Gasteizko legebiltzarrean eman diote amaiera pentsioen osagarria bermatzeko neurrien aldeko ekimenari

Aiurri 2025ko mai. 19a, 16:04

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak HELaren aldeko 145.142 sinadura Eusko Legebiltzarrean utzi zituen joan den astean, Arabako hiriburuan manifestazioa egin ostean. Eskualdean mila sinaduratik gora bildu dituzte (Argazki-sorta: Xabier Etxeberria).

Gasteizko legebiltzarrean milaka sinadura horiek erregistratuz eta manifestazioa eginez eman zioten amaiera Herri Ekimenen Legegilearen (HEL) aldeko sinadura bilketari.

Gogoan hartu behar da HEL horrek pentsioen osagarria bermatzeko neurrien lege proposamena bultzatzen duela, hots, gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) %100era arte osatzea.

Eskualdean, herriz herrietako pentsiodunen taldeek honako sinadura-kopuruak jaso dituzte urtarrilaz geroztik: Andoain (717), Amasa-Villabona (350), Zizurkil (150) eta Aduna-Asteasu eta Larraul (444). Gipuzkoan, 48.039 bildu dituzte guztira. Urnieta, azkenik, ez zuten mahairik jarri, eta gaiarekin interesa zutenek inguruko herrietan sinatu zuten.

 

HELa bere egin dezaten eskaera

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gaur zabaldu duen oharrean, eskerrak eman dizkie legegintzako herri-ekimena sinatu duten guztiei, “haiek baitira garaipen honen protagonista nagusiak”.

Nahiz eta, bere hitzetan “administrazioek HELa ezagutarazteko eta sinadura digitalak bildu ahal izateko legean jasotako beharrezko bitartekoak” ez jarri izan, gustura daude urtarrilaz geroztik aurrera eramandako ekimenarekin. “Egin behar genuena egin dugu. Baina oraindik ez dugu lortu. Orain EAEko gobernuak eta Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzea erabaki behar dute, legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin; parametro demokratiko zorrotzetatik, ez dago beste aukerarik. Ez dago hori eragozten duen inolako arrazoirik, ez eskumen alorrekorik, ez ekonomikorik”.

Pentsiodunek EAEko gobernuari eta parlamentuari zera eskatzen diete, “kontsekuenteak izan daitezela beren helburu nagusiarekin, hau da, euskal gizarte justu eta bidezkoa eraikitzea, genero-ekitatean eta aberastasunaren banaketa bidezkoan oinarritua”. Helburu hori lortzeko, ziurtatu dute alderdi eta erakundeak presionatzen jarraituko” dutela, “HELa izapidetu, eztabaidatu eta onar dezaten2.

Azkenik, itxaropentsu agertu dira, “2018an, gure mobilizazio masiboen ondoren, pentsioen errebalorizazioa KPIarekin (Kontsumorako Prezioen Indizea) lotzea lortu genuen. Eta 2025ean gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko gutxieneko soldata parekatzea lortuko dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!