"Gure helburua Aiztondo bailarako aisialdi elkartea izatea da"

Irune Alfonso 2024ko ots. 1a, 10:31
Irribarretsu ageri da Iraola. Irrika Aisialdi Elkarteaz mintzo denean.

Ainhoa Iraola Irrika aisialdi elkarteko kidea da. 2022. urtean hasi ziren Aiztondo bailarako Aisialdi talde bat sortzeko ideiarekin buruan. 2024 urteari begira, gogotsu daude

2023. urtea nolakoa izan da zuentzat?

Berria izan da guretzat. Hutsetik hasi gara Irrika Aisialdi Elkartearekin eta ez genekien zer etorriko zen. Urtea planifikatzeko garaian, gauza asko hartu behar dira kontuan; begiraleak, haurrak, adina, azpiegiturak, diru-laguntzak... Ikasketa-prozesua izan da guretzat, laguntza eskatzea eta zalantzak argitzea. Komunitatearengana asko hurbildu gara urte honetan, gertuko pertsonek eta ezagunek asko lagundu digute. 

Aiztondo bailaran proiektua osatu ahal izateko galdetegi bat zabaldu genuen eta erantzuna oso ona izan zen. Alabaina, haurrek eskolaz kanpoko ekintza asko eta asko dituzte eta, aldi berean, aisia ere badute, orduan, denbora libre hori aurkitu behar izan dugu. Haurren beharrak eta begiraleen beharrak uztartzeko; puzzle moduko bat osatzera iritsi gara.

Hori guztia koordinatzea oso zaila izan da, baina, polita, aldi berean. 

Haurrekin zer nolako harremana izan duzue?

Begiraleen arteko harremana oso ederra izan da. Gainera, ikusgarria izan da beren garapen-prozesua, ikasten ari dira, beren burua formatzen, pixkanaka. Haurrekin konfiantza hartzen ari dira, haurrekin nola harremandu eta zein balio transmititu hausnartzen eta iniziatiba hartzen dute. 

Ezin dugu ekintza hutsalean pentsatu, beste taldeetatik horrek desberdintzen gaitu. Guk helburuak ditugu; aisi inklusiboa sortu nahi dugu eta hortik zer sortu genezakeen aztertzen dugu. Haurrek zer nahi duten askotan galdetu diogu gure buruari eta haurrak entzutea ezinbestekoa da. Haurren interesak zeintzuk diren jakitea beharrezkoa da, entzutea, ikastea, eta antolatzea funtsezkoa izan da gurean. 

Taldearen identitatea nahikoa markatu duzue. 

Gure identitatea ondo markatzen saiatu gara. Talde laikoa gara eta, pixkanaka, gure nortasuna sortu nahi izan dugu. Irritxu ere sortu dugu. Gaur egun oso ohikoa da talde batek bere maskota edukitzea. Taldeak ez dio maskota deitu nahi, Irritxu gure erreferentea izatea nahi dugu. Haurrek beregandik gertutasuna jasotzea nahi dugu. Hala ere, Irritxuk ez du garrantzi guztia hartu behar, alabaina, haurrekiko gertutasuna transmititzeko modu bat da. Irria da gure motorra, beti egongo dira egun txarrak, baina, irribarre bat ikusten duzunean gauzak aldatzen dira...

150 haur dituzue taldean, ez da gutxi. Ikasturte erdian ere haurrak apuntatu daitezke?

Oso erraza da. Irrikako telefonora dei eginez, posta bidez edo web gunearen bidez apuntatu daitezke. Guk segituan erantzuten dugu. Taldea irekia da eta edozein momentutan sartu zaitezke. 

Izen-emate nagusia irailean izaten da, guk seguruari partea eman behar diogulako. Ekintzak eta taldeak ere kopuruaren arabera antolatzen dira. Horregatik, gurasoei konpromiso maila bat eskatzen diegu: haurra ez badator, abisua pasa. Guk apuntatzen diren momentutik aintzakotzat hartzen baitugu haurra. Doakoa da taldea, ekintza bereziak eta asteburu pasak ordaintzen dira, soilik. 

Irrika asialdi elkartea Aiztondora begirako aisialdi talde bat da. Aniztasun hori nabarmena al da?

Lokalak eta ekintzak Amasa-Villabona edo Zizurkilen egiten ditugu. Gertutasun aldetik, asko zailtzen zaigu, Alkiza, Aduna, Asteasu eta Larraulera joatea. Haurrentzat zaila da, orduan, Villabonara, gurena hurbiltzea, horren jakitun gara. Horri buelta bat emateko, hausnartzen ari gara. Iaz, Adunara irteera egin genuen eta, aurten, horrelako ekintza gehiago egin nahiko genituzke. Herri horietara nola hurbildu pentsatu behar dugu, izan ere, 150 haur dira guztira asko da, baina, gure helburua Aiztondo bailarako aisialdi elkartea izatea da. 

Aldiz, harremanei dagokionez, aniztasun hori nabaria da. Harreman berriak sortu dira begiraleen artean eta talde motorreko kideen artean. Zenbait pertsonekin ez nintzen agurtuko talde honegatik ez balitz. Esaterako, talde motorrean adin desberdinetako jendea elkartu gara, horrela aberastasuna sortuz. Modu berean, guraso-taldearen garrantzia ere aipatzekoa da. Gurasoen nahiak zeintzuk diren jakitea oso interesgarria da, beraien ikuspegia gertutik ezagutzeko. 

Arrazoi desberdinak tarteko; ikastetxe desberdinak, bizileku desberdina, haurren artean ere egunerokotasunean ez dira elkarrekin harremantzen eta Irrikako talde berdinean egoteak beraien arteko harremana asko sendotzen du. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 641 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!