Tourra eskualdean barrena

Lurraldebusen ohiko zerbitzuan eragina izango du Frantziako Tourrak

Aiurri 2023ko eka. 29a, 12:39

Zenbait errepide itxi egingo dira, Frantziako Tourra Gipuzkoatik igarotzean. Lurraldebusen zerbitzuan eragin zuzena izango du horrek.

Aldundiak gomendio zehatza eman du, "joan-etorriak ahal den neurrian egokitzeko, murrizketa handieneko orduak saihesteko. Era berean, Lurraldebusek ohartarazi du Gipuzkoatik igaro aurreko egunetan, mozketa puntual batzuk egon daitezkeela, antolamendu lanak direla eta".

Eskualdeka, informazioa

Debagoiena

Uztailaren 2an, igandean, Arrasate eta Udana gaina bitarteko GI-2630 errepidea itxita egongo da eta bertan behera geldituko da Lurraldebusen garraio publikoko zerbitzua, ez baitu aukerarik izango Zumarraga eta Arrasate bitarteko zerbitzua eskaintzeko (DG04 linea). 30 minutuan behin, anezka zerbitzu bat egongo da Arrasate eta Eskoriatza artean; handik abiatuko dira zerbitzu guztiak autobidez, Donostia, Bilbo, Eibar eta Gasteiz aldera.

Goierri

Igandean, hilak 2, lasterketak Beasainen eta inguruko udalerrien arteko loturei eragingo die, eta Seguraren eta Ordiziaren arteko lotura etenda egongo da GI-2637 errepidetik. Egoera horrek linea hauei eragingo die: GO01 (Zegama–Zaldibia), GO03 (Beasain–Lazkao), eta GO21E (Altzaga–Ordizia), GO22E (Mutiloa–Segura) eta GO23E (Gaintza–Ordizia) eskaripeko zerbitzuak.

Tolosaldea

Igandeko etapak Tolosa eta eskualdeko zenbait udalerri lotzen duten zerbitzuetan izango du eragina, eta bertan behera geratuko dira honako linea hauek: TO03 (Tolosa–Orexa), TO07 (Tolosa–Larraul), TO08 (Larraul–Aduna), eta TO20E (Tolosa–Alkiza), TO21E (Tolosa– Hernialde), TO23E (Aduna–Andoain), TO25E (Alegia–Altzo), TO27E (Villabona–Alkiza) eta TO29E (Ibarra Izaskun–Ibarra) eskaripeko zerbitzuak.

Tolosari dagokionez, lasterketak erdigunea zeharkatuko du hegoaldetik iparrera, eta murrizketak egongo dira. Hori dela eta, Donostiarako autobusak Larramendiko biribilgunetik (gasolindegia) abiatuko dira: BU07 (Tolosa–Donostia, herriz herri), BU08 (Tolosa–Donostia zuzena), eta BU09 (Tolosa–Donostia, Ospitalak). Tolosa eta Berastegi lotzen dituen TO02 linea Ibarrako anbulatoriotik aterako da.

Buruntzaldea

Buruntzaldeari dagokionez, igandeko etapak N-1 errepidea eta Urumeako korridorea erabiltzen duten Lurraldebuseko autobusei eragingo die. Ibilbide aldaketak egongo dira, eta Andoain eta Donostia N-1 errepidez lotzen dituzten lineetarako –BU03 (Antiguatik) eta BU04 (Ospitaletatik)–, abiapuntu bat ezarriko da Borda Berri poligonoan. Tolosa eta Donostia lotzen dituen BU07 lineak, berriz, ezin izango du zerbitzurik eman Andoainen Gipuzkoako hiribururantz, eta zuzenean Lasartera joango da autobusa. Andoaindik Tolosarako linea, berriz, arazorik gabe ibiliko da.

Andoain, Urnieta eta Hernani Donostiarekin lotzen dituzten ibilbideetan –BU05 (Andoain–Donostia) eta BU06 (Andoain–Donostia Ospitaleak) lineak–, aldaketak egongo dira, eta A-15 autobiatik joango dira, Urnietatik igaro gabe.

Hernani eta Astigarraga arteko autobusetan ere –BU12 (Hernani–Donostia Martutenetik barrena) eta BU13 (Hernani–Donostia)–, izango du eragina lasterketak, eta ibilbideak aldatu egingo dira: linea horiek A-15 autobia erabili beharko dute.

Uztailaren 3ko (astelehena) etaparen ondoriozko eraginei dagokienez, eskualdea Donostiarekin lotzen duten lineetan soilik egongo dira aldaketak. Buruntzaldeko linea gehienek Federico García Lorca pasealekuan izango dute abiapuntua, BU05 lineak izan ezik (Andoain–Donostia), linea hori Antigua auzoko Europa plazaraino iritsiko baita.

Oarsoaldea

Uztailaren 2an, igandean, Frantziako Toura Astigarragatik iritsiko da Oarsoaldera, Oiartzun zeharkatu, eta, Gurutze gainetik, Bidasoa aldera joko du. Lurraldebusek ezin izango du zerbitzurik eman Oiartzunen.

Bidasoatik igaro ondoren, lasterketa Oarsoaldera itzuliko da Jaizkibeldik, eta Pasai Donibane, Lezo, Errenteria eta Pasai Antxo zeharkatu eta gero, Mirakruz gainetik sartuko da Donostian helmugara iristeko. Hori dela eta, E01 (Pasai Donibane–Donostia) eta E02 (Oiartzun–Donostia) lineek ez dute zerbitzurik eskaniko.

