Tolosalderako bigarren mailako osasun zentro berria eraiki nahi dela, uste du TOPAk

aiurri 2024ko mar. 2a, 10:53

TOPA plataformak (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) Osasun sailburuak Tolosalderako aurkeztu duen Plan Funtzionalaren gaineko iritzia eman zuen joan zen asteazkenean egin zuen prentsaurrekoan (28Kanalan-n, ikus liteke agerraldia). Garbi dauka “Sailak ez duela aintzat hartu Tolosaldeko herritarrek urtetan exijitutako eskaera bakar bat ere”.

TOPAko kideek adierazi zuten Plan Funtzionala aztertzeaz gain, kontuan hartu dituztela Sagardui sailburuak eta Quintas Diez sailburuordeak Tolosaldeko alkateekin edukitako bilera eta legebiltzarreko Osasun Batzordean otsailaren 7an adierazitakoak.

Alde horretatik, pozik egoteko arrazoirik ez dagoela ziurtatu zuten. “Arrazoirik ba ote dugu EAEko gainerako eskualdeetakoa bezalako arreta eskatzen jarraitzeko? Uste dugu borrokan jarraitu behar dugula eta manifestatu egin behar dugula joan den udaberrian egin genuen bezala, lortu arte”.

Lehenbiziko eta behin, Plan Funtzionalaren aurkezpenean Gotzone Sagardui Sailburuak esandakoak ekarri zituzten gogora TOPAko bozemaileek: “Sailburuak aurkezpenean esan bezala, Tolosan egiteko asmoa dutena ez da eskualdeko ospitale publiko bat, gainerako eskualdeetakoa bezalakoa (Bidasoa, Debagoiena, Zumarraga edo Mendaro), baizik eta erresoluzio handiko zentro bat (hau da, espezialitateetako anbulatorio moderno bat) OHEAK ere badituena”.

Hain zuzen, Plan Funtzionala zehatz-mehatz aztertu eta gero, zenbait ondorio garbi atera dituztela adierazi zuten, eta horietako batzuk azaldu zituzten agerraldian.

Hasteko, zentro berriak ez duela aurre ikusten zerbitzurik “ospitaleratzea behar duten kirurgia handiak egiteko, traumatologiako ebakuntza handiak egiteko (aldaka, belauna, besaburua...). edo ospitaleratze mediku akutuak aztertzeko. Ohe batzuk izango baditu ere, horiek izango dira paziente kroniko gaizkituentzako, epe ertaineko egonaldiak egiteko edo gaixondoan daudenentzako (Matia moduko bat)”.

Bigarrenik, ez dela plantako zerbitzu medikurik egongo. “Nahiz eta zentroak izango dituen larrialdietako zerbitzua eta espezialitate mediku batzuetarako kanpo kontsultak (kardiologia, pneumologia...), ez da plantako zerbitzu medikurik egongo. Horren esan nahi du, espezialistei dagokienez, plantilla funtzionalak heren bat gutxiago izango duela antzeko populazioa atenditzen duen Debagoieneko ospitaleak baino, eta azpiegiturak, beraz, askoz txikiagoak izango direla”.

 

Bigarren mailako zerbitzuko zentro berria

Bestalde, TOPAko kideek garbi daukate “zerbitzu dotazio horiekin eta plantilla funtzional murriztu horiekin” zentro berriak bigarrengo mailako kalitatea duten zerbitzuak eskainiko dietela Tolosaldeko herritarrei. “Gainera, sailburuarekin izandako bileraren ondoren alkateek adierazitakoaren arabera, zentro berria martxan jarri bitartean, 2029. urtea gutxienez, Asuncion klinikako arreta jasotzen jarraitu beharko dugu, inongo zuzenketarik egin gabe, adibidez, Donostia ospitalera joateko aukerarik gabe”.

Plan Funtzionalak beraien ustez dauzkan beste zenbait aspektu kritikagarriak zerrendatzen segita, zentro berriaren kokapena ere aipatu zuten Tolosako agerraldian. “Oso leku txikia da, trafiko handia dago zona horretan”.

Azkenik, salatu zuten informaziorik ez dela egon azken unera arte, “erakundeen parte hartzerik ez eta herritarrek parte hartzeko aukerarik ez, eta, ondorioz, inposatuko dute zentro bat zalantza handiak sortzen dituena kokapenaren eta ezaugarrien aldetik, ea egokia izango ote den Tolosaldeak osasun alorrean dituen arazoak konpontzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!