Gipuzkoako baserritarrek Aldundira eraman dituzte sektorearen eskakizunak, traktoreekin

aiurri 2024ko ots. 12a, 17:27

Ehun traktoretik gora gidatuz, Gipuzkoako makina bat baserritar, asko eta asko gazte, bildu dira Andoaingo Ubilluts industrigunean goizean goiz. 08:00ak aldera abiatu, eta Urbilen egonaldia egin ostean, eguardian heldu dira Donostiara, Foru Aldundiaren aurrera, klaxonen, motozerren eta zintzarrien hotsak lagun zituztelarik. Egin duten mobilizazioa, irudietan ikusgai:

Baserritarrak whatsapp bidez antolatu dira aurreko egunetan, ikusita ENBA eta EHNE sindikatuek Gipuzkoan azken egunetan ez dutela mobilizaziorik deitu.

Traktoreak errepidetara eramanda, hainbat lelo zabaldu dituzte, euren aldarrikapenak agerian utziz; hala nola, “Sos gazte baserritarrak!, “Baserria elikagai jatorria”, “Lehen sektorea itota!”, “gazteok ere baserritik bizi nahi dugu!”, “Purinaren planta Gipuzkoan bai edo bai!”, “Agro-ekologia da bide bakarra!”, “Ikuskapenak Aldundian, azoketan ez”, “Gure geroa denon geroa defenda dezagun!”, “Esne eta haragi sintetikorik ez”...

Joseba Pagadizabalek eta Amaia Segurolak egin dituzte bozemaileen lanak. Irakurri duten agirian, “gizartea osatzen duten” hainbat eragile hartu dituzte jomugan; alegia, kontsumitzaileak, supermerkatuak, udalak, nekazarien sindikatuak, Gipuzkoako Aldundia, Espainiako gobernua eta Europako Batasuna.

Oso eskakizun zehatzak zuzendu dizkiete. Kontsumitzaileei, saltoki handietan erosten dituzten jakiak nondik datozen begira dezaten eskatu die.

Saltoki handiei, bertako produktuen salmenta susta dezatela eta ekoizpen kostuen gainetik ordain dezatela.

Udalei, eskatu diete turismoa lehen sektorearen gainetik ez jartzeaz gain, arindu dezatela burokrazia.

Gipuzkoako Foru Aldundiari zera eskatu diote, batetik, baserritarren eskaerak “goiko karguen aurrean defendatzen” jarrai dezaten, eta bestetik, administrazioko tramiteetan lagun diezaieten.

Espainiako Gobernuari ekoizpen kostuen legea betearazi dezala eta aldaketa klimatikoaren zama guztia lehen sektorearen gain ez uzteko eskatu diote.

Eskakizunen atal luze bezain zehatz horrekin amaitzeko, Europako Batasunari, 2030 Agenda berraztertzeko eskatu diote. «Urrats bakoitzean gero eta gehiago itotzen gaituzte” salatu dute. Sindikatuei dagokienez, berriz, haserrea agerian utzi dute; baztertu eta gutxietsi izana salatu diete. Hain zuzen, ENBA eta EHNE sindikatuak adierazi dute errespetatzen dutela gaurko mobilizazioa, nahiz eta ez babestu. Bi sindikatuek gehitu dutenez, martxoaren 1etik aurrera ekingo diote mobilizazioen egutegi propioari.

 

Foru Aldundiko ordezkari politikoekin

Azkenik, Gipuzkoa plazan egindako ekitaldian, azkenik, Joseba Pagadizabal eta Amaia Segurola bozemaileak Aldundiaren ataria joan eta Eider Mendoza Ahaldun Nagusiarekin eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin elkartu dira, eta aurrez irakurri duten oharra eman diete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!