[IRITZIA]

Tolosako hiltegia: aspalditik datorren estrategia politiko baten azken ondorioa

Eneko Egibar 2025ko ots. 28a, 09:42

2007-2012 epean Durangoko hiltegiko kudeatzailea izan zen Eneko Egibar Artola albaitari eta politologo andoaindarrak, honako iritzi artikulua idatzi du, Tolosako hiltegian egunotan piztu den gatazka hizpide izanda. “Kudeaketa eta langileak kobratu gabe edukitzea, larria da. Baina, momentuko larritasunak ez dezala ezkutatu Euskal Herrian okelaren azpisektorean gertatu dena”, dio, besteak beste.

1991eko urtea izango zen Tolosako hiltegian lehendabiziko aldiz nire oinak ipini nituenean. Jose Miguel Ariznabarreta albaitaria, Juan Simonet kudeatzailea, Alkiza ganadu-hiltzailea, Joxe enkargatua eta beste hainbat, orduan ezagutu nituen. Orduz geroztik ordu eta urte asko pasa nituen Tolosako hiltegiko kamara hozkailuetan abelgorrien kanalen sailkapenen lanetan.

Gerora, niri bizitzaren historiak ERRALDE hiltegian (Durangon) ipini zidan buru. ERRALDE hiltegia ez zen Tolosako hiltegia baino askoz handiagoa. Biak antzerako hiltegiak ziren, garai batean eskualdeko hiltegi moduan ezagutzen zidan formatuarekin eraikitakoak.

2005eko udan, itxi egin zuten Durangoko eskualdeko hiltegia, eta 2007ean, Durangaldeko 13 udal txikik hura berreraiki, eta ni jarri ninduten ilusio hura gidatzen. Ordurako, “sistemak eta “medioek” haizagailua ipinia zuten, eta zabaldua zuten Durangoko eskualdean hiltegia ez zela errentagarria, osasun arloan ez zituela legeak betetzen, hau da, desastre bat zela eta erokeria izango zela hura berreraikitzea…

2011ko abenduan, ERRALDE hiltegiaren itxieraren kontrako manifestazioa. Elikadura burujabetzaren aldeko pankarta langileek eman zuten

ERRALDE hiltegia 2007ko otsailaren 12an berreraiki zen. Goizeko 06:00etako hiltegian nengoen, hiltegiko ateak ireki nituen eta begiak itxi nituen. 18 hilabete itxirik egona zen hiltegia, beraz, baserritarrek eta harakinek abelgorrien eta bildotsak sakrifikatzeko beste bideak ordurako ikasiak zituzten. Lakuako politikariek astebete ez genuela iraungo apustua egina zeukaten ere, eta presioa itzela genuen. Neure gainean zegoen presioa batez ere, proiektuaren gerentea bainintzen. Gainera, irekitzeko eguna iritsi baino lehenago faenatu (aziendak jateko hil eta prestatu) tradizionalean hiltzea derrigorrezkoa izango zela adierazi genuen. Izan ere, kalitatearena zen gure apustua, eta ondorioz, baserritarrari eta artzainari prezio duina ordaintzean argudiatzen genuen ERRALDEren zergatia. Eta, horretarako lehen egunetik argi geneukan elikadura burujabetzaren ildoan pausoak eman behar genituela. Nahiz eta faenatu tradizionalaren derrigortasuna merkatuan “agintzen” duten horien kontra zihoan erabakia izan. Eta kontziente ginen, hori, arrisku erantsia zela.

Begiak ireki eta Jesus Lejarazu garraiolaria sartu zen lehenik hiltegiko ukuiluetara; behia eta txahala ekarri zituen. Era horretan, 2007ko otsailaren 12ko egun hartan, 30 abelgorri hil genituen, eta orduan hasi zen borroka baten istorioa. Dena esatera, borroka hura, Oñatiko, Laudioko eta Tolosako hiltegien eraikinena ere bazen. Urte haietan, elkarlana bultzatu genuen Tolosa, Laudio, Oñati eta ERRALDEren artean, hiltegien eraikinen existentzia berak batzen baitzigun.

Nolanahi ere, merkatuan agintzen zutenek, eta dutenek, ez zuten nahi Euskal Herrian okelaren azpisektorean, beraienak ez ziren mezuekin eta eraikinekin jardungo zuen beste inor.

