Tolosako Hiltegiaren zerbitzuaren bahiketa prozesua abiatzea erabaki du Mankomunitateak

aiurri 2025ko ots. 27a, 08:05

Mankomunitateak asteartean egin zuen ezohiko batzarrean, hiltegiaren zerbitzu publikoa bermatzea eta martxan jarrai dezan erabaki zuen. Horretarako, Mankomunitateak interbentore bat izendatuko du zerbitzua kudeatu dezan, eta enpresa kudeatzailearen baliabide guztiak zuzenean interbenituko ditu, “zerbitzua eskaini ahal izateko”.

45 herrien ordezkariak biltzen dituen Tolosako Hiltegia Mankomunitateak, atzera begira jarrita, zehaztu du urtarrilaren 31n, Incarosa enpresa emakidadun kudeatzaileari errekerimendua egin ziola “bere betebeharrak, kontratukoak zein arlo laboralekoak, bete zitzan, eta, era berean, beharrezko neurriak har zitzan zerbitzua behar bezala emateko”.

Mankomunitateak gehitu du ez zaiela erantzunik eman betebehar horiei, eta horrexegatik, “egoera larri” horri irtenbide bat emateko, ezohiko batzarra antolatu zuela asteartean.

Ezohiko bilera horretan, Mankomunitateak aho batez erabaki zuen “Tolosako hiltegiaren zerbitzuaren bahiketa prozesua abiatzea”. Erabaki horren helburu nagusia honakoa izanik: “zerbitzu publiko hau bermatzea, martxan jarrai dezan modu erregularrean, langileen soldatak ordaindu eta erabiltzaile guztiek zerbitzua jaso dezaten”.

Era horretan, Mankomunitateak interbentore bat izendatuko du zerbitzua kudeatu dezan. “Enpresa kudeatzailearen baliabide guztiak (baliabide materialak, ekonomikoak eta langileak) zuzenean interbenituak izango dira zerbitzua eskaini ahal izateko”.

 

Langileak greba mugagabean

Hiltegiak Ormaiztegi eta Andoain artean dauden herrietako 75 harakini eta 400 abeltzaini baino gehiagori ematen die zerbitzua.

Hiltegiko 11 langileek greba mugagaberari ekin zioten joan den astelehenean, azken bi hilabeteetan soldatarik ez dutela jaso eta. Lan gatazkaren gaineko informazio gehiago, hemen.

 

Grebari eustea erabaki dute gaur

Mankomunitateak hartutako erabakiarekin “soldatak kobratzeko berme nahikorik ikusten” ez dutenez, greba mugagabeari eusten diotela adierazi du ELA sindikatuak. Sindikatuak jakinarazi duenez, atzo, asteazkenarekin, langileek Mankomunitatearekin bilera egin zuten, eta bertan, “Mankomunitateak hiltegiarekin dituen asmoak” jakinarazi zizkien.

Gaur, goizean, langileek batzarra egin dute, eta onartu dutenez, “aurrerapen positiboak" izan dira. Nolanahi ere, Mankomunitateak egindako proposamena ez da nahikoa langileen ustez, “ez baititu inolaz ere bermatzen soldatak noiz eta nola kobratuko diren”. Horrenbestez, greba eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki dutela langileek, jakinarazi du ELAk.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!