Erabiltzaileek E08, E09 eta E07 lineak erabili ahal izango dituzte, San Pedro eta Trintxerpe Donostiarekin eta Ospitaleekin lotuko baitituzte GI-20tik.

Beraun eta Donostia lotzen dituzten zerbitzuak ere murriztu egingo dira, Pasai Antxon ezinezkoa izango baita ohiko geldialdiak egitea. Hori dela eta, E05 lineak (Beraun-Donostia) beste geraleku bat izango du Molinaoko biribilgunean, horrela, lasterketaren ibilbidea saihesteko, eta GI-20 errepidetik Donostiaraino jarraituko du. Gogoan izan behar da linea horrek geralekua duela Morrongilletan, Errenterian, eta herri horretan ezin izango direla erabili ohiko Lurraldebus lineak, probaren eraginpeko orduetan bertan behera geldituko baitira.

E03 lineak ere (Pasai Donibane–Donostia Ospitaleak) aldatu egin beharko du ibilbidea eta murrizketak izango ditu, hau da, Pasai Antxoko Molinaoko biribilgunea eta ospitaleak lotuko ditu, eta Pasai Donibane eta Molinao arteko tartea zerbitzurik gabe geratuko da.

Uztailaren 3ari dagokionez, Frantziako Tourra behin igaroko da Oarsoaldetik, Bidasoalderako bidean. Kasu horretan, eta aurreko egunean bezala, erabiltzaileek E08, E09 eta E07 lineak erabili ahal izango dituzte San Pedro, Trintxerpe eta Donostia eta Ospitaleen artean GI-20 errepidetik. Aurreko eguneko egoera berean egoteaz gain, E05 linea eta E15 linea, Beraun ospitaleekin lotzen duena (Errenterian, Morrongilletan geralekua duena) eta igandeetan ez dabilena, astelehenean martxan egongo dira.

Halaber, astelehenean, E02 lineak aldaketak izango ditu, Oiartzun eta Donostiako erdigunea bitarteko ibilbidea GI-20 errepidetik egingo baitu Errenteriatik igaro gabe.  E04 lineak ere Oiartzun eta Donostiako Antiguako Europa plaza lotuko ditu, baina Errenteriatik igaro gabe. E01 lineari dagokionez, igandean bezala, bertan behera geratuko da.

Bestalde, E06 lineak lanean jarraituko du, baina Errenteriatik eta Pasai Antxotik igaro gabe, eta ibilbidea aldatu egingo da Altza, Garbera eta Astigarraga lotzeko.

Bidasoaldea

Bidasoako eskualdean, non Tourreko etapa Gaintxurizketa gainetik iritsiko den, zerbitzu guztiak mugatuta geratuko dira, eta ezingo da inolako konexiorik egin Lurraldebusen bidez.

Igandean bezala, astelehenean, uztailaren 3an, ez da Lurraldebusko zerbitzurik egongo Bidasoaldera, nahiz eta egongo diren zerbitzu batzuk Hondarribia eta Irun bitartean.  Horrela, E22 lineak Hondarribitik Bidasoako Ospitalera eta Txingudiko Merkataritza Zentrora eskainiko du zerbitzua. Gainera, E25 lineak Irun eta Hondarribia lotuko ditu eta Mendeluko biribilguneraino iritsiko da.

Debabarrena

Uztailaren 3an, astelehenean, Frantziako Tourra Ondarroatik sartuko da Gipuzkoan, eta Mutriku eta Debatik igaroko da. Udalerri horietan zerbitzua ematen duten lineak bertan behera geldituko dira; beraz, kasu honetan, lasterketak kostaldetik doazen lineei eragingo die. DB03 (Lekeitio–Donostia) eta DB05 (Mutriku–Zumaia) lineak bertan behera geratuko dira; eta DB04 eta DB06 lineek, berriz, zerbitzu mugatua eskainiko dute, kostaldera iristea ezinezkoa izango baita. Beraz, Mallabiatik abiatzen den DB04 linea, eta Soraluzetik abiatzen den DB06 linea Mendaroraino iritsiko dira.

Urola Kosta

Uztailaren 3an, astelehenean, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio Donostiarekin lotzen dituzten lineek ezin izango dute zerbitzurik eskaini. Hau da, UK09, UK10 eta UK11 lineak (Zumaia eta Donostia lotzen dituztenak) eta UK07 eta UK08 lineak bertan behera geldituko dira. UK06 lineak Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean emango du zerbitzua; UK03 lineak, berriz, ibilbidea aldatuko du, eta Zarautzen, suhiltzaileen biribilgunean geldituko da.

Donostia

Oro har, igandean zein astelehenean, Donostiako erreferentzia puntuak autobus geltokia eta Federico García Lorca pasealekuko geralekuak izango dira. Dena dela, linea batzuk, hala nola BU05 eta E04, Antiguako Europa plazaraino sartu ahal izango dira.

Ibilbide luzeko lineei dagokienez, Frantziako Tourrak ez die eragingo. Beraz, Donostiatik Bilbora, Loiura eta Gasteizera doazen ohiko zerbitzuek ez dute inolako aldaketarik izango.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!