Erraustegiak jaurtitako dioxina kopurua ia laukoiztu egin da Andoain eta Urnieta inguruan

Mikel Arberas 2022ko aza. 25a, 11:22

Herbehereetako ToxicoWatch enpresak egindako ikerketaren arabera, Andoain eta Urnieta inguruan dioxina substantzia kantzerigenoen kutsadurak nabarmen egin du gora, 2019tik 2021era bitarte. Ikerketa Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eskatuta abiatu zen. 

Enpresak jakitera eman duenez, Andoain inguruko oilotegietako arrautzetan dioxina kopuru handia agertu da: 2019an 1.4 pikogramokoa zen kutsadura, eta, egun, 5.0 pikogramora igo da. Esaterako, erraustegiaren inguruko goroldioetan, 20 aldiz handitu da dioxinen kutsadura, lehen analisia egin zenetik. Kezka handia da, izan ere, aireko kutsaduraz haratago, janarian aurkitu dituzten substantzia arriskutsuen maila nabarmen igo baita.

Ur-kutsadura larria

Goroldioetan eta arrautzetan egindako ikerketez gain, ur-kutsaduraren larritasuna azpimarratu dute. Azken hilabeteetan, zeresan handia eman du Arkaitzerrekako ixuriak eta hildako ehundaka arrainek. Usurbilgo Udalak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ur-laginak aztertu zituzten hilabeteak aztera, eta kutsadura maila altua zela adierazi zuten: Kobrearen eta Nikelaren kontzentrazioa handia zen; bi osagai horien kantitatea ur edangarriak izan dezakeena halako bi eta halako lau zen. Berriro ere azterketa egin eta ura edangarria ez dela berretsi dute: Nikelaren zenbatekoa laukoiztu egin da. Urak 0,25 miligramo kloro izan behar ditu litroko, eta analisiek adierazitakoaren arabera, 487 miligramo ditu. Amonioaren kantitatea ere oso handia da: 0,608 izan beharko luke ur edangarriak eta Arkaizerrekakoak 117 mg dauzka litroko.

Horrek guztiak, kezka handia eragin du eskualdean, Erraustegiaren inguruko herrietan. Urte gutxitan, subtantzia kutsagarrien agerpena biderkatu egin baita, ToxicoWatch enpresak egindako ikerketa ofizialaren arabera. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!