Orain arteko ibilbideaz galdera luzatu zieten, zortzi finalistei.Igandeari begira zer espero duten ere galdetu zieten. Hitza hartu zuten hurrenkera berean doaz erantzunak.
Aitor Mendiluze
"Itxaronaldia, kantatu bitarte, luzea egin zitzaidan. Lagunak kantuan, eta, aste luzez, zain egon naiz. Baina, ilusioz. Behin neure txanda iritsitakoan, batetik, arduraz. Eta, bestetik, eroso eta kokapen on sentsazio batekin. Bertsoen aldetik nahiko konforme nago orain arteko bidearekin. Sentsazio gozoa da, nire kasuan".
Alaia Martin
"Batez ere, gozatu egin dudala esango nuke. Prestaketan bertsokideekin, eta baita saioz saio bertsokideak entzuten ere. Entzuteko eta bizitzeko moduko txapelketa izan da. Besteak entzuten asko gozatu dut. Kantuan ere izan dira gozatzeko tarteak, beraz, pozik orain artekoarekin. Finalari begira, ilusioa, eskerrona eta esateko gogoa geratzen zaizkit".
Amets Arzallus
"Kasik urte oso bat atzera egin zenezake, txapelketa urte osoan presente dago. Gero kideak hasten dira kantuan eta zure burua lehiaketan sartzen da, hein batean. Kantuan hasi bitarte, itxaronaldia luze egiten da. Bi saio izan ditut eta finalerdiak mendikate batzuk zeharkatzea bezala da. Mendikatean orotariko paisaiak ikusten dituzu, normalean nahiko kritiko eta zorrotza izaten naiz neure buruarekin. Zorroztasunetik gozatzen dut, baina sufritu ere bai. Izan dut bietatik. Azken finalaurrekoa hain hurbil dudanez, hango pausoan nator eta ilusioz, indarrez eta umore onean behintzat".
Beñat Gaztelumendi
"Txapelketa astindu bat da denontzat, mugimenduarentzat, bertso eskolentzat eta norberarentzat ere bai. Itxaronaldia luzea izan zen eta plazan hilabete batzutan gutxiago aritzea tokatu zaigunez, beti izaten da zalantza. Oso gustura nago orain artekoarekin. Esango nuke egin nahi nuen horretara hurbildu naizela, ariketa dexentetan. Orain, bost urtekoarekin alderatuta, beste gorputzaldi batekin iritsi naiz finalera. Ilusio handiz nago, berriz finalera iristeagatik batetik. Ez delako erraza. Eta, bestetik, final honen parte izateagatik, eta, bertsokide hauekin kantatzeagatik ilusio handiz nago. Lan handia eginda nator, atseden hartzeko tartea ere izan dut eta iganderako gogotsu nago".
Joanes Illarregi
"Luzea izan da txapelketa, irail bukaeratik hona luze joaten delako. Ibilbide horretan, denetik izan dut, bai gazitik eta bai gozotik. Gozatzeko momentuak egon dira, baina baita izerdi tantak kopetetik botatzekoak ere. Egindako horrekin guztiarekin aurrera goaz, eta, finalari begira, ilusioz eta beste zazpirekin kantatzeko gogotsu. Pertsonalki txapelketa borobiltzeko ilusioa dut eta, talde gisa, etorriko den jendetza guztiak eskatzen digun hori emateko ardura puntu batekin".
Maialen Lujanbio
"Orain arteko ibilbideaz ez daukat gauza handirik esateko. Ez bada, bertsokideekiko enpatiaz zorabio emozionalak pasa ditudala, entzuleek bezala eta eurek bezala. Hortik aurrera, eta, igandekoari begira, sentitzen dudana da poz handia, suerte handia hemen kantatzeko aukera izateagatik, talde honekin. Egun ederra izango dela segurua da. Uste dut aurtengoak esangura handia duela. Finalek beti izaten dute, baina aurtengoak baditu esangura politiko indartsu batzuk. Hasteko, finala IruÒean zatea. Garrantzitsua da planteamendua, bertsogintzaren partetik eta euskalgintzaren ikuspegitik. Kulturgintzaren ikuspegitik ere. Gazte jendea eta helduagoaren arteko kate honen irudikapena gertatzen da talde honetan. Eta, bestetik, lehen aldiz hiru emakumezko ariko gara kantuan. Eta horrek esangura politiko handia du, ez niretzat bakarrik, ez emakumeontzat bakarrik, baizik eta, hemen gauden zortzirentzat, bertsogintzarentzat nahiz kulturgintzarentzat, orohar. Saiatuko gara edukiz, balio artistikoz eta bertsoz janzten igandeko festa".
Nerea Ibarzabal
"Txapelketako ibilbidea luzea, ederra, intentsoa izan da. Bizkaiko finala jokatu zela urte bat izan zen. Lehiarekin konexio estu batekin gatoz, iaztik. Nekea zaharra eta guzti da! Poz izugarria da, asko ikasi dut txapelketako hiru saioetan. Hiru saio oso bero eta eder sentitu ditut oholtzatik. Edertasun eta maitasun horri leku egin nahiko nioke arduratik, eta kontzentraziotik".
Sustrai Colina
"Patua gutiziatsua izaten da. Txapelketak eraman nau, neure bizitzaren ibilbidean. Hasi nuen saioa Irunen, haurtzaroan hainbeste ordu pasa nituen aiton-amonen etxetik ikusten zen eraikinaren parean. Gero, Baionan, eta, orain, bizi naizen hirian amaituko da. Pozik nago ibilbide pertsonala egin izanaz, baina baita emozio kolektiboekin gurutzatu ahal izan dudalako ere poz pertsonal hori. Pandemia osteko txapelketa da hau, plaza beteak izan dira. Jendetsuak, berriz elkarrekin, berriz batera gauzak egin eta sentitzearen poz eta hauspoa eraman dugu denok.
Taldeko argazki hau ez da orain dela bost urtekoa. Esanahi politiko eta emozional asko islatzen dira argazki honetan, eta igandekoari begira ez daukat dudarik eztanda emozionala izango dela Nafarroa Arena. Nire kideek eztanda artistiko batera eramango dute plaza hau, ez daukat zalantzarik. Eta pertsonalki ere eztanda kreatibo, emozional, politiko eta jarri dakizkioen adjetibo guztiekin neure alea jartzeko prest nago".