Eraikinen publikotasuna arazoa zen “sistemarentzat”, dena, teorian behintzat, sektoretik edo jaiotako kooperatiba “pribatuekin” kudeatua behar baitzuten. Baina, nire iritzian, helburua, ez zen sektoretik jaiotako kooperatibak sortzearena. Helburua ez zen inoiz izan baserritarrak ordezkatuko zituen eta merkatuan libreki eta bere ahotsarekin arituko ziren kooperatibak bultzatu eta babestearena. Egiazki, helburua, sistemari, distribuzio handiari eta MEZU ofiziala onartuko zituen erremintak sortzearena izan zen. Hots, politikatik, urtero, proiektu batzuk diru laguntzez milioika euroz hornituko ziren eredu jakin bat merkatuan babestea. Nahiz eta eredu horiek inoiz ez izan ekonomikoki errentagarriak, nahiz eta Euskal Herriko lehen sektoreko merkatuan babesteko baliagarriak ez izan (ez zirelako sortuak izan bertoko ekoizleak eta baserritarrak merkatuan babesteko).

Eredu jakin bat merkatuan babesteko erreminta ofiziala moduko bat sortzea zen xedea, azken batean. Guzti honen ondorioz, adibidez, aste hauetan abelgorrien eskaintza murriztu eta eskaria mantendu den honetan, “teorian” baserritarren kooperatiben menpe dauden hiltegiak ezin diote baserritarrei prezio duin hori ordaindu. Zergatik ote da? Nola da posible hori?

Edo, hiltegi horiek ez dira inoiz baserritarren mesedetan aritu, edo, bertoko baserritarren alde lanean aritzeko marketina inoiz errentagarria izango ez den eredu bat babesteko eta beste batzuk negozioa egiteko erabili izan da. Agian, hauxe da guztiaren gakoa Euskal Herrian eskualdeko hiltegiek azken hamarkadetan izan duten presioa ulertzeko. Agian, ez ote da izango soluzioen eragiketen erdian harakina ez baizik eta distribuzio handia ipintzen denean gertatzen direla horrelakoak?

Gure kasuan, ERRALDE ez zen, soilik, hiltegia. Guk harakinekin lankidetza sortu genuen, baita artzainekin, baserritarrekin, bertoko produktuekin lanean zebiltzan jatetxeekin, Athletic futbol taldearekin… ERRALDE ez zen, soilik, hiltegia. Merkatuan bertoko ekoizlearen babesean eta mesedetan aritzeko premiazko hasierako erreminta zen. Elikadura burujabetza helburu zuen erreminta zen, eta horretarako, gure MEZUA landu eta merkatuan muskulua ateratzen hasi ginen.

Bizkaiko bildotsaren aldeko jaia, Erralde hiltegiak lehen sektoreko eragileekin elkarlanean antolatu zuenean

Urtetik urtera gorantz gindoazen sakrifikazioetan, eta batez ere, komertzializazioan. 2011ean, 10.000 abelgorri eta 6000 bildots sakrifikatu eta komertzializatu genituen. Abelgorriak %95 Bizkaikoak eta bildots guztiak Bizkaikoak. Eta, prezio duinak ordainduta eta inongo diru laguntzarik jaso gabe bideragarria egin genuen ideia hura. Aldi berean, gure mezua gizarteratzerakoan hiritarrekin egin genuen topo eta “borroka” hura irabazten hasiak ginen.

Laudioko hiltegiaren itxieraren kontrako manifestazioa. 2021ean itxi zuten

Oñatiko hiltegiaren itxieraren kontrako konzentrazioa 2004an. Azkenean ez zuten itxi

ERRALDE hiltegiaren itxiaren ikusi nituenak aipatzea ez da gogoeta honen helburu (orri asko beharko bainituzke). Bai, ordea, adieraztea orduan ere Tolosako hiltegiaren bueltan, eraikina zaharkitua egoteagatik, osasun sailetik…haizagailu handi bat ipinia zegoela, bere kontra aritzen zena. Neu, orduko kudeatzailearekin behin baino gehiagotan izan nintzen Tolosako alkate desberdinekin, Tolosako hiltegiaren beharra edo premia babestu nahian. Merkatuan bertoko produkzioa babesteko zirkuitu motz hori mantentzea derrigorrezkoa zelako eta gaur egun delako ere. Okelaren azpisektorean zeozer errentagarria izatekotan zirkuitu motza hori izango delako etorkizunean ere. Zirkuitu motzean apenas baitagoen bitartekaritzarik, eta dena arinagoa doalako ekonomian. Eta, merkatuan aritzeko arintasuna (ertaina izatea eta ez handia), garrantzitsua baita.

