Izan ere, azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dizkiguten datuak eta ikerketak. Zailtasun horiei erantsi behar zaio euskararen biziberritzearen aurka bizi dugun oldarraldi antolatua.
Hala ere, sinetsita gaude posible dela euskararen biziberritzeari bultzada ematea, abenduaren 27ko ekitaldian aldarrikatu genuen bezala, Pizkunde berri bat eragitea, eta horretarako ezinbestekoa dela euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Horretara dator ekainaren 13ko mobilizazioa, euskaltzaleok antolatzera, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzera, ´Euskaraz bizitzeko behar den denaª aldarrikatzera.
Martxa arratsaldez egingo dugu. 17:00etan Iruñeko hiru puntu ezberdinetan bilduko dira herritarrak: Antoniutti, Runako Parkea eta Askatasun Enparantza.
Puntu hauetatik Iruñeko kaleak harrotasunez beteko dituzten hiru zutabeak abiatuko dira. Zutabeek bat egingo dute Gazteluko Plazan, eta bertan egingo dugu ekitaldi politikoa, amaiera berezi bat emanez. Zutabeetako bakoitzak euskarak behar duen Pizkunderako ezinbestekoak diren hiru oinarrietako bana ordezkatuko du: Ofizialtasun osoa, Jauzia hizkuntza politiketan eta Euskaltzaletasuna.
Lehenengoa, euskarak Euskal Herriko lurralde guztietan ofizialtasun osoa izan dezala aldarrikatuko duena: Ipar Euskal Herrian koofizialtasuna, Nafarroan euskararen zonifikazioa gainditu eta ofizialtasuna lurralde osora hedatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan oldarraldiaren ondorioz eragiten ari den desofizializazioaren aurrean euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat.
Bigarrena, hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko dituena, euskararen ezagutza orokortuko duten politiken eta erabilera normalerako baldintzak sortuko dituzten neurrien alde.
Eta hirugarren zutabea, euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko duena, azpimarratuz egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia.
Euskal Herri osoko euskaltzale guztiak deitzen ditugu Euskaltzaleon Martxan parte hartzera. Mundua euskararen eta euskaldunon aurka datorren honetan, guk euskara dugu munduaren alde.
Euskaltzaleon garaia da!