Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Irunen hasiko da, martxoaren 14an; eta, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Baionan amaituko da, Lapurdiko hiriburuan. Han, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.
Harro Herri
AEK-k aurkezpen-ekitaldian gogorarazi bezala, «aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro KORRIKAn». Hala aitortu du Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta KORRIKA batzordeko kideak:«KORRIKAk herri-aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko KORRIKAko indar-erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan».
Halere, harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko azpimarratu du Balantzategik. Era berean, erakundeek euskararen normalizazioan duten «ardura garrantzitsua» ekarri du gogora: «Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte». Bien bitartean, orain arte bezala, KORRIKAk jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan.
Aurtengo omendua bada herritarren ahalegin horren adierazle bikaina, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea, hain zuzen ere, Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duena. Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzaile nagusiak adierazi legez, «gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun». KORRIKAk eskainiko dien omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgorailu izateko esperantza aipatu du Elordik.