Euskaraldiak ikur bat badu, eta hori txapa da. Eta dagoeneko herrietan ahobizi eta belarriprest moduan identifikatzeko txapa gehienak banatu dituzte. Duela egun gutxi, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideek eta baita euskal gizarteko hainbat aurpegi ezagunek ere, Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko agerraldia egin zuten. Ekitaldian, herriz herri, tokian tokiko batzordeek egiten duten lana azpimarratu nahi izan zuten ezer baino lehen. “Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak. Eurek ahalbideratzen dute Euskaraldiaren mezua herritarrengana iristea eta ariketa bera, herriz herri, Euskal Herri osoan egin ahal izatea”, azpimarratu zuen Jon Kobeaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak. Batzordeen lanarekin batera, Euskaraldiaren beraren garrantzia ere azpimarratu zuten, eta euskararen erabileran eragiteko “orain-oraingoz daukagun tresna indartsuena” gisa definitu zuten. “Orain da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko tenorea; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan”, esan zuen Kobeagak. “Bi urtez behin egiten dugun ariketa masiboa probestu behar dugu abiada hartu eta urte guztian euskara gehiago erabili eta entzuteko”, gaineratu zuen.
Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak
Izena ematearen garrantzia
Euskaraldian oraindik izena eman ez duten herritarrek badute aukera ahobizi edo belarriprest izango diren esateko, izen-ematea irekita egongo baita. Jakina denez, ariketan parte hartzeko bakoitzak bere rolaren berri ematea beharrezkoa da. Izena emateak aldez aurreko hausnarketa dakar berarekin, parte-hartzaileek ahobizi edo belarriprest rolen artean aukeratu behar dute eta. Rol bakoitzak jokatzeko modu ezberdinak eskatzen ditu. “Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino, euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua”, azpimarratu du Kobeagak. Erabaki horrek bakarrik norberak 11 egun horietan izango duen jarreraren eta portaeraren gainean pentsarazten du, beraz. Eta 11 egun horietan, parte-hartzaile guztiek hartutako erabakiei esker, egunerokotasunean, euskararen presentzia areagotzea lortzen du Euskaraldiak.
“Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino, euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua”
Euskaraldiaren eta, oro har, euskararen aurrean jarrera aktiboa izateko deia egin dute antolatzaileek, izena ematen duten unetik bertatik: batzordeetan parte hartuz, herrietan antolatutako ekitaldietara joanez, eta gehienbat, Euskaraldiak eskatzen dituen ohitura aldaketak egiteko ahalegina eginez. Izan ere, ariketaren helburua euskara gehiago (gehiagorekin eta gehiagotan) erabiltzea da, eta horretarako, ohitura zehatz batzuk hartzea proposatzen du: lehen hitza beti euskaraz egitea, eta euskaraz dakien guztiarekin euskaraz jarraitzea (elkarrizketa elebidunak normalizatuz).
Txapa beti paparrean
Maiatzaren hasieran ekin zioten Urnietako eta Andoaingo herritarren artean Euskaraldiko txapak banatzeari. Ezinbesteko elementua da txapa ariketarako, izan ere, identifikagarri horrek erakusten du parean dagoenak euskara badakiela, eta mezu argia bidaltzen du: “Nirekin hitz egin euskaraz, lasai!”. “Norberarentzat baino, aurrean dugunarentzat da baliagarria txapa, hizkuntza bat edo beste aukeratzean sortzen zaigun estresa murrizten du horrela, eta euskaraz askoz erosoago aritzeko aukera ematen digu”, adierazi zuen agerraldian Mutrikuko batzordeko kideak.
Euskal Herria prest dago ariketa esku zabalik hartzeko.