Aitor Atxega (ahotsa eta gitarra) larrauldarra, Josu Lekuona (akordeoia) eta Aran Mujika (biolina) andoaindarrak eta Xabin Mujika (zeharkako-txirula) asteasuarra dira Aire Eire taldeko lau musikariak, eta Irlandan eta Euskal Herrian sustraia duten abesti klasikoak nahiz modernoak nahastea dute gogoko beren zuzeneko emanaldietan.
Irlandako musika ondarea, eta bertan, jendearen topaleku publiko diren pubetan-eta berez sortzen den musika-giro bizia eta parte-hartzailea dute gogoko, eta horrenbestez, amets baten antzekoa izan da Irlandan uztailaren amaieran egin duten egonaldia. Ibilbide luzea egina daukate lauek ere musikaren munduan, formato eta izaera anitzeko musika talde ugaritan hartu izan dute parte, eskarmentua nahikoa badaukate publikoari begirako zuzeneko emanaldietan, eta alde horretatik, egiazki, Irlandako bizipena berezi-berezia izan dela aitortu dute.
Laukoteak gehitu duenez, lau kontzertuetan musikarekin gozatu eta gozarazi egin dute, Irlandako musikariekin eta musika-zaleekin hartu eman estua egiteko aldartea eduki dute eta. Hori nahikoa ez, eta hainbat une partekatu ahal izan dituzte gaelikoaren aldeko kultur elkarteekin eta Irlanda batzearen aldeko gizarte eragileekin.
Emanaldietan, Euskal Herrian eta Irlandan aski ezagunak diren taldeen doinuak partekatu dituzte, esan bezala: Hiru Truku, Oskorri, Itoiz, Benito Lertxundi, The Pogues, Christy Moore, The Dubliners… Bi musika tradizioetan errotuak diren musikari eta musika talde ospetsuen doinuak uztartzearen formula zabaldu dute Irlandan, eta ezin hobea izan da publikoaren harrera.
Ipar Irlandan eta Errepublikako Irlandan
Lau saio egin ditu Aire Eirek denera, esan bezala: hiru Ipar Irlandan (Belfasten eta Derryn), eta bat Irlandako Errepublikan (Donegal konderriko herrixka batean).
Lehenbizi, Belfasten, zuzeneko folk musikaren arloan instituzioa den Maddens tabernan izan ziren. Emanaldian barrena, Belfasten gazteei begirako kantu lehiaketan lehen saria eskuratu berri duen Miadhachlughain NÌ Dhomhnaill abeslaria batu zitzaien. Bestalde, aipatzekoa ere bada entzuleen artean bazirela Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo herritarrak. Esan beharrik ez euskaldunentzat Irlandak zenbateko erakarmena daukan turismoa egiteko orduan.
Taldeak Belfast hirian bertan eman zuen bigarrengo saioa ere; GlÛr Na MÛna gizarte mugimendu indartsuak Belfasten eratu duen espazio askean, hain zuzen ere. Elkarte horrek kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren arloak lantzen ditu, gaelikoa gazteen artean sustatu nahirik. Bigarren emanaldi honetan ere bertako musikari batekin partekatu ahal izan zuten saioaren zati bat, Niam Nic IonnRachtaigh flauta jole bikainarekin, alegia.
Ipar Irlandan bigarren hiritzat hartzen den Derryn, Sandinos izeneko pubean egin zuen hirugarren saioa Aire Eire taldeak. Irlandako ez ezik, Irlandaz kanpoko folk eta pop-rock talde askorentzat ere erreferentzia-gunea da pub hori, eta alde horretatik, bezeroek kultura musikala aski garatuta daukatela esan daiteke. Bada, laukoteak adierazi du oso harrera polita egin zietela.
Azkenik, Donegal konderriko kostaldean kokatzen den Gortahork herriko Teac Bhillie pubean jo zuen taldeak. Berez, emanaldia Blathnaid O¥Doherty kantagile gaztearekin osatu zuten, eta helburu ongilea jarri zioten antolatzaileek; hots, oinarrizko botikak erosi eta Palestinara bidaltzeko diru-bilketa. Lau musikariek baieztatu dute erabat arrakastatsua gertatu zela hango saioa ere, bai sortu zen gau-giro bizi eta alaiagatik, bai lortu zen diru mordoagatik.
Mezua eta artea uztartuta, muraletan
1998an, Belfasten, Ostiral Santuko hitzarmena sinatu zuten Britainia Handiko eta Irlandako gobernuek eta Ipar Irlandako alderdi handienek; amaitutzat jo zen hamarkadetan hiru milatik gora hildako eragin zituen gatazka politikoaren adierazpen biolentoa, eta abian jarri zen gaurdaino iraun duen bake prozesua.
Indarkeriazko iragan horrek iraun zuen denboran zein geroztik ere, beti egon da presente aldarrikapena eta artea uztartzen dituen muralismoa. Irlandako Errepublika (26 konderri) eta Ipar Irlanda (sei konterri) batuarekin amesten duten errepublikanoak (edo katolikoek) zein Ipar Irlanda Britania Handiaren parte izaten segi nahi duten unionistak (edo protestanteek) dira horien egileak gehienetan. Nork bere biktimak, heroiak, eskakizun politikoak, mugarri historikoak… islatzen ditu horma-irudi erraldoi koloretsu horietan. Esate batera, arrunta da ikustea hamarkadetan legez kontrakotzat jo izan diren talde armatuetako (IRA, INLA, UDA, UFF...) kideak armak eskuetan dituztela.
Zentsura ofizialik gabeko jardun artistikoa da, eta aldian behin berritzen dute tematika, unean uneko testuinguruaren arabera. Horrela, egun, Palestinaren aldeko irudi ugari topa daitezke Falls Road auzo errepublikanoan, batik bat; eta aitzitik, Israelen aldekoak, Shankill Road auzo unionistan.
Lau milatik gora zenbatu litezke Belfast, Derry eta Ipar Irlandako gainerako herrietan, eta erreklamu turistiko bilakatu dira.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 654 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.