Baserritarren haserrearen ahots egun batez bihurtu ziren bi gazte

Aiurri 2024ko ots. 13a, 14:02

Hiruzpalau egunetan whatsapp bidez antolatu zuten traktoreen martxa makina bat baserritarrek. Andoaindik abiatu eta Donostian, Aldundiaren eraikin nagusiaren aurrean amaitu zuten ibilbidea. Atzean sindikatu edo egitura egonkorreko erakunderik ez daukan mugimenduak bultzatu zuen atzoko protesta, “Gipuzkoako Baserritarrak” deitura pean, eta bi gaztek hartu zuten guztien bozemaileen ardura: Joseba Pagadizabal Irizarrek eta Amaia Segurola Azkuek hain zuzen.

Ehundik gora gaztek baserriko traktoreak hartu eta klaxonen, motozerren eta zintzarrien hotsak, eta batik bat, hainbat lelo airatuz, baserrian lan eginez bizimodua atera nahi arren ezinezkoa zaiela aldarrikatu nahi izan zuten Andoaindik Donostiako Gipuzkoa plazarainoko ibilbidean (atzo gertatutakoaren gaineko erreportajea, argazkiekin eta bideoekin, hemen).

Nekazarien sindikatuetatik aparte mugitu ziren atzo. Izan ere, Gipuzkoako ENBA eta ENHE sindikatuek martxoaren 1erako iragarri dute mobilizazio sortaren hasiera, eta ezinegona eragin die erabaki horrek atzoko baserritarri, egunotan mugitu beharra zegoela uste dutelako. Horrexegatik antolatu zuten atzoko protesta-eguna beren kasa, bapatekotasunez.

Baserriko eguneroko zereginetara lotuta bizi dira atzo mugitu ziren baserritar gazteak. Eta baten batek hartu behar izan zuen guztien ahots izateko ardura komunikabideen aurrean. Bada, Pagadizabal eta Segurola izan ziren funtzio hori betetzera animatu zirenak.

Aiarra da lehena, eta artaldea dauka bertan. Nolanahi ere, artzaintzatik ezin bizi-eta taxi-gidari gisa aritzen da, egun. Berez, Andoainen sustraiak badituen 23 urteko gaztea da, Garro baserrian (Leizotz auzoa) jaio ziren bi korrikalari famatuen biloba eta semea baita, Patxi Irizarrena eta Maria Luisa Irizarrena hain zuzen.

Amaia Pagadizabal, berriz, azpeitiarra da. Elosiaga auzoan kokatzen den Etxe Txiki baserria da bere bizitokia, eta Elosiaga Idiazabal jatorri izendapena daukan gazta ekoizten duen familiako kidea da. Zenbait urtetan, Urnieta Andoaingo larretara ekarri izan du familiak artaldea, eta iaz, Aiurrik erreportajea egin zuen berarekin (hemen, erreportajea).

Gipuzkoa plazaraino traktorrekin heldu ziren baserritarrek agiri batean bildu zituzten, eta Pagadizabali eta Segurolari egokitu zitzaien Eider Mendoza Ahaldun Nagusiaren eta Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuko zuzendari Xabier Arrutiren esku uztea, Aldundiaren atarian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!