2024ko abuztuan Ipar Irlandan egin zuten bira arrakastatsuari segida eman nahi izan diote, Islandiara abiatuta.
Hirukoteak egin du Islandiarako bidaia, oraingoan: Aitor Atxega (gitarra eta ahotsa), Josu Lekuona (akordeoia), eta, Xabin Mujika (zeharkako-txirula). Aran Mujika biolin-joleak ezin izan du parte hartu espedizioan.
Oso gustura aritu zirela atzoko emanaldian, aitortu du Josu Lekuonak, “lekua xumea, goxoa, atsegina topatu genuen; baldintza horrek asko erraztu zuen aparteko musika-atmosfera lortu genezan. Jendea ere oso adeitsua, hurbila... Erruz eskertu ziguten hain leku urrunean jotzea. Izan ere Djupavik oso Iparraldean dago, eta azken 45 km.ak pistaz egin behar dira iristeko... Hemen, gainera, euskal museoa eraikitzen ari dira... Fiordo honetan bizi den biztanleriaren erdia izan genuen entzule, kontutan izanik 51 biztanle bizi direla...”.
Bigarrengo kontzertuari egingo diote aurre gaur, Islandiako Mendebaldeko Fiordoetan kokatzen den Flateyri herrian, bertan dagoen Vagninn tabernan.
Bihar, berriz, Rekjaviken, Islandiako hiriburuan egingo dute hirugarrengo saioa, Smekkleysa tabernan.
Djupavikeko Baskasetur Euskal Etxean
Islandiako eta Euskal Herriko itsas historia partekatua ikertzen duen "Basque Association in Iceland" (BAI) elkarteak 2023an martxan jarri zuen proiektua du oinarri Baskasetur Euskal Etxeak; iazko irailean inauguratu zuten.
Baskasetur Euskal Etxearen egitasmoan elkarlanean ari diren elkarteak bildu ziren orduan:"‘Basque Association in Iceland’ (proiektuaren buru), "University Centre of the Westfjords" (Islandiako unibertsitea), Haizebegi euskal musika elkartea, Pasaiko Albaola elkartea, eta Espainia eta Frantziako estatuetako ordezkariak.
“Baskasetur-en irekierak une historiko bat markatu du euskal itsas ondarearentzat. Horrez gain, bi herrialdeek itsasoa medio lokarri izan dituzten harremanak berritu ditu”, Albaolako Xabier Agotek bertan eman zuen hitzaldian.
Azken urtetan egin diren ikerketa historikoen, indusketa arkeologikoen eta dokumentu linguistikoen bidez jakin izan da nabarmentzekoa izan zela XVII. mendean euskaldunek Islandian eduki zuten presentzia. Merkataritzan ez ezik kultur eremuan ere harremana eduki zuten euskaldunek eta islandiarrek.
Lotura historiko haren baitan, gertakari aipagarrien artetik, gogoratzekoa da 2015ean nola bete ziren 400 urte 32 euskal arrantzale hil zituztela han. Nonbait, 1613a aldera hasi ziren iristen lehenbiziko euskal baleazaleak. 1615eko ekainean, ekaitz bortitz batek Gipuzkoatik abiatutako hiru baleontzi hondoratu egin zituen, eta Islandian bertan geratu behar izan zuten bolada batean bizitzen. Bizikidetza ez zen nahi bezain gozoa izan bertakoekin; agintariekin istiluren bat eduki zuten, eta 32 euskal arrantzale hil zituzten. Egun, Islandiako eskoletan pasarte historiko hori erakusten da, nahiz eta ez sentitu harrotasunik hilketa haiengatik.
