Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea martxan da, astelehen eguerdiko itzalaldi orokorrak eraginda

Aiurri 2025ko api. 28a, 20:59

Eusko Jaurlaritzak aktibo mantenduko du LABIren (Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea) mahai teknikoa, gertaeren etengabeko jarraipena egiteko. Imanol Pradales Lehendakaria bileraren buru izan da gaur.

Pradalesek zerbitzu elektrikoaren hobekuntza progresiboa azpimarratu du: "Euskadiko egoera beste toki batzuetakoa baino askoz hobea da une honetan”. Eta lasaitasunerako deia luzatu du: "egoera konplexua da eta informazio ofiziala jarraitzea ezinbestekoa da. Bihar ez da egun normala izango Euskadin. Gure aurreikuspena da garraioaren sektorea eta, bereziki, trenbidekoa izango direla normaltasunera itzultzeko atzerapen handiena izango dutenak".

"Bihar ez da egun normala izango Euskadin. Zuhurtzia eta pazientzia beharrezkoak izango dira"
Pradales Lehendakaria

Lehendakariak herritarrei zuhurtzia eta pazientzia eskatu die. "Gure aurreikuspena da datozen orduetan sarea bere osotasunean berrezartzea. Honenbestez, zerbitzu guztiak normaltasunez lanean hasiko dira. Hala ere, gorabeherak egon daitezke. Zuhurtzia eta pazientzia beharrezkoak izango dira", gaineratu du. Era berean, espekulazioa eta desinformazioa saihestea eskatu Lehendakariak.

Erantzukizunez jokatzea eta behar-beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eskaria ere egin du Lehendakariak. Hau da, larrialdi-zerbitzuak eta 112 zerbitzua proportzionaltasunez erabiltzea.

Pradalesek ziurtatu du euskal erakundeak "prest, koordinatuta eta gaitasunen %100ean lanean” daudela. Baita Estatuko erakundeekin etengabeko koordinazioan ere.

Agerraldian, alderdi politikoen arteko lankidetza eskatu du: "arduradun politiko guztiei dei publikoa egiten diet egoera hau helburu politikoetatik kanpo uzteko. Egoera honi ahalik eta azkarren eta ondoen erantzutea da lehentasuna, eta biderik onena erakundeen arteko lankidetza da", azpimarratu du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!