2011ko abendua, Durango hiltegiaren itxieraren kontrako manifestazioa

Guzti honen ondorioz, hauxe da daukaguna. Tolosako hiltegiko langileak kobratu gabe, bai, oso larria. Eta kudeatzen duen enpresa zorretan, larria hori ere. Baina, adibidez, Tolosan egiten den HARAGI moduko showek zenbat diru publiko jasotzen dute? Eta, urtero jardunaldi horren aurrekontua hiltegiak dituen zorrak baino diru kantitate gehiago bada? Edo, zenbat Tolosako hiltegi berri eraiki ote daitezke Brasilgo kapitalarekin eta diru publikoaz gainezka Donostian eraikitzen ari diren hanburger sintetikoen proiektuaren ordez beste moduko politiken apustua egingo balitz Euskal Herrian? Are gehiago, jakinda modu horretako proiektuek Europako Estatu askotan debekua gainean dutela eta Estatu Batuetan martxan ipini direnean porrot itzela izan eragin dutela.

Baina, horretaz ez da inor mintzo…

Zer da beharrezkoagoa lehen sektorearentzat, hiltegia, edo, marketin- okelaren HARAGI moduko espektakulu hori? Kontua da, zertarako dagoen eta den politika. Kontua da, zergatik ote ziren hiltegiak, merkatuak… denak publikoak orain hamarkada batzuk arte? Errentagarriak ez omen diren “erreminta” horiek zergatik pribatizatzen ote dira? Baina, posiblea ote da hori, errentagarria ez izan eta pribatizatu, alegia? Ziur hiltegiak ez direla errentagarriak? Zergatik hiltegiek Euskal Herrian, soilik, hil behar dute eta ezin dute mezu publikotik lehen sektorearen eta zirkuitu motzaren mesedetan komertzializatu? Zergatik ezin dira “sistematik” aparte mezuak, markak bultzatu? Adibidez, elikadura burujabetzaren mezua? Politikak zergatik utzi nahi du elikagaien kudeaketa esku pribatuetan? Jatorrian eta erromatarren garaitik elikagaien kudeaketaren zementazioa betidanik publikoa izan denean.

Adibidez, orain aste batzuk aurkeztu da Gasteizen udalaren proiektu bat, zeinak Salamancako zenbait behi (zazpì behi) dituen oinarri, gasteiztarrei agroekologian oinarritutako okela eskaintzeko helburuarekin… Eta hori, Araban ez dagoenean hiltegirik, ez dagoenean Arabako lehen sektorea (abeltzaintza, esnea…) Vitoria-Gasteiz hiriburuarekin lotzuko duen erremintarik, ez lehen sektorearekin sinergiarik, ez merkatuarekin konplizitaterik... Non sakrifikatu behar dituzte abelgorriak? Non komertzializatu behar dituzte? Nola?

Badirudi, hori horixe dela lehentasuna Vitoria-Gasteiz hiriburuko politikarientzat. Eta Europatik, hemendik eta handik, hiru milioiez finantzatutako proiektuaz ari gara mintzatzen. Publikoa den-dena. Eta alderaketak egiten hasita, zenbatekoa da Tolosako hiltegiaren zorra?

Hala jokatzea oso txatxipirulia gure Euskal Herrian. Tolosan Haragi showa edukitzea eta hiltegirik ez edukitzea izango litzatekeen moduan.

Eta, azkenengo galdera, nork esan du Tolosako hiltegia MEZU berri batekin, bere zatitze gelarekin eta gizarteko hainbat eragileekin (baserritarrekin, artzainekin harakinekin, jatetxeekin, ikastetxeekin, sagardotegiekin, ospitaleekin, kirolariekin…) elkarlana bultzatuaz, ez dela errentagarria? Eta, nork debekatu dezake merkatuan beste mezu batekin aritzea? Sistemak, edo, akaso, politikak?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!