“Sentsibilizazio falta handia dago  Mugako Gaitasun Intelektualaren gainean”

Alba Cabrera Jauregi 2024ko urt. 3a, 08:41

Mugako Gaitasun Intelektuala duten pertsonekin lanean jarduten duen elkartea da Ortzadar. Bertako gizarte langilea da Leire Yeregi Elola.

Zertaz ari gara Mugako Gaitasun Intelektualaz mintzo garenean?

Munduko Osasun Erakundeak dioenez, bataz besteko, 85-115 puntuen artean kokatzen da jendartean adimen-kozientea. Hala, desgaitasun intelektualtzat jotzen da 70 puntutik beherakoa. Zer gertatzen da, hortaz, tartean direnekin? Hutsune horretan kokatzen dira Mugako Gaitasun Intelektuala duten pertsonak. Beren bizitza modu autonomoan garatzeko zailtasunak izaten dituzte. Ondorioz, beste pertsona baten laguntza behar izaten dute, beren zenbait premia asetzeko.

Zein alderdiri erreparatzen zaio diagnostikoa egiteko?

Gaur egun, Mugako Gaitasun Intelektuala ez da desgaitasun bat, baina aitortza hori jasota, soilik, eskuratzen dituzte haien bizitza autonomoa garatzerakoan topo egiten dituzten zailtasunei aurre egiteko baliabideak. Alabaina, ezin dute zuzenki eskuratu ziurtagiria, diagnostikoa egiteko azterketan, ez dutelako 70 puntu azpiko emaitza izaten. Hala, diagnostiko hori osatzeko, aipatutako azterketaz gain, beste txosten bat osatu behar izaten da, gizarte langileon eskutik. Honako arlo hauetatik, gutxienez, bitan zailtasunak dituztela azaleratu behar da txosten sozial horretan: harremanetan, modu autonomoan erabakiak hartzeko gaitasunean, etxeko jardunean, zainketa pertsonalean, diru-kudeaketan... Egunerokoan zeharkatzen gaituzten egoerei erreparatzen zaie, alegia. Hori bai, nahitaezkoa da 18 urte bete aurretik azaleratu izana premia horiek.

Aipatutako proba objektiboa psikologo batek egin behar du, bai ala bai. Bada, ez dago balorazio kliniko hori egiteko zerbitzu publikorik, beste arrazoi batengatik buru-osasuneko unitatean egon ezean eta osasun-langileak hori egiteko prestutasuna erakutsi ezean. Normalean, bide pribatutik jotzen du jendeak; konfiantzazko profesionala dugu guk, eta, gutxi gorabehera, 400 euroko kostua du bertan hiruzpalau saiotan egiten den azterketak. Gainera, pribatizazio horri erantzuteko dirulaguntza publikorik ere ez da existitzen, eta jende askok ezin dio kopuru horri bere gain hartu.

Adibide bat jartze aldera: ez badute ziurtagiria eskuratzen, ezin dute enplegu babestuan lan egin. Horrek zer esan nahi du? "Ohiko" lan batera joan beharko dutela eta ez direla testuinguru babestu batean egongo. Epe motzean, ziurrenik, bota egingo dute pertsona hori eta bere lan-bizitza guztia batetik bestera ibiliko da, frustrazio maila handiarekin eta autoestimua kolpatuta. Zailtasunak ez dituzte, soilik, lan munduan; esate baterako, ez dute tutoretzapeko pisu batean egoteko eskubiderik, ez eta bizitza independente bateko programan parte hartzeko edo Zereginen Ikaskuntzen Gelan (ZIG) egoteko eskubiderik ere. Oro har, laguntzak ukatu egiten zaizkie. Horrenbestez, bide bakarra desgaitasunaren aitortza lortzea da.

Aiztondo bailara ere bada zuen eragin-esparru.

Hala da. Andoainen, bi kide ditugu, hiruna Zizurkilen nahiz Amasa-Villabonan eta, Asteasun, bat. Nolanahi ere, munduko populazio osoa kontuan izanda, biztanleen % 1.5etik % 3ra da pertsona potentziala Mugako Gaitasun Intelektuala edukitzeko. Aiztondo bailarari buruz eman dizkizudan datuek ez dute errealitatea islatzen: oso kopuru murritza da, estatistika kontuan hartuta. Sentsibilizazio falta handia dago Mugako Gaitasun Intelektualaren gainean. Hezkuntzan, maiz, 70 puntu azpiko adimena identifikatu ohi da, baina ez mugakoa. Nahiz eta ikasle horrek zailtasunak dituela identifikatu eta haren gurasoei informazio hori helarazi, familiarentzat gogorra izan ohi da hori entzutea, etiketak medio. Ondorioz,  gurekin harremanetan jartzea ez da erraza izaten, guk kasu horren berri ez izatea eragiteraino. Hala, hezkuntzaz gaindiko arloetan sor daitezken laguntza-beharrak asetu gabe geratzen dira.

Nolako bilakaera izan du jendarteak Mugako Gaitasun Intelektualari begira?

Gipuzkoan, erakunde publikoen aldetik, lanketa handia egin da. Geroz eta ikusgarritasun handiagoa ari da lortzen gaia, baina, oraindik, aurrerapauso gehiago eman behar dira. Legea aldatu da, orain, gainera: lehen, legeak guztiz deuseztatzen zuen desgaitasun intelektuala duten pertsonek arlo juridikoan erabakiak hartzeko zuten gaitasuna. Aldaketarekin, desgaitasun intelektuala duten pertsonen erabakiak hartzeko gaitasunean autonomia osoa garatzea da helburua. Hori horrela, desgaitasun intelektuala duten pertsonek erabakitzen dute zein arlotan eta nork lagunduko dien,  eta laguntza horiek laguntza boluntarioak bihurtzen dira.

Horren aurrean, guk honako zerbitzu hauek bermatzen ditugu, tartean: informazio-, orientazio- eta balorazio-zerbitzua; laguntza, arreta eta jarraipen soziala; bizimodu independenterako laguntza; aisialdia eta opor-zerbitzuak; etxebizitza-zerbitzua; formakuntzak.

Zein bide ditu zuekin harremanetan jarri nahi duenak?

Zenbait bide ditu aukeran: sare sozialak ditugu, baita web orrialdea ere. Bestela, asociacion@asociacionortzadar.com helbide elektronikora idatzi daiteke edota 943 373 476 telefonora hots egin.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 639 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!