EAJk eta EH Bilduk ekitaldi politiko-instituzionala egingo dute Bergaran uztailaren 19an, igandearekin. Hego Euskal Herriko udalerrietako alkateen bilkura izango du oinarri ekitaldiak.
Bi alderdien ustez, 1876/07/21eko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foruen deuseztapena zein 1976/07/21eko Bergarako Alkateen Mugimendua, bi gertakari horiek sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera. Bi efemeride historikoak oroitzeko ez ezik, “etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko balioko duela Bergarako ekitaldi nagusiak, gaineratu dute bi alderdiek. Bi gertakizunei begira, adierazi dute 1876ko Foruen abolizioak "eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia" eragin zuela. Mende bat geroago, 1976ko uztailaren 21ean Bergaran bildutako alkateen ekitaldiak, berriz, "herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea" erakutsi zuela zehaztu dute.
Zazpi puntuko mozioa
Bergarako ekitaldiaren planteamenduekin bat egiten duen zazpi puntutako adierazpen-mozioa aurkeztu dute aipatu bi alderdiek makina bat udaletan, azken asteetan.
Aiurri aldizkariaren informazio-eremuko zazpi udalerrietatik Larraulek ez beste seirek (Aduna, Andoain, Amasa-Villabona, Asteasu, Urnieta eta Zizurkil) bat egin dute adierazpenarekin. Zazpi puntuk osatzen dute mozioa, esan bezala. Lehenaren eskutik, bat egin dute Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren eta Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren oroitzapenarekin, “eta bi efemeride horien garrantzia historiko, politiko eta instituzionala aitortzen du”.
Bigarren puntuan, zera adierazten da: “Udal honek aitortzen du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal lurraldeen eskubide historikoen abolizioa Frantziako Iraultzarekin gertatu zela 1789 eta 1790 artean; horrez gain, aitortzen du 1841ean Nafarroa Garaian, eta 1876an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarritako foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuek euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera ekarri zutela. Era berean, aldarrikatzen du eskubide horiek ez direla iraungi, ezta herri borondate demokratikoaren ordez kanpoko erabakiz deuseztatu ere”.
Hirugarrenak dioenez, “Udal honek berresten du Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna eta nazio izaera duen herria dela, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldeetan duela bere leku geografikoa eta euskal nazioa osatzen duten herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea”.
Laugarren puntuan, aldarrikatzen da beharrezkoa dela "foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz”.
Bosgarrenaren eskutik, udalek aitortzen dute “udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun erabakigarria, bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan; eta konpromisoa hartzen du etorkizunean ere Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan, erakunde demokratikoen rola indartzeko eta hauen artean, bereziki, udal erakundeena”.
Seigarrenak, bat egiten du Bergarako uztailaren 19ko ekitaldiaren xedeekin; eta azkenik, zazpigarrenak, Hego Euskal Herriko erakunde publikoei mozioa helarazteko konpromisoa hartzen du.
Mozioa onetsi den udalerrietan ordezkaritza daukaten PSE-EEko zinegotziek (Andoain, Amasa-Villabona, Urnieta eta Zizurkil) aurkako botoa eman dute, eta abstentziora jo dute Elkarrekin-Podemoseko zinegotziek (Andoain).
Esate baterako, Urnietan, PSE-EEko Herme Gonzalezek adierazi zuen mozioa ez zela mugatzen gertakizun historikoak gorestera, “harantz doa, eta historiaren interpretazio jakin bat darabil, soberaniarekin, erabakitzeko eskubidearekin eta nazio eraikuntzarekin zerikusia duen posizio politiko zehatz bat defendatzeko”. Gehitu zuen historia ez dela inorena, “ezta nazionalismoarena ere, eta ezin da erabili iraganeko irakurketa bakar bat aurkezteko, euskal gizarte osoaren egia ofiziala balitz bezala. Historia identitateen artean banatzeko erabiltzen dutenen aurrean, guk Euskadi anitza eta irekia aldarrikatzen dugu”.
