12 eta 16 urte bitarteko gazteek, aukera ederra izango dute Buruntzaldeko udalerrietan, hitzarekin eta musikarekin jolasteko eta trebatzeko, euskaraz. Izan ere, 'Beat-Eroak' rap tailerra antolatu dute eskualdeko udaletako Euskara Zerbitzuek, honako leloarekin: 'Hitza askatu, erritmoa markatu'. Otsailean eta martxoan izango da tailerra, eta udalerri bakoitzean bina saio egingo dituzte. Aurrenekoan, ÿdei Barroso rapero eta bertsolariarekin arituko dira gazteak, eta hitza landuko dute: oinarri musikala aukeratu, eta rap letrak lantzen lagunduko die ÿdei artistak. Aurreneko saio hori otsailean izango da udalerri guztietan, eta bakoitzaren data zehaztu dute. Gorde zure eguna!
- URNIETA: • Otsailak 9, astelehena.
- ANDOAIN: • Otsailak 19, osteguna.
- ASTIGARRAGA: • Otsailak 10, asteartea.
- HERNANI: • Otsailak 24, asteartea.
- USURBIL: • Otsailak 23, astelehena.
- LASARTE-ORIA: • Eguna zehazteke.
Kanta sortu eta grabatuko dute bigarren saioan
Tailerraren bigarren saioan, ÿdei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin, eta guztien artean emango diote forma egindako lanari: aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute. Martxoan izango da bigarren saio hori. Gorde zure eguna!
- URNIETA: • Martxoak 2, astelehena.
- ANDOAIN: • Martxoak 26, osteguna.
- ASTIGARRAGA: • Martxoak 5, osteguna.
- HERNANI: • Martxoak 12, osteguna.
- USURBIL: • Martxoak 9, astelehena.
- LASARTE-ORIA: • Eguna zehazteke.
Horrela, herri bakoitzean abesti bat osatuko dute, eta herrien arteko lehiaketa ere izango da: abesti guztiak entzungai jarriko dituzte euskara.buruntzaldea.eus webgunean, eta bozketa zabalduko dute, herritarrek gustukoen dutena aukeratzeko. Sari potoloa izango du irabazleak: bideoklipa grabatzea. Gainera, rap festa ere aurreikusi dute, egindako lanak erakutsi eta gazteen artean harremanak sustatzeko.
Izen-emate epea, urtarrilaren 19tik 31ra
Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte, eta datorren astelehenean zabalduko dute izen-ematea, bi astez: urtarrilaren 19tik 31ra izango da apuntatzeko aukera, euskara.buruntzaldea.eus webgunean bertan.
Egitasmoa 2020 urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan.
Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain. Ez galdu aukera!
Sortu zuen euskarazko rap abestia!
Euskarazko rap abesti bat sortzera animatzen?
Aukera ederra izango da zuen kezkak eta intereseko gaiak letretan islatzeko! Hauxe da Legazpiko gazteek sortu zutena, 'BEAT-EROAK' tailerrean:
Ez gehio ez gutxigo
ez zakil ez alu
utzi ditzagun ba
hainbeste istilu.
Legazpiko gazteak
hemen bildu gara
jasan dugun guztia
zuei kantatzera.
Emakume jaiota
belarritakoak
jarri eta hor daude
estereotipoak.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Goiko karguetara
gizonak gehienak
emakumeak gara
behean gaudenak.
Lan berdina egin eta
soldata desberdin
pairatzen dugun hau
desagertu dadin.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Panpina neskentzako
mutilentzat baloi
hori ez da horrela
ez dute arrazoi.
Berdinak gara denak
neska edo mutil
koloreak, gustoak,
alu edo zakil.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Berdintasuna ez dugu
mundu krudel hontan
lortu beharko dugu
jo ta ke borrokan.
Etxera joateko
ez euki beldurra
denok dakigulako
da bide gogorra.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Rolen kontua ere
apurtu beharko da,
parekidetasuna
gure xedea da.
Inseguritateak
ditugu den-denak
barrua edo kanpoa
gu gara berdinak.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Denak gara berdinak
neska edo mutil
onartu dezagun ba
alu edo zakil.