Bilbotik abiatuko da 2023ko Tourra, larunbatean. Eguerdia pasata abiatuko dira Guggenheim ingurutik, eta 17:00ak aldera helmugaratu Bizkaiko hiriburuan. Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da, eta Arabako Lautada zeharkatu ondoren Debagoienan sartuko da Kurtzeta mendatea eta Aramaion barrena.
Handik Arrasate, Oñati, Udana, Aztiria eta Goierriko hegoaldea: Zerain, Segura, Beasain eta Ataun, ostera Larraitz igo eta Tolosaldean sartzeko Amezketa, Alegi eta Altzon barrena. Kilometro batzuk gehiago egingo ditu tropelak Tolosaldean, Anoetan gora Alkiza igo eta Asteasuko eremuetan sartu arte.
Zizurkil, Aduna (Irizar enpresako biribilgunea), Andoain eta Urnieta zeharkatuko dituzte ziklistek, hogei kilometro eskaseko buruan. Herri barnetik egingo du bidea tropelak denetan, autobideak saihestuz. Aintzat hartu behar da udako oporretako lehen asteburua dela uztailak 1 eta 2koa, eta irteera operazioa izango duela martxan Jaurlaritzak, Tourreko ASO talde antolatzaileak honako ordutegiak aurreikusi ditu, Beterri-Aiztondoko pasaerarako:
- Asteasu: 15:38 / 15:57
- Zizurkil (Elbarrena): 15:40 / 15:59
- Andoain: 15:46 / 16:05
- Urnieta: 15:53 / 16:14
Urnietatik Hernani eta Astigarraga aldera egingo du tropel nagusiak. Aintzat hartu ziklistak pasako diren errepideak itxita egongo direla proba pasa baino lauzpabost ordu lehenago. Publizitate karabana ziklistak baino bi ordu lehenago pasako da ibilbide beretik.