Herritarren izena emateko epea ireki dela iragartzeko antolatu dute ekitaldia Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, eta bertan bildu dira dozenaka lagun, herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak, besteak beste. Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, berriz, oholtza gainean egon dira: Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta kultura eta hizkuntza politikako sailburua; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetzako, kanpo ekintzako eta euskarako kontseilaria; Irati Iciar, Taupako lehendakaria; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaile orokorra.
Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten ariketa masiboa, eta jakina denez, txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagun.
Euskaraldian izena ematearen garrantzia
Denek ala denek azpimarratu dute Euskaraldiak euskararen erabilerari egiten dion ekarpena, izan ere, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak aipatu bezala, “beti aipatu dugu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa. Euskaraldiak, beraz, txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…”, eta lehen pauso hori gaurtik aurrera eman beharko dute herritarrek, Euskaraldian izena emanda.
Dena dela, izena ematea “oso-oso modu errazean” egin daitekeela berretsi du Urkijok, webgunean bertan (www.euskaraldia.eus) dagoen formularioa beteta.