Andoainen, Elkarrekin-Podemoseko Pepe Iparragirrek ere antzeko ildotik kritikatu zuen mozioa. “Nahiz eta autogobernuan sakontzea nahi dugun, eta harago joateko akordio demokratikoen alde egon, ez zaigu iruditzen mozioak islatzen duenik pluraltasun politiko eta soziala”. Gehitu zuenez, “erabakitzeko eskubidea ezin da mugatu burujabe izateko eskubidera. Herritarren kezka nagusiak, egun, ez doaz bide horretatik”.
1976ko Alkateen Mugimenduaren hastapenak
Lege-zirrikitu ziztrinetik muturra sartzea lortua zuten zenbait herritar antifrankistek gertukoenak ziren udaletan, zinegotzi eta alkate gisa, diktaduraren azken-azken urtetan nahiz Franco hil eta gutxira.
Hain zuzen, herritar horietako bakan batzuk izan ziren Alkateen Mugimenduaren bultzatzaile nagusiak; hots, lidergoa hartu zuen Bergarako Jose Luis Elkoro eta beste zenbait herritako (Arrasate, Oñati, Azkoitia, Legazpi, Oiartzun, Hernani, Etxani Aranatz...) alkateak.
Horien estrategia, 1976ko uztaila baino hilabete batzuk lehenago gorde samarrean biltzea (diktaduren aurka “konspiratzea”), eta, adierazpen baten inguruan ahalik eta alkaterik gehienak biltzea izan zen. Argi zaukaten noraino irits zitezkeen eskakizunen edukiekin, baldin eta helburua bazen alkate frankista-zale gehientsuenekin kontsentsua lortzea. Horrela, kontziente izanda tradizio karlistakoak izan zitezkeela horietako asko, Espainiako monarkia zentralistak iraganean deuseztatuko Foruen aldarrikapena izan zen mugimenduaren ardatza.
Horrenbestez, bost puntuko adierazpena idatzita, funtsean, honako hiru aldarrikapen egin zizkioten Juan Carlos I. Erregeari, zuzenki: lehenbizi, 1839/10/25eko eta 1876/07/21eko Legeen eraginez Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian eta Nafarroan deuseztatuak izan ziren foruen berrezarpena. Bigarrenik, bidea eman zezan Euskal Autonomia Estatutuaren proiektua idatz zezan udalerrien ordezkaritza-batzorde batek, 1931ko ekainean Lizarran Euskal Udalerriek egin zuten eran, hots, “foru-erakundeak biltzen zituen gorputz juridiko gisa onartu zenaren antzekoa”. Eta hirugarrenik, “berariaz adieraztea eskatzen diren aldarrikapenak preskribaezinak eta ukaezinak diren eskubideetatik eratortzen direla”.
Eskualdeko udalerrien jarrera
Eskualdeko zazpi udalerrietatik hiruk egin zuten bat mozioarekin; beste lauek, ez zuten aztertu ere egin udalbatzetan. Atxikimendua: Amasa-Villabona (Luis Merino Arregi), Andoain (Pedro Gallo Boada); eta Urnieta (Patxi Eizagirre Txapartegi). Ez ikusiarena: Aduna (Ramon Ubillos Sorozabal); Asteasu (Pedro Mari Segurola Kortajarena); Larraul (Ignacio Aginalde Txapartegi); eta Zizurkil (Jose Antonio Bikuña Rodriguez).
Nork bere ezaugarriak zituen, maila ideologikoan, pertsonalean... udalerri horietako alkateek, eta alde horretatik, jarrera deigarriren bat edo beste topa liteke. Andoaingoari dagokionez, harrigarri samarra gerta dakiguke bere baiezkoa, jakinekoa baitzen diktaduraren zale amorratua zela Gallo.
Ziurrenera, adierazpena Foruen aldekoa izateak eta egoera politiko-sozial berrietara egokitzeko premiak, bi baldintza horiek eragin nabarmena izango zuten Galloren eta antzeko profileko alkateen jarreran. Azken batean, trantsizio politikoaren 'miraria'ren atal txiki bat baino ez ziren alkateak: bezpera arte diktaduraren ezinbesteko zutabe izan ziren kargu politikoak, poliziak, epaileak, militarrak… betidaniko demokrata bihurtzea gautik goizera, alegia.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.