Euskarako ikasgaian, Alaitz Imaz irakasleak proposatu zien booktuber lehiaketarako piezak sortzea. “Urtero hartu izan dugu parte. Ikasleek euren lanak egiten dituzte eta, nahi dutenek lehiaketara aurkezten dituzte. Maialenen lana ikusi nuenean, berehala luzatu nion lehiaketara aurkezteko proposamena”.
‘Kale gorrian’ liburua izan da Maialen Esnalen lanaren oinarri: “Kaleko umeen inguruko istorioa jasotzen du liburuak. Arropa zaharrak jantzi, ilea nahastu…, kalean biziko banintz bezala mozorrotuta grabatu nuen nire burua. Lana amaituta, eskolan entregatu nuen, baina ez nuen lehiaketara aurkezteko asmorik. Irakasleak konbentzitu ninduen eta hobekuntza batzuk eginda, aurkeztu egin nuen”. Azaroa inguruan lana aurkeztuta, ez zuten beste berririk izan abendura arte. “Gabonetako oporren atarian institutura etorri ziren, saria ematera. Ezusteko polita izan zen. Kamera bat eman didate sari gisa, baita material osagarri gehiago ere. Elkarrerako 200 euroko bonoa ere jaso nuen”, gehitu du Maialenek.
Irakurzaletasuna
Irakurzaletasuna sustatzeko asmoz sortu zen Booktuber lehiaketa. “Liburua zeren ingurukoa den azaldu behar duzu bideoan, baina azalpen gehiegi eman gabe. Liburu hori irakurtzeko gogoa sortzea da helburua”, azaldu du Maialenek.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 641 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.