“Bi anai” filmaren emankizun berezia, Imanol Rayo zinemagilearen eta Bernardo Atxaga idazlearen parte hartzearekin

Aiurri 2022ko urr. 12a, 08:54

Ostiral honetan, zinema-emanaldi berezia antolatu dute Andoainen Aiurrik eta Basterok. Atxagaren eleberri ezagunean oinarrituriko filma eskainiko dute, eta Garazi Kamio idazleak gidatutako solasaldian zinema-zuzendariak eta idazleak parte hartuko dute.

Bastero Kulturguneak udazkeneko kultur programazio oparoa antolatu du, eta horien artean bada ez ohiko ekitaldia. Eta esango genuke, berezia ere badela. Aiurrik parte hartu du antolaketan, eta Aiurriko harpidedun denak dohainik joateko aukera izango du. Horretarako e-posta idatzi behar du idazkaritza@aiurri.eus e-postara, bere izen-abizenak emanez. Eta emankizunaren egunean, aretora sarbide zuzena izango du. Komeni da ostegun goiza baino lehen izena ematea. Emailak jasotako hurrenkeran gordeko baitira eserlekuak.

Bi anai, aurkezpenik behar ez duen eleberria

Bernardo Atxagaren ibilbide oparoan “Bi anai” eleberria (1985) garrantzia handikoa da. Ez bakarrik Euskal Herrian izan zuen arrakastagatik, baizik eta nazioartean izan zuen hedapenagatik. Egun, Atxaga euskal idazlea da baina erreferentziazko idazlea ere bada nazioartean.

2011n Imanol Rayo zinema zuzendariak eleberri ezaguna zinemara eraman zuen, haren estraineko lana izanik. Zinemaldian egin zen estreinaldia, eta euskal film onenaren saria eskuratu zuen.

Rayo eta Atxaga Basteron izango dira

Aiurri hedabideak, Basteroren laguntzarekin, bi sortzaileak elkartuko ditu Andoainen. Filma eskaini eta gero, ikusleekin batera solasaldian parte hartuko dute. Solasaldia Garazi Kamio idazleak gidatuko du. Ekitaldia 19:30ean hasiko da.

Filma, gainera, modu berezian eskainiko da. 35 milimetroko proiekzioa izango da, modu analogikoan esan nahi baita.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!