Tipi-tapa, tipi-tapa, hemen da Euskal Herriari 23. itzulia, hemen da KORRIKA: datorren urteko martxoaren 14tik 24ra bitartean, zazpi probintzietan barrena murgilduko da euskararen aldeko lekukoa. Irundik hasi eta, hamaika eguneko ibilbidearen ostean, Baionan amaituko da lasterketa, “Harro Herri” lelopean. Azaroaren 16an, Donostiako San Telmo museoan egindako aurkezpen-ekitaldian xehetasun guztiak eman zituen AEK-k.
Euskaldunen komunitatea “herri bat” dela erakusten du, aldiro-aldiro, KORRIKAK, antolatzaileen esanetan, “oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa”. Bada, ideia horri tiraka ondu dute aurtengo leloa. Zergatik egin korrika, ordea? Zerk mugitzen ditu, aldiro-aldiro, euskaldunak kaleak hartzera? Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak du erantzuna: “Harro gaude, ez konforme, ordea. Nahitaezkoa da euskararen normalizaziora bidean, herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragitea”. Horretarako, norbanakoetatik harago, ardura horri kolektiboki eutsi behar zaielakoan da Balantzategi, admnistrazioek “baliabide gehiago” jarri behar dituztela nabarmentzearekin batera. Izan ere, haren esanetan, euskarak “herri aldarri alai eta finkoa” izaten jarraitu nahi du, oldarraldiak oldarraldi.
Euskararen gaineko ezagutzari eta erabilerari erreparatu zion lehendakariak aurkezpenean, horretan, berriro ere erakunde publikoek duten arduran sinetsita: “Inbertsioak areagotu behar dira, herritarren konpromisoari bide emateko”. Finean, haren ustez, hizkuntza-eskubideak bermatzeak, ezagutzaren unibertsalizazioak, transmisioak eta alfabetatze-trinkoak ekarriko dute herritar guztiak euskaraz “eroso” bizitzea: “Harrotasunez aldarrikatu nahi dut bagarela eta izango garela, inori baimenik eskatu gabe, epaiketa politikoen gainetik, hizkuntzak elkar ulertzeko sortu zirelako, komunitateak eraikitzeko”.
Hizkuntzaren hauspoa
Datorren urteko martxoan, hamaika egunez, lekukoari begira izango da Euskal Herria, baita tokiko komunikabideak ere. Azken horiek rol garrantzitsua betetzen dutenaren iritzi da Ane Elordi Albuquerque KORRIKAren koordinatzaile nagusia, “herri ekimenetik” sortutako proposamena baita lasterketa erraldoia: “KORRIKAren aterkipean egiten den guztia helarazteko bozgorailu ezin hobeak dira”.
Hitzordu berezia da euskaldun ororentzat KORRIKA; zer esanik ez AEKren bueltan biltzen diren kideentzat, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat. “Korrika urtea eta korrika ez urtea” bereizten duenik ere ba omen da. Antolaketak buruhausteak ekartzen baditu ere, gogoz hartzen den lana dela dio koordinatzaile nagusiak: “Gure sentitzen dugu eta boluntario nahiz bidelagun-sare handi bati esker gauzatzen dugu ekimena”. Kontzientziak pizteko baliagarria da, Elordiren iritziz, euskararen erakusleihorik esanguratsuena eta, besteak beste, hizkuntza gutxituak azken boladan jasotako oldarraldi judizialak agerian uzten du horrelako ekimenek, gaur egun ere, duten garrantzia: “Hauspoa da KORRIKA, haizea komunitatearentzat, Euskal Herriarentzat. Euskara erdigunean jartzeko aukera bat”.
Oztopoak oztopo, euskaraz
Ipar Euskal Herrira begira ipini da, oraingo honetan, AEK, “Azterketak Euskaraz” plataforma izango baita edizio honetako omendua. Gurasoak eta irakasleak bidelagun, gazteek osatutako kolektiboa da, eta, Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun. Hala pozik agertu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, AEKren bidea, “eguneroko borroka, zailtasunak eta militantzia” gertutik ezagutzen baitituzte: “Geu ere biziki harro gaude gure ikasleez. Ez da borroka bukatu, kolpe latza izan baitzen azterketak euskaraz egiteko eskubidea kentzea”. Mobilizazioei esker, brebeta euskaraz egin ahal izatea lortu dute; baxoa-rekin gauza bera gertatzea da aurrera begirako erronka: “Hizkuntza-eskubideez mintzo gara”, dio Jorajuriak “ukatzen dizkiguten eskubideen aurrean ari gara borrokan”. Horrela, lehendakariaren aburuz, beren ekimenari zabalkundea zein ikusgarritasuna emango die KORRIKAk: “Asko gara, euskaraz bizi nahi dugu eta gure borrokak elkarrekin eramaten ditugula erakutsiko dugu”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 638 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.