Eskuragarri dauden datuek programazio bizia islatzen dute. Kontzertu, antzezlan, jaialdi, erakusketa, berbaldi eta bestelakoen artean, EAEk kultur jarduera etengabea du urtean zehar. Musika da nagusi: kontzertuek programazio osoaren % 31,8 hartu zuten 2024an (6.342 ekitaldi); ondoren datoz antzerkia (% 21,3) eta ikus-entzunezko proiekzioak (% 11,8). Gainontzekoa beste diziplina batzuek osatzen dute, hala nola dantza-ikuskizunek, erakusketek eta bestelako askotariko jarduerek.
Ekitaldi gehienak udalerri gutxi batzuetan pilatzen dira, jendetsuenetan pilatu ere: hiru hiriburuek –Bilbok, Donostiak eta Gasteizek– ekitaldi guztien % 48 hartu zuten, eta urtean 3.000tik gora antolatu zituzten, batez beste. Hiriburuak kenduta, 36 udalerrik bakarrik gainditu zituzten 100 ekitaldi-urteko langa, eta horien artean nabarmentzekoak dira Getxo (557), Tolosa (338), Barakaldo (335), Durango (334) eta Zarautz (277). Gainerako programazioa 190 udalerritan banatu zen: 3.727 ekitaldi guztira, herri bakoitzeko 19, batez beste.
Gipuzkoa da dentsitate kultural handiena izan duen lurraldea: mila biztanleko 11,1 ekitaldi. Atzetik datoz Araba (9,7) eta Bizkaia (7,5), eta azken horrek izan du ekitaldi bolumen handiena (8.662). Aldea, beraz, ez dago kantitateari lotuta soilik, biztanle-kopurua ere kontuan hartu behar da. Gipuzkoako zenbait eskualdetan, hala nola Tolosaldean, Urola Kostan, Debagoienan edo Donostialdean, mila biztanleko 10 ekitaldi baino gehiago egin ziren 2024an. Bizkaiko Arratia-Nerbioi eta Enkarterrin, aldiz, ez ziren 7ra iritsi. Lurralde beraren barruan ere, desberdintasunak nabarmenak izan dira.
Ekitaldi motari dagokionez, aurretik esan bezala, musika izan da nagusi,: 6.342 kontzertu (% 31,8). 4.239 antzerki-emanaldi egin ziren (% 21,3); ikus-entzunezko proiekzioek guztizkoaren % 11,8 hartu zuten; hitzaldiek eta jardunaldiek, % 11,5; erakusketek, % 6,9; eta dantza-emanaldiek, % 4,3. Gainerako jarduerek –azokak, ikastaroak, tailerrak, lehiaketak...– agendaren % 12,5 hartu zuten.
Euskara gehiago hauspotu beharra?
Euskal kulturaren panoraman, euskararen erabilera funtsezko elementua da. 2024an, ekitaldien erdiak inguru euskaraz edo ele bietan egin ziren. Batez besteko hori, ordea, aldatu egiten da lurraldetik lurraldera eta eskualdetik eskualdera. Gipuzkoan, zazpi eskualdeetatik seik gainditu zuten % 50eko langa, eta Debagoienan eta Urola Kostan programazioaren erdia baino gehiago euskara hutsean izan zen. Bizkaian, aldiz, zazpitik bostek gainditu zuten muga hori, eta Durangaldea eta Markina-Ondarroa izan dira euskaraz gehien programatu zutenak (% 58,4 eta % 61,5, hurrenez hurren).
Urteroko jaialdiak, musikalak gehienak
Aparteko kapitulu bat merezi dute urtero-urtero egin ohi diren jaialdiek. 2024an 677 jaialdi egin ziren EAEn, eta horietatik erdiak musikalak izan ziren. Ondoren datoz zinema eta ikus-entzunezko jaialdiak (88), antzerkia (70) eta dantza (49). Gainera, ia ehun jaialdi misto antolatu ziren –musika eta dantza elkartuta, esaterako–, eta 64 hainbat diziplinatara bideratuak, literatura, poesia, argazkilaritza, bideo-jokoak eta modari begirakoak, esaterako.
Jaialdien formatuari dagokionez, % 25 aire zabalean egin ziren (ekitaldi guztien % 16,5 soilik izaten da aire zabalean). Dantza (% 48,5) eta musika (% 30,1) dira kanpoko espazioetan nagusi. Gainera, jaialdien % 68k egun bat baino gehiago irauten zuten.