Etxe bizigarrien bila

Alba Cabrera Jauregi 2024ko aza. 9a, 07:50

Andoainen, Ama Kandida etorbidean, martxan dago etxebizitza berriak eraikitzeko lehen fasea, eta hurrengo bi faseak jarraian abiatuko dira.

Ahotan, bolo-bolo; albisteetan lerro-buru. Jendartea goitik behera zeharkatzen duen auzia da etxebizitzarena. Bada, azken boladan, bizimoduaren garestitze orokorrak galdera-ikur erraldoiak sortu ditu aferaren bueltan.

Zein da, gurean, horrenbesteko buruhauste dakartzan auziaren argazki orokorra? Badute zer esanik Tokikomek “Saretzen” egitasmorako bildutako zenbakiek. Euskal Autonomia Erkidegoan, joan den urtean, hamar familiatik zortzi jabetzako etxebizitza batean bizi ziren (% 81,2), Espainiako Estatuaren bataz besteko langaren gainetik (% 75,1). Bereziki nabarmena izan ez arren, beheranzko joera du datu horrek, azken hamarkadari begiratuz gero, izan ere, goranzko bilakaera hartu du alokairuan bizi diren herritarren ehunekoak. Buruntzaldean lur hartuta, oraindik ere begi bistakoa da jabetzan bizi diren bizilagunen kopurua, 2023ko datuetan geldialdia eginda: Andoainen, % 82,3 eta, Urnietan, % 84,9. Alokairuari dagokionez, berriz, biztanleriaren % 13,5 bizi zen errentan Andoainen, eta antzeko datua biltzen da, baita Urnietaren kasuan ere: % 12,3.

Makina bat su piztu du etxebizitzaren aferan alokairuen prezioen igoera azkarrak. Bizitza garestitzen den heinean geroz eta eskuraezinagoak baitira bizitoki (bizigarri) batean proiektu bat eraikitzeko aukera posibleak. Zenbakiei erreparatu besterik ez dago: Gipuzkoan, biztanleriaren % 20,4k soldataren erdia utzi zuen gutxienez alokairuaren errentan, 2022an. Alabaina, zergatik handitu da gehiago alokairuaren prezioa, KPIaren igoeraren aldean? 2016tik 2023ra % 25,4 igo da alokairuaren prezioa Gipuzkoan. Aldiz, KPIak % 19,3ko igoera izan du.

Era berean, hiriburuetatik zenbat eta gertuago egon, orduan eta handiagoa da alokairuan bizi diren familien kuota. 2016-2023 denbora-tartean, Buruntzaldeko herrien artean, Astigarragak izan du, alokairu-errentan, bataz bestekorik handiena, Gipuzkoako langaren gainetik: 2016an,  698,1 eta, 2023an, 878,9. Iazko datuei begirada botata, atzetik jarraika ditu, honako hurrenkera honetan, gainerako herriak: Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta, Hernani eta Andoain.

Herri guztiek dute goranzko joera argia. Nolanahi ere, iragan hurbileko bilakaerari erreparatuta, Urnieta gailentzen da kasu guztien artean: 2022an, 713,9-koa zen herrian alokairuaren bataz besteko errenta. Urtebete beranduago, berriz, 778,3-koa. Bide beretik, Andoain da eskualde osoan hazkunde apalena eduki duen herria. Eta, bilakaerari erreparatuta, ez dirudi kontrako joera hartuko duenik: 2022an, 675,6 bataz beste; 2023an, 697,9.

Berriro apurtuko al da burbuila?

2007. urtea zein baino zein azpimarratuagoa dago etxebizitzen salerosketaren problematikan, izan ere, goia jo ondoren, eztanda egin zuen higiezinen burbuilak sasoi hartan: 35.000 etxebizitza salerosketa baino gehiago izan ziren Hego Euskal Herrian. Dena dela, arnas estuka dabil harrezkero merkatua, etxebizitzen biderkatze masiboak utzitako ajeari ezin ihes eginda. Horren adibide, ondorengo sei urteetan salerosketak izandako beheranzko joera nabarmena: 2013an, 15.000 etxebizitza salerosketa baino gutxiago izan ziren Hego Euskal Herrian. %100-eko langa 2007an jarrita, %  60ko jaitsiera izan zuen salerosketak, EAEn, 2013. urtera bitartean. Ondoren, gorabeherak gorabehera, hamar urteren buruan, ia hasierako zenbakietara itzultzeko joera hartu zuen. Nolanahi ere, amaiera eman zitzaion 2023an, hain justu, “hobekuntza mailakatuaren” hamarkadari, urte horretan berriro ere beherakada antzeman zelako 2022arekin alderatuta. Horrenbestez, aurreko higiezinen krisian sortutako eskaintza “agortuta” dagoela ulertuta, ba al da eskaintza nahikorik egungo beharretarako?

