[Postontzia]

Euskararen aurkako erasoak XIX. mendean Tolosaldean eta Euskaraldia

Karlos Almorza 2025ko mai. 9a, 16:52

Karlos Almorza Arrieta Historian doktorea Amasan, Belabietako parajean tropa karlisten eta liberalen artean 1873/12/09an gertatu zen borrokaldi odoltsua ikertzen ari da azken aldian. Ekinaldi horretan, euskarak historian barrena jasan izan duen bazterkeria politiko eta administratiboa azaleratzen dituzten hainbat agiri topatu ditu. Agiri horien eskutik, honako artikulua osatu du, agiri historikoez aberastuta.

Euskararen aurkako erasoak XIX. mendean Tolosaldean eta Euskaraldia

Bigarren Karlistaldian (Euskal Herritik kanpo sarritan Hirugarren Karlistaldia deitua) Tolosako setioa eta Belabietako bataila eman zen, enfrentamendu nagusia Amasan izan zuena.

Bigarren Karlistaldia 1872tik 1876ra Hego Euskal Herrian eta Espainian gertatutako guda izan zen. Alde batetik, Espainiako koroa aldarrikatzen zuen Karlos VII.a izena hartuta eta haren jarraitzaileak zeuden eta, bestetik, Amadeo I.a, Espainiako Lehen Errepublika eta Alfontso XII.aren gobernuak.

1873an karlisten indarrek hartua zuten Gipuzkoaren zatirik handiena. Tolosa, ordea, liberalen eskuetan zegoen, eta hiria setiatzea proposatu zion Lizarraga jeneralak, orduko erregai karlista Karlos VII.ari. 

Urte hartako irailaren 16an inguratu zuten Tolosa. Komunikazio guztiak etenda, elikagaiak eskuratzeko modurik gabe, liberalek amore eman zezaten bilatzen zuten karlistek. Tolosa ongi inguratuta zeukaten karlistek, baina beraien asmoa ez zen hiria txikitzea edo zuzenean erasotzea. Bizigaiak faltan sumatzen zituztenean liberalak errenditzea espero zuten.

Belabietako bataila izenez ezagutzen da 1873ko abenduaren 9an Amasako mendietan gertatu zen ekintza armatua. Alde batetik, Tolosa setiatuta zeukaten Lizarraga jeneralak zuzendutako indar karlistak borrokatu ziren, eta, bestetik, Moriones jeneralak zuzendutako indar liberalak, blokeoa hausteko asmoz.

Morionesen agindupeko liberalek Andoaindik ekin zioten martxari; Aduna zeharkatu eta karlistek eraso egin zieten Urkamenditik. Liberalek Zizurkilgo postu hori gaindituta Asteasu bereganatu zuten, eta gero Amasarantz abiatu ziren.

Belabietako batailan Amasa eta inguruetan 14.000 pertsona aritu ziren borrokan eta, egun bakarrean, 600 baja izan ziren. Morionesen tropa liberalek Tolosako setioa haustea lortu zuten, janaria Tolosan sartu eta ondoren alde egiteko.

1874ko otsailaren bukaeran, Tolosan ziren tropa liberalek Donostiara ihes egin ondoren, Tolosa karlisten esku geratu zen liberalen okupazioari bukaera emanaz.

Gertaera historiko hauek ilunpetik atera eta modu zientifikoan aztertzeko asmoa du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Gertaeren errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko eta herritarrei ezagutarazteko, artxiboetako dokumentazioa jasotzen, sailkatzen eta dibulgatzen ari gara. Honengatik guztiagatik Tolosaldeko 28 herrietara zabaldu dugu Tolosako setioaren eta Belabietako batailaren ikerketa, herri horietako udal-artxibo eta akta-liburu guztiak ikertzeko asmoarekin.

Hona hemen Tolosako setioa eta Belabietako bataila. Tolosaldea 2024 proiektuan ikerketa historikoari lotuta gure hizkuntza euskarari buruz orain arte aurkitutako dokumentu batzuk, euskararekin lotura dutenak.

 

1.- Euskararen egoera XIX. mendean irakaskuntzan eta administrazioan

Historian zehar gure hizkuntzak jasotako erasoak ederki ikertu zituen Joan Mari Torrealdaik bere El libro negro del euskera (Ttartalo, 1998) eta Asedio al euskera. Más allá del libro negro (Txertoa, 2018) liburuetan.

