EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorraren datu-basera jo du Aiurrik testuingurua ezagutzeko eta Andoaingo nahiz Urnietako hamar arraza populatuenak zeintzuk diren jakiteko.
Txakur ehiztariak
Ingeles setterra da, datuei erreparatuta, inolako zalantzarik gabe, txakur-arrazarik populatuena, bi herrietan. Ehiza-jardunarekin zuzenki harremantzen den txakurra da, beren usaimen zorrotzagatik eta harrapakinen miaketarako duten eraginkortasunagatik. Era berean, goiko postuetan kokatzen da ere jarduera berberarako erabili ohi den Spaniel bretaniarra. Hari horri tira eginez, bi herrietan, gehienbat, jendeak konpainiarako animalia gisa izan arren txakurra, ehizak ere pisu handia du: Andoainen, txakurren %29 erabiltzen da ehizarako eta, Urnietan, berriz, txakurren % 31.
Energi handiko maskotak
Bestalde, mendiz inguratutako ingurune malkartsuan kokatzen dira Urnieta eta Andoain. Hortaz, ez da kasualitatea bi kasuetan bizi diren artzain-txakurren kopuru handia: Border Collie delakoa, euskalduna, alemaniarra, belgikarra... Horietako asko mendiarekin estuki lotutako aisialdi-jardueretarako izan ohi dituzte jabeek, bai eta, kasu batzuetan, artzaintzarako ere.
Etxekoen aldeko hautua
Arraza autoktonoek ere indar handia dute bi herrien kasuan, Euskal artzain-txakurra kokatzen baita bi herrietako hamar txakur-arraza populatuenen artean. Era berean, ezin ukatu atzerriko jatorria duten arrazen arrakasta.
Tamaina txikikoen moldaerraztasuna
Tamaina handiko txakurrez gain, oso gustuko ditu jendeak tamaina txikiko txakurrak, izan ere, Yorkshire Terrier eta Bitxon Maltatarra bezalakoen presentziak iradokitzen du, nolabait, handia dela bizitoki txikietan (hala nola apartamentuak) ondo egokitzen diren txakurren eskaria.