KORRIKA

Ikastetxeetara iritsi dira KORRIKAren unitate didaktikoak

Aiurri 2024ko urt. 23a, 12:17

KORRIKA ate joka den honetan, Euskal Herri osoko eskoletara ailegatu nahi du AEK-k, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Hala, aurreko edizioetan bezala, unitate didaktikoak sortu ditu, martxoaren 14tik 24ra igaroko den euskararen lasterketa erraldoiaren harira. Adinaren arabera sailkatu dituzte edukiak, Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarte, eta, jada, eskuragarri daude KORRIKAren webgunean. Berrikuntzak berrikuntza, ekimenak betiko xede berberak mantentzen dituela iragarri du AEK-k, Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitate didaktikoen egilearen hitzetan: “Euskararen aldeko jarrera zabaltzea, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea zein erabileran eragitea; eta, nola ez, KORRIKA ezagutaraztea”.

Gutxi gorabehera, bi asteko iraupena hartzen duen proposamena luzatu du AEK-k, eta ez, soilik, “Euskara” iragaskagaian lantzeko, beste hainbat arlotatik ere erreparatu dakiokelako eskaintzari, esate baterako, “Gorputz Hezkuntzan”. Mailaren araberako sailkapena egin dute, adin bakoitza hobekien egokitzen zaion jarduerara bideratzeko asmoz: Harro unitatea (3-6 urte bitartekoentzat), Herri unitatea (6-9 urte bitartekoentzat), Orro unitatea (9-12 urte bitartekoentzat), Korri unitatea (12-18 urte bitartekoak). Hala, lehen bi unitateak ikasgelako arbelean proiektatzeko pentsatuta daude. Azken biak, ordea, nork bere ordenagailu eramangarrian egiteko diseinatu dira.

Irakasleei begira

Ikasleei ez ezik, irakasleei ere zuzenduta daude unitate didaktioak. Hori horrela, unitate bakoitzari dagokion gida deskargatzeko aukera daukate, jarduerak gauzatu ahal izateko argibideekin. Petoa, lekukoa, ibilbidea, mezua… Aski ezagun bilakatu diren jokuez gain, berrikuntzak txertatu dituzte aurten. “Ispilu harrogarria” Goiatz Labandibarren ipuin batek emango die lotura ekintza horiei guztiei. Ipuineko protagonistak Nora eta Harri izeneko bi ume dira, eta, edizio honetako leloari erreferentzia eginda, hainbat gairen gainean hausnartzeko parada izango dute ikasleek: lotsari buruz hitz egitea, harro sentitzearen garrantzia... Lur Kortak egin du ipuinaren kontaketa. Bestalde, eskaintza zabaldu du AEK-k, euskarara zein euskal kulturara gerturatzeaz gain, KORRIKAren ia mende erdiko ibilbidea gertutik ezagutzeko, galdera-erantzunekin, musikarekin zein dantzekin:

  • Harro, herri, korri! esku-jolasa: Harri, orri, ar jolasean oinarrituta, Irundik Baionara doan ibilbidea osatu beharko dute ikasleek.
  • Artelana: edizio honetako logoaren atzeko irudiak euskararen eta euskal kulturaren inguruko erreferentzia ugari ditu. Ikasleek horiek identifikatu beharko dituzte, antzeko irudiak sortu eta horma-irudi handi bat eraiki.
  • Omenaldia: Iparraldeko Azterketak Euskaraz kolektiboari elkartasun gutunak bidaltzea proposatzen da. Ikasle nagusiagoei Korrikaren dokumentalaren inguruan zineforum bat antolatzea ere iradoki zaie.
  • Ozto(poz) lasterketa: Korrikak ibilbidean zehar gainditu behar izaten dituen oztopoei erreferentzia egiten die jarduerak, Gorputz Hezkuntzako saioetan oztopoz beteriko zirkuitu bat gauzatzeko.
  • Plazara dantzara!: Myrian Perezek edizio honetarako sortutako koreografia da.
  • Korrikahoot jolasak: Korrikaren historia hobeto ezagutzeko jarduerak, galde-erantzunen bidez.
  • Bingo musikatua: hainbat ediziotako kantak ezagutzeko ariketa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!