Erniozaleak kultur elkartearen agurra, igande honetan Ernion eta Zelatuten

Aiurri 2022ko uzt. 30a, 10:10

Goizeko 10:30ean aurreskua dantzatuko dute, gurutzearen aurrean. Eta, segidan, pintxoak eta trikitixa Zelatunen.

Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Albiztur, Bidegoian, Errezil eta Aia. Erniopean dauden zortzi herrietako biztanleak amankomunean duten mendiak elkartuta, Erniozaleak Kultur Elkartea 1997an sortu zen. Ekimen handia erakutsi zuten lehen hilabete haietan. 1947an altxatako gurutzea eraberritu zuten, tontorretik gertuen dagoen borda berriro altxa eta inguruko lurren eta mendien berri ematen duen orientazio mahaia ipini zuten. Ez zen horretara mugatu, eta garai hartako gazte ekintzaile horiek ekimen betean aritu ziren: Bederatzi mendi ibilbideren seinaleztapena, “Ernio inguruan batu eta aldentzen gaituena” liburuaren argitalpena, 50 kilometroko luzerako mendi ibilaldiaren antolakuntza... Urteak aurrera doaz, eta elkarteko kideek ospakizun xume batekin amaiera eman nahi diote eurek abiatutako ibilbideari.

Egindako lan guztia hortxe geratuko da. Gainerako belaunaldiek aurrekoek egindakoa baliatzeko aukera izan dute, eta etorkizunean belaunaldi berriak izango dira Ernio eta inguruaren alde egingo dutenak.

Lehen eta orain, hortxe jarraituko du Ernio mendiak. Jexux Mari Irazuk bertsoan bikain laburbildu zuen mendiaren esentzia:

Itsas lainoen hustu lekua
uso banden bidetxurra
pago zaharren magal malkarra
larremotx goxoko lurra
erromes haitza,bakoitzak bere
sinismenaren ikurra
denek oinpean maite zaituzten
mirestutako gailurra.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!