Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro! taldearen aurkezpena

Irune Alfonso 2022ko abe. 13a, 08:56

Aiztondoko Eskola Publikoaz Harro! taldearen aurkezpena Plazida Otaño liburutegian izan zen bart. Aiztondo bailarako sei udalerrietako ordezkariek  hartu zuten hitza eta helburuak zehaztu zituzten. 

Alabaina, ez ziren parte hartu zuten bakarrak izan, gaiarekiko arduratuta dauden hainbat herritar, familia, eta hezkuntzako ordezkari ere bildu baitziren ekimena babestera. 

Manifestua osorik: 

"Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro! taldeak metak hautatu ditu ikur gisa, bulkada malenkoniatsutik haratago doan esanahia topatu nahi izan diegu. Nekazariek irailean ekiten zioten metak eraikitzeari eta geuk ere halaxe ekin diogu ikasturteari: indarrez eta ilusioz, konpromezuz, esperientziak partekatu eta ikasteko gogoz. Geuk ere eraiki egiten dugu eta ez soilik jakintza... harremanak, taldeak, sareak balioak eta bizipenak. Meten eginkizuna belarra eta hostoak kontserbatzea da eta halaxe kontserbatu nahiko genuke geure arbasoek urteetan pilatu duten jakintzabaina baita ikaskuntza berriak eta urrunetik jaso ditugunak ere. eta batez ere, kontserbatu nahi dugu gure izaera, gure identitatea. Metatu liteke belarra, garoa, orbela, otea, iratzea, haritz eta pagoen hostoak. Metatu liteke Europa ekialdeko baso hotzetako baiak, palmera tropikalen hostotzarrak, basamortuetako kaktusen arantzak, Afrikar sabaneko adaskak... Guztiak dira ongi etorriak geure metan, kolorez jantzi nahi ditugulako: kolorez eta doinuz, zaporez, usainez, bizipenez, dantzaz, musikaz...Kolorea aniztasuna baita eta aniztasuna aberastasun. Baserritarrek diote edozein belar ez dela baliagarria meta bat osatzeko: guk ere badakigu hori eta horregatik bildu nahi ditugu onenak: goizero goizero esnatu eta eskolak irriz eta kantuz betetzen dituzten haurrak, ikas komunitatea ilusioz eraikitzeko lan egiten guraso, irakasle, herriko eragileak... Azken finean geure metak eraikitzen lagunduko diguten guztiak baitira “belar onak” Baserritarrek diote ez dela lan erraza metak egiterena: meta-ziria zuzen eta sakon sartu behar da lurrean eta ondoren jasotakoa metatu modu zehatz batean. Gauza jakina da lan nekezak auzolanean arindu egiten direla eta horregatik animatu nahi zaituztegu geure metak eraiki eta mantentzen laguntzera. Geure paisaian metak errefernete izan dira eta halaxe nahiko genuke izatea Adunako Herria Eskola, Alkizako Herri Eskola, Amasa-Billabonako Fleming Herri Eskola eta Erniobea BH Institutoa, Asteasuko Pello Errota Herri Eskola, Larraulgo Herri Eskola eta Zizurkilgo San Millan Herri Eskola eta Pedro Maria Otaño Herri Eskola. Aiztondoko paisaiaren ezinbesteko osagaiak.

Aiztondo bailaran 6 Udalerri ditugu: Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkil. Udalerri bakoitzak, Haur eta Lehen Hezkuntzako Herri Eskola du, 12 urte arte: Adunako Herri Eskola, Alkizako Herri Eskola, Amasa-Billabonako Fleming Herri Eskola, Asteasuko Pello Errota Herri Eskola, Larraulgo Herri Eskola, Zizurkilgo San Millan eta Pedro Maria Otaño Herri Eskolak. Bailarako eskaintza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokiona, Amasa-Billabona herrian osatzen da, Erniobea Institutuan, 16 urte arte.

Denona, denontzako, euskalduna, laikoa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua eta kalitatezko zerbitzua bizi du Aiztondo bailarak, ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte kohesioa bermatzen dituena. Horregatik, Aiztondo bailarako Euskal Eskola Publikoaz harro gaude. Etorkizun hurbilean, ordea, errealitateak datu kezkagarriak eskaintzen dizkigu. Alde batetik, Euskal Autonomi Erkidegoko jaiotza-tasa jaisten ari da. Bestalde, 2022ko urte hasieran Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko presidenteak, alderdi politiko nagusien adostasunarekin, EAEko Hezkuntza-Akordioaren zirriborroa aurkeztu zuen. Zirriborro hau izango da, emendakinak jaso ondoren, Hezkuntza Lege berriaren oinarria. Lege honek egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko du. Zirriborro honek, ordea, egungu gizarteak hezkuntza mailan dituen zailtasun eta beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du.

Hau guztiagatik Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro! gune honek ondorengo helburuak betetzeko lan egingo du:

  1. Administrazio Publikoek Aiztondo bailarako Euskal Eskola Publikoa erdigunean jartzeko eta lehenesteko. 
  2. Administrazio Publikoei Aiztondo bailarako Euskal Eskola Publikoak behar dituen baliabideak exijitzeko. 
  3. Aiztondo bailaran hezkuntza sistema dualak, alegia, Euskal Eskola Publikoa eta Itunpeko Ikastetxe Pribatuaren eskaintzak, eragiten duen segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzeko politika, planifikazioa eta matrikulazio prozesu gardenen alde egingo du. Gaur egun, eskola segregazioa baita gizarteak gizarte desberdintasunak legitimatzeko duen mekanismorik eraginkorrena. Gizarte justuago eta inklusiboago bat lortzeko segregazioarekin amaitzea lehentasuna izango da. 
  4. Bailarako Euskal Eskola Publikoek ikasleen eta familien euskalduntze prozesuan egiten duten lana balioan jartzeko.
  5. Bailarako Haurreskolek 0 eta 2 urte arteko haurren heziketan duten garrantzia azpimarratzeko, hauen beharrezko baliabideak exigitzeko eta zerbitzuaren doakotasuna eskatzeko lan egingo du. 
  6. Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro! guneak EAEko Hezkuntza-Akordioaren zirriborroarekiko desadostasuna adierazi eta berau aldatzeko lan egingo du. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!