Hemen XIX. mendean Torrealdaik jasotako eraso batzuen adibideak:

Guk lege guzti hauek irakurri ondoren, eta baita Moyano Legea, hots,

Tolosaldeko herrietan Torrealdaik aipatzen dituen lege hauekin lotuta dozenaka dokumentu aurkitu ditugu. Hona horietako bi, lagin gisa: 

Hezkuntzari dagokionez, XIX. mendean sortzen ari zen estatu modernoak irakaskuntza unibertsala ezartzeko asmoa eduki zuen hasieratik.

Irakaskuntza Espainiar Estatuan arautzeko lege saiakera bat 1836an egon bazen ere, 1857ko irailaren 9ko Instrukzio Publikoaren Legea izan zen ildo horretan lehena. Moyano Legea gisa ezagututako legeak honako hau jasotzen zuen: lehen hezkuntza "gaztelaniazko gramatikaren printzipioz, ortografia-ariketekin" osatuta izan behar zuela.

Dena dela, salbuespen gisa, Moyano Legearen 87. artikuluan legegileak klausula bat sartu zuen, kristau-doktrinaren irakaskuntzan gaztelaniaz besteko hizkuntzen erabilera babesteko: “Katixima elizbarruti bakoitzeko Prelatuak erabakitzen duen hizkuntzan irakatsiko zaie haurrei”.

Lege honekin hasten da hezkuntza sistema modernoa Espainiar Estatuan. Beste esparru batzuetan, egitura politikoetan esaterako (Batzar Nagusietan, adibidez), hasia zen hizkuntza-ordezkapena; baina lege honek ildo horretan pausu bat aurrerago eman zuen, hezkuntza sistema hizkuntza ofizial bakarrean izan behar zela ezarriz.

Honek ondorio zuzenak eta berehalakoak eduki zituen. Herri guztietan jarri zituzten eskolak, irakasleen soldatak udalen kontura izanik.

Hezkuntzarekin batera, administrazio publikoa estandarizatzeko intentzio argia eduki zuen erregimen liberalak, ideia jakobinoei jarraiki. Honen adibide 1862ko maiatzaren 28ko Ley del Notariado-ko 25. artikuluak zihoena: beste gauzen artean, dokumentu publikoek gaztelaniaz egon behar zutela ezartzen zuen.

Hala ere, lege hauen aplikazio zuzena eta erabatekoa zaila izan zen, lurraldearen zati handian populazioa euskaldun elebakarra zelako, Beizamaren kasua adibide. 

Hain zuzen, Beizamako Udal Artxiboan dago Hiztegi bat (Euskara/Gaztelera), BUA 350-11 erreferentziarekin garai hartako izan behar duena. 711 esaldi dauzka (beren itzulpenekin) eta Plata, Oro, Dinero, Sueldo, Real de Plata, Peseta, Ducado, 8 reales hitzak dauzka.

Bestalde, Igeri egitera  noa / Boime a nadar  itzultzen du (6. orrian). Praca Calzones itzultzen du (20. garren orrian). El Maestro 3. garren orrian azaltzen da esaldi batzuetan. Ez da ezaguna Beizamako Hiztegi hau Euskal Filologiaren ikuspuntutik ikertua izan ote den oraindik.

Bestalde, oraindik XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran analfabetismoa zen nagusi, batez ere klase xumeenen artean. Gizonei soldaduskara (eta gerrara) joateko edo hauteskundetarako zentsuak egiteko, gazteleraz irakurtzen eta idazten ba ote zekiten galdetzen zietenean, gizon askoren erantzuna ezezkoa zen. Emakumeei ez zieten galdetzen ere, garaiko gizartearen erakusgarri.

 

2.- Euskararen aldeko defentsak

Monarkia absolututik, nazio-subiranotasunaren printzipioari jarraiki, nazioaren eraikitze prozesu sakona eman zen. Eraikitze prozesu horren ezaugarri nagusietakoa hizkuntza komun baten zabaltzea da (normalean, pisu demografiko handiena duena). Hizkuntza partekatua eta kohesionatua, nazio-identitatearen sinboloaren kategoria izango duena ("lurralde bat, nazio bat, hizkuntza bat").

