Axeri Dantza babes berezia merezi duen kultur ondaretzat jo dute Aduna eta Andoaingo Udalek

aiurri 2025ko eka. 7a, 11:14

Adunako alkate Kristina Rodriguezek eta Andoaingo alkate Andoni Alvarezek, aurreko egunetan beren udalbatzetan Axeri Dantzaren alde onartu dituzten adierazpenen berri emateko agerraldia egin zuten Basteron joan den asteazkenean, Axeri Dantza elkarteak gonbidatuta (agerraldia bideoz, behean):

Aduna eta Andoaingo Axeri Dantzaren gaineko erakusketa biltzen duen Basteroko erakusketa gelan egin zuten agerraldia. Ekainaren 27a bitarte dago irekita erakusketa, hain zuzen.

Bi alkateek ondoan izan zituzten Xabi Tejeria eta Izaskun Beraza, Aduna eta Andoaingo axerien buruzagiak, eta baita ere, San Juan jaiei begira entseguetan murgilduta dabiltzan hainbat axeri dantzari. Olagain Txistulari elkarteko txistulariek ere parte hartu zuten agerraldian.

Adunan maiatzaren 20an onetsi zuten adierazpen instituzionala; Andoainen, berriz, maiatzaren 29an.

Antzekotasuna dute bi adierazpenek. Adunako zein Andoaingo tradizioaren eta nortasunaren esentzietako bat dela Axeri Dantza esanez hasten dira, “irudikatzen gaitu, bizitzen dugu, dantzatzen dugu eta harekin gozatzen dugu. Dantza herrikoia eta pertsonen batasuna da. Gure udalerriko dantza bakarra eta esklusiboa ez den arren, bere ezaugarriak eta berezitasunak direla eta, kultur aktibo gisa, gure lurraldean, historian eta ondarean errotu-arazten gaitu”.

Axeri Dantza lehen mailako kultura-herentzia dela, “hurrengo belaunaldiei aztertzen eta transmititzen jarraitu behar dena, inoren ahalegina eragotzi gabe” esanez jarraitzen dute.

Aldi berean, herriko kultur eragileek, elkarteek eta herritarrek bultzatu dutela Axeri Dantza, gogorarazten dute adierazpen banatan.

Azkenik, hiru puntuz osatutako deklarazioa egiten dute: bi herrietako kultur eragileek Axeri Dantza zaintzeko eta irakasteko egin duten ahalegina, ikerketa eta ilusioa aitortzen dira; adierazten da Axeri Dantza bi herrien Kultura Ondasun Immaterial gisa babesten dela, UNESCOren Kultura Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioaren arabera; eta, azkenik, kultur elkarte eta eragileekin ahaleginak bateratzearen alde egiten da, herri-dantza hori babesten eta defendatzen jarraitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!