Europara begirada zabalduta, Maskotentzako elikagaien industria europarraren ahotsa erakundeak (FEDIAF) 2022an bildutako zenbakiek diote, maskoten artean, katuak direla nagusi. Eta, haien atzetik, hurrenez hurren, segika dituzte txakurrak, txoriak, ugaztun txikiak, arrainak eta narrastiak. Espainiako Estatuari erreparatuta, berriz, aldatu egiten da ordena nagusia, izan ere, txakurrak dira etxeko konpainiarako gehien hartzen diren animaliak. Hego Euskal Herrian ere, joera bera daukate datuek, Etxeko Animalien Identifikazio Erregistroa (RIAC) erakundearen ikerketa batek aditzera eman duenez. Hori ez ezik, txakurrak ere eremu publikoa gizakiekin gehien partekatzen duten maskotak omen dira, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan. Gainera, ikusi da, orokorrean, zenbat eta handiagoa izan biztanleria eremu batean, orduan eta handiagoa dela animalia horren kopurua.
Bide horretan, aurretik aipatutako lotura horri eutsi dio Etxeko Animalientzako Elikagaien Fabrikatzaileen Elkarte Nazionala erakundeak (ANFAAC), RIAC eta Estatistikako Institutu Nazionalarekin (EIN) elkarlanean, hain justu ere, parez pare ipini eta alderatu egin baitituzte ikerketa batean txakur-kopurua eta biztanleria. Argia da irakurketa: biztanleko txakur-kopuru txikiena duten erkidegoen artean kokatzen da EAE, Espainiako Estuaren mugetan oinarrituta, hots, 1,5 txakur daude, bataz beste, hamar biztanleko.
Zergatik izaten ditu txakurrak jendeak, eta batez ere, zertarako? RIAC-ek du erantzuna: 432.000 mila txakur daude erregistratuta Hego Euskal Herrian. Gipuzkoaren kasuan, guztien % 66k jabeari konpainia egiteko du maskota hori; ehiza-jarduerarako % 25,4k; zaintzarako %8,3k; eta, azkenik, “beste xede” batzuetarako (besteak beste, gida-txakurra, laguntza eta kirol-erabilera) % 0,3k.
Eskualdera etorrita
Behin testuinguruaren argazki orokorra eskuetan izanda, honatx tokian tokiko errealitatearen zertzelada esanguratsuenak. Andoaingo nahiz Urnietako zenbakien azterketan, bada lehen begi kolpean nabarmentzen den datua: hamabost urtetik beherako biztanleak baino txakur gehiago dago bi kasuetan, Eustatek eta EINek egindako datu-bilketaren arabera.
Urnietara jauzi eginda, erregistratutako 1.356 txakur daude herrian, 96 katu eta bestelako 6 maskota. Guztira, 2,2 txakur bizi dira 10 biztanleko: % 61 konpainiarako; %31 ehizarako; % 8,1 zaintzarako eta artzaintzarako; 0,1 bestelakoetarako. Hori horrela, Urnietako familien % 35,9k du txakurra. Hamabost urtetik beherako 780 lagun bizi dira herrian, hau da, 10 umeko 17,4 txakur daude Urnietan.
Zer gertatzen da Andoainen kasuan? Joera berbera dute datuek, nahiz eta emaitzak lausoagoak izan. 2.193 txakur daude herrian, 219 katu eta bestelako 2 maskota. Beste era batera esanda, 1,48 txakur bizi dira 10 biztanleko Andoainen: % 65 konpainiarako; % 29 ehizarako; % 5,5 zaintzarako eta artzaintzarako; 0,1 bestelakoetarako. Hala, herriko familien % 22,7k du txakurra. Hamabost urtetik beherako 2.150 lagun bizi dira Andoainen, hau da, 10 umeko 10,2 txakur daude herrian.
Geroz eta abegitsuagoak
Ardura dakar maskota bat izateak, elkarbizitza-unitatearen parte den momentutik, bere premiei eta nahiei arreta handia jarri behar izaten diotelako jabeek, animaliaren ongizatea bermatze aldera. Horrela, maskoten zainketara bideratutako guneak izaten dira herrietan. Eustat eta EINren ikerketa batek dioenez, albaitaritza-zerbitzua eskaintzen duten 1.458 establezimendu daude, orotara, Hego Euskal Herrian.
Halaber, 101 denda daude maskotentzako produktuetan espezializatuta, Eustat eta Googleko zenbakiei erreparatuz gero. Dena dela, eskaintza horri txikizkako merkataritzako beste zenbait establezimendu batu behar omen zaizkio (supermerkatuak, esaterako), maskotentzako produktuak dituztelako salgai (higienea, elikadura, jostailuak…).
Aisialdiaz ere mintzo beharra dago, maskoten osasunari buruz jardutean. Hari horri tiraka, EAEko turismo-erregistroan zein Booking-en sartuta, 346 hotel daude izena emanda Jaurlaritzako Turismo Sailean Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta horien % 28,61 Pet Friendly dira, maskotak onartzen baitituzte beren instalazioetan.
Datu-kazetaritza, lankidetzan
EITBk eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak sinatutako lankidetza-akordioaren emaitza da Saretzen. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin lantzea, BBCren 'Local News Partnership' ereduari jarraituz. Hain zuzen ere, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da xedea, biztanleriaren informazio beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazio esparruko komunikabideen arteko elkarlan eredu bat lantzeko.