Zentralite horrek bazterketa linguistikoa dakar, periferian aurkitzen direnentzat. Ziurrenik eraso hauek horrela ulertuak izan ziren garai hartan Gipuzkoako Aldundian agintzen zeuden karlistengandik eta horregatik eskatu zion aldundiak Francisco Ignacio de Lardizavali euskaraz ikasteko Gramatica Vascongada bat. 

Francisco Ignacio de Lardizaval egileak hitzaurrean Gramatica Vascongada egitea nork eskatu zion adierazten du.

Eta Euskarak jasotzen zituen erasoen aurrean, beraien beldurra. 

Bestalde, irakaskuntzan irakasleek ze baldintza bete behar zuten ezarri zuen Aldundiak. 

 

3.- Euskaraz idatzita aurkitutako beste dokumentu batzuk

XIX. mendearen erdialdetik aurrera Espainiako Estatuan eman zen zentralismoak gure hizkuntzaren bazterketa ekarri zuen eta administrazioa erabat gaztelaniatu zuen.

Harrigarria da udaletxeetan garaian euskaraz idatzitako testuak aurkitzea. Hemen, adibide gisa karlisten bandoko hiru idatzi:

- Karlos VII.a (1848-1909), Espainiakoak, errege-nahi karlista izan zen (Baliarraingo UA 11-1 (48).

- Manuel Santa Kruz (1842-1926) apaizak (Hernialdeko UA 100-01 Correspondencia 1875 (24).

- Domingo Egaña (1815-1876) militar karlistak idatzitakoak (- AGG-GAO JDIT69b,15 (2) eta Hernialdeko UA 100-01 Correspondencia 1875 (28-29).

Hona Egañaren lau agiri:

Idatzi hauen irakurketa historikotik haratago, euskaraz idatzita egotea da apartekoa (Euskal Filologiatik ikertzeko modukoak) eta euskaraz zekiten jendeari zuzenduta zeudela. Ez dugu, oraingoz, bando liberalean borrokan zeudenen artean euskaraz idatzitako idazkirik aurkitu.

4.- Konklusioa

Gerra karlista edo karlistadak Hego Euskal Herrian eta Espainian XIX. mendean gertatutako gerrak izan ziren eta Euskal Herria izan zuten gune nagusi. Azaleko auzia dinastikoa izan arren, Euskal Herrian errege-nahiaren babesa baino, foruen galeraren gaia izan zen tentsioen iturri nagusia eta, hain zuzen, foruak behin betiko galdu ziren azken karlistaldiaren amaieran, 1876an.

Instituzionalki ez ezik, gerra karlistek eragin zuzena izan zuten hizkuntzan.

XIX. mendean gaztelera irakaskuntzan "hizkuntza nazional" gisa zabaltzeko saiakerak herri euskaldunetan euskaraz irakatsi ez eta gazteleraz irakastea ekarri zuen. Udal dokumentu guztiak gazteleraz idatzi arazi ziren.

Lege hauek ez zituzten bere helburu guztiak bete, baina gerora bazterketa linguistikoa muturreraino eramateko zutabeak jarri zituzten.

Euskarari dagokionez XIX. mendearen erdialdearen eta XX. mendearen arteko ezberdintasun handiena XIX.ean Euskal Herriko kale eta merkatuetan euskaraz egiten zela eta XX. mendeko frankismoko garai gogorrenetan debekatuta zegoela da.

Frankismo garaian eta Tolosaldetik atera gabe, adibidez, Altzoko Erregistro Zibileko izen euskaldunak ezabatu eta gazteleraz jartzea aipa daiteke, edo Adunako udaletxera aginte militarrak bidalitako idatzia, aginduaz ez zirela onartzen euskaraz kalean idatzitako kartelak edo kanposantuan idatzitako hilarriak. Esan gabe doa irakaskuntzan gaztelera bakarrik erakusten zela.

Gaur, Hego Euskal Herriko lekuko instituzioen eta euskararen aurkako etengabeko erasoek betiko bidetik jarraitzen dute, baina ez dago, kontrara, lekuko erakundeen aldetik iraganean adinako erantzunik.

Hala ere, hizkuntzaren defentsan jarraitzen du herriak. Egun, gure hizkuntzaren aldeko ekimen nagusia Euskaraldia da, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala. Euskal Herri osoan eragiteko sortua, mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aldatu eta erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Euskarak betiko bidetik jasotzen dituen eraso eta erronka berrien aurrean, Euskaraldia eta ildo bereko ekimenen inoiz baino behar handiagoa du gure hizkuntzak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!