teknikariek ere lagina bildu dute". Bestalde, GHK-k adierazi duenez, errauste plantan ez da "isurketarik edo antzekorik" jazo. Hari beretik tiraka, "laginak aztertzen" ari direla eta "emaitza jakitean" jakinaraziko dutela nabarmendu dute.

Isurketak eta kutsatzeak, zaharrak-berri

Iragan ekainean, ustez, kloroalkanoa izeneko substantzia kantzerijenoa isuri zen erraustegiaren inguruan. Horiek horrela, erraustegiaren funtzionamenduan delitu ekologikorik egon ote zen ikertzen ari dira, GuraSOSek aurkeztutako akusazioa denbora luzez geldirik egon ostean. Gauzak horrela, magistratuak bi ikerketa abiatzeko eskatu zion Guardia Zibilaren Seprona sailari; Cesar Gimeno Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako (GHK) zuzendaria eta beste 13 kargu eta enpresa batzuk inputatuko lituzkete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!