"Anai-arreba pilotariak gau berean bata bestearen atzetik jokatzea berezia da"

Mikel Arberas 2022ko abu. 12a, 08:15

Itxaso Erasun zizurkildarrak Adunako jaietan jokatuko du Mirian Arrillagarekin, Mendizabal eta Larrarteren aurka.

Urte luzez palista izan ondoren, eskuzko mundura egin du jauzi Itxaso Erasun zizurkildarrak. Jada 30 partida jokatu ditu eta pilotari gisa trebatzen ari da. 

Uda izanik partida ugari jokatuko dituzue, ezta? 

Neskok pilota munduan murgiltzen ari gara eta, gutxinaka, mutilen presentzia egon den jaialdietan, emakumezkook ere jokatzeari ekin diogu. Horiek horrela, orain arte, partida ugari jokatu ditugu eta udako agenda betea edukiko dugula pentsatzen dut. Ikusleen presentzia ere areagotu egin dela sumatzen dugu.

Orain arte, norgehiagoka asko jokatu al dituzu?

Egia esan, eskuz duela gutxi hasi naiz jokatzen; izan ere, gaur arte, pala modalitatean aritu naiz. Gradualki jokatzen ari naiz, beraz, 30 bat partida jokatu ditudala esango nuke. Gutxinaka norgehiagoka gehiago jokatzen eta txapelketa garrantzitsuagotan parte hartzen hasiko naizela pentsatzen dut, baina entrenatzen jarraitu beharra dago.

Eskuz jokatzen duela gutxi hasi zarenez, hobetze marjina handia izango duzu...

Bai. Hasieran txapelketa konkretuetan parte hartzen hasi nintzen, oraindik, maila nahikoa ez nuelako eta horren ezaguna ez nintzelako. Gutxinaka, lehiaketa garrantzitsuagoetan parte hartzen ari naiz eta nire emaitzak ere hobeak dira; beraz, maila altuagoko txapelketak jokatzeari ekin diezaioket.

Duela gutxi arte, pala modalitatean lehiatzen aritu zara. Egun, berriz, eskuzkoari ekin diozu.

Umetan eskuz jokatzen hasi nintzen, baina palarako jauzia eman nuen alternatiba gisa. Memento horretan emakumezkook ez genuen normaltasunez eta jarraikortasunez eskuz jokatzeko aukerarik. Esanak esan, nahiago dut eskuz jokatu; kirol bezala ikusgarriagoa dela iruditzen zait. 

Nabarmendu beharra dago, emakumezkoen pilota munduan lanketa ona egiten ari direla. Telebista eta hedabideak mugitzen ari dira eta hainbat txapelketei oihartzuna ematen ari zaie. Erakarpen indarra handiagoa da eta neska gazte ugari datoz atzetik, indartsu eta lehiatzeko gogo biziz.

Adunako jaietako pilota partidan lehenengo norgehiagoka zuk jokatuko duzu eta, ondoren, Jon Erasun anaiak...

Polita izango da... Anai-arreba pilotariak gau berean bata bestearen atzetik jokatzea berezia dela ukaezina da; horiek horrela, antolatzaileek proposamena luzatu zidaten eta nik azkar batean baiezkoa eman nien.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!