"Eskubideen urraketa agerikoa da espetxeetan eta erbeste-egoeretan"

Leire Uranga 2026ko urtarrilaren 9a

Beñat Uribe-Etxeberria, Sare Herritarreko kidea.

Sarek larunbatean Bilbon deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu du; eskualdetik joateko autobusetan izena eman daiteke Villabonako Iratzar eta Andoaingo Irunberri tabernetan. Beñat Uribe-Etxeberria Sare Herritarreko kidea da.

Gaur egun, EPPKko 105 (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) euskal preso daude espetxean. Horietatik batek Frantziako Estatuan jarraitzen du espetxeratuta, eta 104 Euskal Herrian daude: 102 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 2 Nafarroan.

Espetxeka banatuta, 33 preso Martutenen daude, 28 Zaballan, 3 Basaurin eta 2 Iruñean. Horrez gain, 38 pertsona etxean daude kontrol telematikoarekin.

Egoera juridikoari dagokionez, 61 preso bigarren graduan daude, horietatik 16k 100.2 artikulua aplikatua dutelarik. Bestalde, 43 preso hirugarren graduan daude, eta horietatik 35ek 86.4 artikulua dute aplikatuta, kontrol telematikoarekin.

Zigorren betetze-mailari erreparatuta, 50 preso baino gehiagok, kondenaren hiru laurdenak beteta izanik, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izango lukete. Era berean, 35 preso inguruk kondenaren erdia beteta dutenez, hirugarren gradura igarotzeko baldintzak beteko lituzkete.

Bizikidetzaren aldeko apustua egiten ari da Sare azken urteotan: Eskubide guztiak pertsona guztientzat. Zenbatuta daukazue eskubideen urraketa hori? Zenbat kasu dira?

Uste dut oso zaila, ia ezinezkoa ere badela urte luzez sufrimendu handia eragin duen gatazka baten ondoriozko eskubide-urraketak zehaztasunez kuantifikatzea. Hainbat errealitatez ari gara, hala nola ETAren indarkeriak eragindako biktimak, estatu-indarkeriaren biktimak eta torturatuak, besteak beste.

Gure jardunaren ardatza, gaur egun, oraindik ere indarrean dirauten eskubide-urraketetan dago. Zehazki, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubide-urraketetan jartzen dugu arreta. Urraketa horien eragile nagusia salbuespena da; salbuespen hori salbuespen-legeen eta salbuespen-politiken bidez gauzatzen da. Izan ere, gaur egun ere eskubideak urratzen jarraitzen da, eta hori agerikoa da bai espetxeetan, bai erbeste-egoeretan.

Espetxe legedi arrunta aplikatzea eskatzen ari zarete. Zein da zuen ustez hori ez emateko arrazoia?

Salbuespena bi mailatan ematen da: legean eta politikan.

Legeari dagokionez, oraindik indarrean daude salbuespen-izaera duten bi lege. Horietako batek Entzutegi Nazionalari esleitzen dizkio euskal preso, iheslari eta deportatuei lotutako auzibide guztiak, beste delitu batzuetan lurralde-auzitegiek eskumena duten bitartean. Horrek berez salbuespen-egoera sortzen du. Bestea 7/2003 Legea da, 2003an onartua, zigorren gehieneko betearazpena 30 urtetik 40 urtera luzatu zuena, eta, Zigor Kodearen 78. artikuluaren berridazketaren bidez, birgizarteratzea praktikan ezinezko bihurtzen duena, irteera-programak, baimenak, hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna zigor teorikoaren erdira edo hiru laurdenetara atzeratuz.

Salbuespena, ordea, ez da legedian bakarrik gauzatzen, baita espetxe-politikan ere. Lege eta politika arruntek aurreikusten dituzten eskubideak -baimenak, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna- euskal presoen kasuan sistematikoki atzeratzen dira, zigorren laurdena edo erdia bete ordez, ia zigor osoa bete arte.

Bi adar horiek uztartuta ulertzen da euskal presoek gaur egun duten egoera.

Bestalde, urriaren 18an, "Ezin da gehiago luzatu" manifestua irakurri zuten Sareko kide den Joseba Azkarragak eta ETAren biktima Maria Jauregik. Nola baloratzen duzue konferentzia hura?

Konferentziaren balorazioa oso positiboa da. Iaz Kursaalean egindakoaren jarraipen gisa ulertzen dugu, eta gatazkak utzitako ondorioen konponbidera begirako diskurtso sendo eta integrala eskaini zuen, bai euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari dagokionez, bai indarkeria mota guztien biktimek merezi duten egia, aitortza eta erreparazioari dagokionez.

Testuinguru horretan, Maria Jauregiren ekarpena bereziki positiboa izan zen, urte luzez zubiak eraikitzeko erakutsi duen konpromisoaren jarraipen gisa. Halaber, konferentziak agerian utzi zuen gizarteak eta biktimek, askotan, prestutasun handiagoa dutela elkarrizketarako eta adostasunak eraikitzeko, zenbait arduradun politiko edo instituzionalek baino.

Herrikide duzu Xuhar Pazos. Haren auziak badu zerikusia justiziarekin. Zein iritzi duzu?

Duela hilabete epaitegiak berriz ere artxibatu du Xuhar Pazosen auzia. Ez da kasu isolatua: aurretik ere ezagutu ditugu Iñigo Cabacas, Iker Arana, Aritz Ibarra edo Amaia Zabarteren kasuak, eta Villabonari dagokionez, Remi Ayestaranena. Horiek guztiek erakusten dute Ertzaintzaren indarkeriak epaitegietan duen inpunitatea ez dela berria.

Oso larria da, bereziki, indarkeriaren erabilera eta proportzionaltasuna neurtu beharko lukeen justizia-sistemak berak inpunitate hori berriro ere bermatzea, horrek indarkeria-kate hori elikatzen duelako. Nahiz eta aurretik lurralde-auzitegiak kasua berriz irekitzera behartu zuen, oraingoan berriz ere artxibatzearen alde egin da. Erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztuta dago, baina, gaur-gaurkoz, balorazioa ezin da izan oso bestelakoa.

Bi urte igaro dira Xuharren kasutik, eta azkenaldiko beste auziek erakusten dute ez dagoela jarrera-aldaketarik; aitzitik, indarkeriaren erabileran berreste bat dago. Xuharren kasuan, gainera, frogak badaude: bideoak, argazkiak eta ondorioak begi-bistakoak dira, begi bateko ikusmena galdu duelako.

Horren aurrean, nabarmendu nahi nuke herrian sortu den elkartasun zabala eta aktiboa. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 684 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!