Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa martxan da dagoeneko, eta aurten 57 taldek eman dute izena lurralde osoan. Maiatzaren 30era bitartean ez da bertso saiorik faltako Gipuzkoan. Txapelketaren barruan kokatzen da Tolosaldeko lehia ere: urtarrilaren 23an abiatu zen, eta martxoaren 27ra arte luzatuko da; egun horretan erabakiko da zein taldek ordezkatuko duen eskualdea Gipuzkoako fase nagusian.
Guztira zortzi talde ari dira lehian Tolosaldean. Lehen fasea eskualdeka jokatzen ari dira, eta bertan lau final-laurden, bi finalerdi eta finala aurreikusi dituzte. Inauterien aurreko hiru ostiraletan jokatu dira lehen final-laurdenak, eta Villabonako atzoko saioarekin amaitu da fase hori. Finalerdiak bi aste barru hasiko dira.
Azken final-laurdenean, Villa Amasa (Amasa-Villabona) eta Aiztondo (Asteasu-Larraul-Zizurkil) taldeak aritu ziren nor baino nor. Villa Amasa taldea Beñat Iguaranek, Oihana Iguaranek, Aratz Arzelusek eta Izar Zelarainek osatu zuten; Aiztondoren aldetik, berriz, Beñat Zeberio, Oibar Olano, Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal igo ziren oholtzara.
Saioan bederatzi ariketa egin zituzten bertsolariek, eta lau epailek baloratu zituzten lanak; guztira, 36 puntu zeuden jokoan. Epaimahaia honako hauek osatu zuten: Beñat Karrera (Villa Amasa), Igotz Alkorta (Aiztondo), Josu Artutxa (Tolosa) eta Iñigo Gorostarzu (Berastegi). Gai-jartzaile lanetan, berriz, Iñaki Otaegi aritu zen.