Oldarraldi gogorrari mihia zorrotz erakutsi nahi dio euskalgintzak

Alba Cabrera Jauregi 2023ko aza. 3a, 07:24

Sindikatu nagusiek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin, euskaraz lan egiteko eskubidearen alde. 2023ko urriaren 18ko agerraldia. ©Kontseilua

Euskarak jasotako erasoei planto egin nahi die euskalgintzak. Azken boladan, epaitegietatik hizkuntza gutxituak jasotako sententziak ikusirik, manifestazioa izango da azaroaren 4an Bilbon, "Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat" lelopean

Mailuari kolpea emanda, azken hilabeteotan, euskararen aurkako sententzia-sorta luzea ateratzen ari da auzitegietatik. Atzoko kontua izan ez arren, nabarmenki areagotu dira hizkuntza gutxituaren kontrako epaitzak. Olatu-kezka eragin du horrek euskalgintzan eta, jendarteko askotariko sektoretatik erreparatuta, horren bueltan dabiltzan eragileen artean. 

Hala, testuinguru lohitsu horretan, euskararen normalizazioaren oldarraldiari planto egin nahi dio euskalgintzak. Hori dela eta, manifestazioa deitu du Bilbon, azaroaren 4an, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” lelopean. Arratsaldeko 17:00etan, Euskaldunatik aterako da aldarrikapen oihua.  Izan ere, euskaldunen hizkuntzaren kontra, horren sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, baita Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere, Nafarroan joera hori lehenagotik ere bazegoela ahaztu gabe. 

Besteak beste, urte hasieran, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak B2 euskara maila egiaztatu ez zuten udaltzainak onartzera behartu zuen Arkaute. Hiri beretik etorri zen, ondoren, Laudioko Udalari zuzendutako agindua: hizkuntza-eskakizuna betetzen ez zuelako botatako langilea berriro hartu behar izan zuen, Gasteziko Auzitegiak euskara “hizkuntza zailegia” dela argudiatuta. Protesta egin zuten Uliazpi Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakunde publikoko langileek martxo hasieran, EAEko Justizia Auzitegiak, oposizio batean, 34 langile publikori euskararen ezagutza eskatzea legez kanpokoa zela erabaki ondoren. Bada, hari horri tira egin, eta arrazoiketa berbera erabilita ebatzi zuen Bilboko Auzitegi batek ezin ziola hizkuntza derrigortasuna galdegin Erandioko Udalak udaltzain lanpostu bati. Irun, Lasarte-Oria, Ondarru… Doinu eta neurri bereko ebazpen-zerrenda zalapartasuak hautsak nabarmen harrotu ditu. Are gehiago, Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko ateak ere jo ditu auziak: azken horrek EAEko udal legearen 6.2 artikulua ezeztatu zuen uda hasieran, UEMAren kalterako nahiz herritarren eta ordezkari politikoen haserrerako. Zein da, baina, artikulu hori? Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onartutako artikulua da, eta babes juridikoa ematen dio udalaren euskarazko jarduerari. Ondorioz,  Euskalgintzaren Kontseiluaren esanetan, horren ezeztapenak hizkuntza-politikak gauzatzea galarazten die udalei, bai eta euskararen ofizialtasuna bera zalantzan jarri ere.

“Oldarraldi judiziala”

“Argi dago ez direla sententzia isolatuak”, adierazi du Kontseiluak, “baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat”. Testuinguru horretan, erasoaldi guztiek oinarri bateratua dutelakoan da eragileen bilgunea: herritarren hizkuntza-eskubideei muzin eginda, “eta, beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan”, gazteleraren nagusitasuna babestea. 

Zurrunbiloaren erdian, eta epaiek etenik ez dutenaren erakusle, udal legearen aurkako beste bi sententzia berri argitaratu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak urriaren erdialdean (ez dira irmoak, oraindik. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu dezake). Lehena, Vox alderdi ultraeskuindarrak ipinitako helegiteari erantzun gisa. Bigarrena, PP alderdi eskuindarrak jarritako errekurtso baten harira. Beste hainbaten artean, honako hauek baliogabetu zituen, Kontseiluak adieraz lez: telefono edota bozgorailu bidezko informazioa lehentasunez euskaraz eskaintzea; dokumentu publikoetan lehentasunez euskara erabiltzea; udalerri euskaldunetako udalek euskaraz funtzionatu ahal izatea; udalek euskara lehenestea barne funtzionamenduan, ekitaldi publikoetan kontratazioetan eta abar; udalek euskara zerbitzu- zein lan-hizkuntza orokor gisa erabiltzea, planifikatzea eta arautzea; euskaraz idatzi ahal izatea udalen deialdiak, akordio-proposamenak, akordioak, mozioak… Finean, epaiaren esanetan,  “desoreka linguistikoa” dakar euskara lehenesteak, eta bi hizkuntza ofizialen arteko erlazioa mantentze aldera baliogabetu ditu aipatu artikuluak.  

Hori dela eta, begirada zabaldu nahi izan du Kontseiluak, euskagintzaren bueltako eragileei ez ezik, hizkuntza-aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialaren aldeko taldeei nahiz norbanakoei ere hots egin die, azaroaren lehen asteburuan, Bilboko kaleak har ditzaten. Bide horretan, oldarraldiari erantzuna emateko prest agertu dira sindikatuak eta makina bat gizarte- nahiz kultura-eragile. 

Asmo sendoa

Sententziak sententzia, euskara lehenesten jarraitzeko asmo trinkoa erakutsi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hala, talde horren parte dira, tartean, Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu nahiz Zizurkil. Gertutik jarraitu dute egoera herri guztiek, izan ere, eragin-zuzena baitauka beren administrazio-jardunean eta, urtez luzez, ondutako lan-ildoan. Larritasunez hartu ditu UEMA-k epaitegietatik iritsitako sententziak, zailtasunak bestetik ez dakartzalakoan. Oztopo bikoitza  identifikatu dute: "Batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde-eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak". 

Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa, ezinbestekoa lege-orube sendoa. Horregatik guztiagatik, hitz laburrez, baina ideia argiz, honako mezu hau helarazi die legegintzan eskumena duten erakunde guztiei: elkarlana abiapuntu, bidea urratu nahi dute, "euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko". Bilboko kaleetara aterako dira udalerri euskaldunak  azaroaren 4an, eta Aiztondon ere jende andana abiatuko da Bizkaiko hiriburura, "euskararen aurkako oldarraldia eteteko". 

Indar-erakustaldia egingo dute euskararen aldeko eragileek, mahai gainean kolpea jo, hizkuntza  gutxituari arnasa eman. Finean, oldarrari gogorrari mihia zorrotz erakutsi nahi dio euskalgintzak eta hori bera egitera doa Bilbon larunbat honetan. 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 636 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!