Urak, lokatzak, giza-tragediak eta elkartasunak bat egin zuten orain 40 urte

Xabier Lasa 2023ko abu. 25a, 14:15

40 urte atzera joanda, 1983ko abuztuaren 26 eta 27an, euri-jasa eta uholde ikaragarriak jasan ziren Euskal Herrian. Mende eta erdian ezagutu den euri-erauntsirik handiena izan dela esan daiteke. Eskualdean, Villabona eta Andoain izan ziren herririk kaltetuenak. Hondamendiari tankera hartzen laguntzen digun argazki-sorta, ikusgai, Andoaingo eta Amasa-Villabonako Udal Artxiboen eskutik:

Azken mende eta erdian, handiena

Tolosan, Donostia Hiribideko industriagunean (N1ean goazela Villabonatik harantz, Tolosako sarreran, eskuinetan) dagoen tailer batean, bere horman hain zuzen, ipinita daude historian atzera izan diren hainbat uholdeen markak.

Bada, marka horiek erreferentzia fidagarritzat hartzen baditugu, argi dago 1983ko abuztuko uholdeak izan direla ikaragarrienak, 1953ko urriko, 1933ko ekaineko eta oroimen historikoak gogoan hartzen dituen gainerako daten gainetik.

Estimazioak estimazio, jakinekoa da 1983ko abuztuko euri jasak Nafarroan, Araban, Gipuzkoan eta Lapurdin ederki kolpatu bazuen ere, Bizkaia izan zela kaltetuena, izan ere herrialde hartan hazi-hazita ibili ziren ibaiek hainbat etxe, zubi, errepide, trenbide, auto… eraman baitzituzten aurretik.

Eta batez ere, egundoko giza tragedia: 34 pertsonen heriotza eta bost desagertu eragin zituen. Nerbioi ibaiak gainezka egin zuen 27an, eta milaka tona ur eta lokatzek Aste Nagusia ospatzen ari zen Bilbo txiki-txiki eginda utzi zuten. Gaur egun, alde zaharreko zenbait hormetan oraindik topa daiteke marka adierazten dutena hiru metroko altuera hartu zuela uholdeak.

Sasoi hartako prentsa-titularretan, giza-tragedia, hondamendia, kaosa, suntsiketa eta antzeko terminoen ondoan, elkartasunaren balioak ere bere tokia hartu zuen. Izan ere, herritarren boluntarismoak gain hartu zion halako fenomeno meteorologiko naturalari aurre egiteko larrialdi-plangintza ezari.

Zuzeneko kaltetuei gertutasuna eta elkartasuna erakutsi zieten hainbat herrikidek, eta agudo hartu zituzten palak eta behar ziren erremintak, etxeetan eta kale bazterretan pilatuta zeuden lokatzak eta zikinak kentzeko.

 

Laguntzak, kaltetuei

Dirutan, 200.000 milioi pezetako (1.200 milioi euro) galera kalkulatu zuten EAEn, 35.000 milioi Gipuzkoari zegokionez. Berez sasoi hartan herrialdeak bizi zuen krisi ekonomikoa areagotu baino ez zuen egin hondamenak. Espainiako Ministro kontseiluak Euskadi, Kantabria eta Burgos hondamendi-eremu izendatu zituen.

Horrela, EAEko ehun herri hartu zituen izendapen horrek, Tartean, Oria eta Leitzaran ibaien eraginez kaltetuak izan ziren Amasa-Villabona eta Andoain. Hurrengo hilabeteetan, seguru etxeak lanez gainezka ibitzeaz gain, kalteen gaineko balorazioak egin ziren herriz herri, eta zenbait diru-laguntza bideratu ziren administrazio publikotik.

Esate baterako, 1984/02/01ean Deia egunkarian Bixente Huizi kazetariak argitaratu zuenez, Madrilgo gobernuak Andoaingo Udalari jakinarazi zion herriko kaltetuei (22 familia) 3.203.173 pezeta (19.251,45 euro) bideratu zizkieten, laguntza gisa.

Zumea kalean, herritarrak ilaran, Maindiko iturrian ura hartzeko asmotan. Kale erdian, berriz, Oria ibaiak erabat hartu zuen Uranga tabernako mahaiak eta aulkiak ikus litezke (Argazkia: Bixente Huizi, Deia egunkaria).

 

Hausnarketarako bidea

Kalteak konpontze bidean jartzeaz gain, uholde ikaragarriek zenbait gogoeta kritiko eragin zituen gizartean. Besteak beste, auzitan jarri ziren larrialdi-protokoloak edo ibaien ertzetan azken hamarkadetan egindako asfaltatze eta hormigoiztatze lanak, izan ere ekimen urbanistiko horiek iragaitz bihurtu baitzuten lurzorua. Horrela, ura atxikitzeko ahalmena murriztu ez ezik, ur hori dena ibaibidetara abaila bizian bidaltzea eragin zuten hiri-plangintza horiek. Aldi berean, ezinbestekotzat jo ziren ibaiak dragatzeko edo zabaltzeko lanak.

Aurreikusmenei dagokienez, zehaztu behar da egun asko aurreatu dela teknologiaren arloan; beharbada 1983an egungo Euskalmet agentzia autonomikoa eta Aemet estatala izan balira, baliteke zetorren hondamena aurrez igarri ahal izango zela.

 

Villabonako irudi ikonikoa

1983ko uholdeek milaka argazki sortu zituen. Gertakizun haien gaineko kronikak egiterako orduan lagungarri gisa erabiltzen diren irudi grafikoen artean, bada bat gailendu dena hamarkadetan.

Hain zuzen, Villabonako Kale Nagusian, Angel Ruiz de Azua argazkilariak atera zuen argazki indartsua, eta estu eta larri ageri den Quique Balerdi gaztea protagonista bilakatu zuena.

Quique Balerdi, 1983ko uholdeetan, Villabonako Kale Nagusian (Argazkia: Amasa-Villabonako Udal Artxiboa)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!