Junior mailako taldea, Danena eta Andoaingo txirrindularitza taldeen elkarlanari esker

Ainhoa Gil 2024ko ots. 23a, 10:26

Otsailaren 22an egin zuten Danena eta Andoaingo Txirrindularitza talden junior mailako taldeen aurkezpen ekitaldia. Ekitaldi goxoa izan zen Gurea aretoan egindakoa, Danena taldearen iragana, oraina eta etorkizuna islatu zituena.

Kimua dantza taldeko bi dantzarik eman zioten hasiera ekitaldiari. Egun handia zen atzokoa eta, jendez bete zen Gurea aretoa. Danena txirrindularitza elkarteko lehendakaria, Josu Sarasola izan zen lehena hitza hartzen: “Danena elkarteak lotura luze eta sendoa izan du txirrindularitzarekin, nahiz eta 19 urtean taldea desagertuta egon zen. Duela 7 urte Ander Altuna gerturatu zitzaigun txirrindularitzaren aldeko apustua egin eta taldea berreskuratzeko asmoa azalduz. Txirrindularitza eskola sortu zen une hartan. Eskerrak eman nahi dizkiot Anderri eta baita egindako lanagatik zoriondu ere. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet gurasoei, proiektu honetan sinesteagatik, Aiztondoko udalai, euren babesagatik; sorrerako momentuan alkate zirenei eta gaur egun direnei; eta baita babesten gaituzten enpresei, azaltzen duten konfiantzagatik eta diruz babesteagatik”.

Ander Altunak azaldu zuen nolakoa izan zen taldearen berpiztea: “Ezagutzen nauzuenok badakizue egoskorra naizela. Danena txirrindularitza eskola sortzeko asmoa niregan piztu zenean, ez nuen etsi lortu arte. Txirrindularitza probatzeko aukera eskaini nahi nien inguruko haur eta gazteei. Zazpi umerekin eman genion hasiera eskolari”.

Altunak azaldu zuenez, lanean gogor ari da taldea, eta 2024an, Andoaingo txirrindularitza taldearekin lankidetza lotzea lortu dute. Horri esker, junior mailako taldea izango da aurten martxan. Hamairu txirrindulari arituko dira maila horretan”. Txirrindularitzaren bidez gazteak heztea da taldearen helburu nagusia eta horixe ere azpimarratu zuen Altunak, behin eta berriz.

Danena taldean hasten den haurrak, beraz, afizionatu maila arterainoko ibilbide osoa etxean egiteko aukera izango du aurrerantzean.

Arrazoi askogatik izango da berezia 2024a Danenarentzat. Izan ere, aurten betetzen baitira 40 urte Danenak talde profesionala atera zuela. “Tourreko eta Espainiako itzulietako etapa garaipenak lortu ziren urte haietan. 1985an, bestalde, Emakumeen nazio mailako lehen taldea sortu zuen Danenak”.

Bi talde haietako ordezkariak izan ziren Gureako ekitaldian. Mathieu Hermann eta Jokin Mujikak euren ibilbidearen inguruko azalpenak eman zituzten. Gazteak animatu zituzten lanean jarraitzera eta txirrindularitzaren onurak ere azpimarratu zituzten.

Josune Gorostidi eta Txitxi Orbegozok, bestalde, emakumeen taldearen inguruan aritu ziren. Emakumeek kirolean egindako aurrerapausoak azpimarratu zituen Gorostidik, zentzu horretan lanean jarraitzeko premia aipatuz.

Aiztondoko udalen ordezkari gisa, eszenatokira igo ziren Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Xabat Oiartzabal eta Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo zinegotziak. Txirrindularitza goraipatu zuen Unzuek, eta bere poza adierazi bailaran junior mailako talde bat izateagatik. Ildo berean hitz egin zuten Oiartzabal eta Luengok ere, bide hori egin dutenei eskerrak eman eta zorionduz.

Ekitaldia borobiltzeko, Danena taldeko txirrindulari guztiak igo ziren eszenatokira. Behe mailako gaztetxoak izan ziren lehendabizikoak, junior edo jubenil mailakoak igo ziren amaieran, txalo artean eta ilusioz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!