Poltsikoa zulatzeko moduan

Salmentaren eta erosketaren arteko joan-etorrian, zein motatako etxebizitza erosi ohi da? Ia hamarkada oso baten errepasoa egiten dute zenbakiek. 2007ra bitarte, kasik proportzio berean saltzen ziren etxebizitza berriak eta bigarren eskukoak Gipuzkoan. Alabaina, 2013 urtera bitarteko denbora-tartean, agerikoak dira eraikuntza-krisiaren zantzuak, sektorea geldiarazi baitzuen eta unean bertan merkatuan eskuragarri zegoena hasi baitzen xurgatzen. Harrezkero, gaurdaino, areagotu egin dira bigarren eskuko etxebizitzen salerosketak: 2023an, erosketen % 79,3 hartu zuten bigarren eskuko etxebizitzek.

Zein da Babes Ofizialeko Etxeen egoera? 2023an, saldutako etxebizitzen % 5 baino gutxiago izan ziren etxebizitza babestuak Hego Euskal Herrian. Izan ere, apenas ez da eraiki BOErik azken hamarkadan. Gipuzkoan eta amaitutako etxebizitzetan arreta ipinita, handiagoa da, aurten, BOE publikoaren promozioa, 2014arekin alderatuta, EAEko gainerako probintzietan ez bezala. Dena dela, denbora tarte horretan, oso aldakorra izan da sustapen publiko-pribatu arteko aldea. Adibidez, 2017an zein 2020an bide pribatutik jota egin ziren, ehuneko ehunean, Babes Ofizialeko Etxeak, baina azken urteetan gorakada izan du sustapen publikoak, 2023an nahiz 2024an honako portzentaje hauek lortzeraino: % 61,54 eta % 68, 22, hurrenez hurren. Esanak esan, begirada Euskal Autonomia Erkidegora zabalduz gero, agerikoa da sustapen pribatuko Babes Ofizialeko Etxebizitzen eraikuntzak duen egonkortasuna, publikoaren aldean.

Hipotekak, gorantz

Ezin aipatu gabe utzi, etxebizitzen salerosketaren auzian, herritarren poltsikoan zuzenki eragiten duen kontua: hipoteka. 2007aren bueltako krisia lagungarria da termometroaren tenperatura behar bezala neurtzeko. Bada, urteen poderioz, suspertu egin da hipoteken batez besteko zenbatekoa, eta, Gipuzkoaren kasuan, gainditu egin du higiezinen krisiko datuen langa: 2007an, 173.442 eurokoa zen batez besteko hipoteka; 2023an, berriz, 176.044 eurokoa. Zenbaki horien ageriko gorakada estuki lotuta dago etxebizitzen prezioarekin. EAEn, 2.957/m2 izan zen, 2023an, batez beste, salerosi diren etxebizitzen prezioa. Espainiako Estatuarekin alderatuta, % 63 handiagoa da zenbakia. Donostialdea (4.119/m2) eta Urola Kosta (3.824/m2) nabarmentzen dira Gipuzkoan. Ondorioz, agerikoa da hiriguneetan zein inguruetan eraikitzen direla m2 garestienak.

Mende erdiko teilak

Ia-ia, mende erdiko antzinatasuna dute, batez beste, etxebizitzek Gipuzkoan (49,1 urte). Eta beste txoko batzuekin batera, Donostialdeak du etxebizitza-parke gazteenetarikoa inguruan (50,8 urte). Hori horrela, bai Urnieta eta bai Andoain langa horren azpitik kokatzen dira, txikiagoa baita, batez beste, bi herrietako etxebizitzen adina: Urnietan, 38 urtekoa zen joan den urtean antzinatasuna eta horietako % 61,5ak zuen igogailua;  Andoainen, 46 urtekoa zen antzinatasuna eta % 67ak zuen igogailua.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!