Sabino Ormazabal ekintzaile nekaezina hil da

Sabino Ormazabal Elola (Donostia, 1953) zendu da gaur. Andoainen 1956tik 2018ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria-ekintzei buruzko Memoria partekatu baterantz txostena atondu zuenetako bat izan zen.

Atzo kantu jiran parte hartzen ari zela, ondoezik sentitu, eta lurrera erori zen. Ospitalean hil da azken orduetan.

Makina bat arlo jorratuta pertsona genuen Ormazabal, bere izaera xumea aurretik zuela beti ibili izan zena: kazetaritza, antimilitarismoa, desobedientzia zibila, ekologismoa, memoria historikoa, giza eskubideak...

Andoainera etorrita, Memoria partekatu baterantz txostenaren egileetako bat izan zen, 2018an. Memoria historikoa eta giza eskubideak lantzen dituen Argituz elkarteak burutu zuen txostena Andoaingo Udalak eskatuta. Hain zuzen, Basteron, 2018ko abenduaren 13an aurkeztu zuten txostena, Andoaingo udal ordezkariek eta Argituz elkarteko kideek.

Ormazabalek hitza hartu zuen ekitaldian barrena. Egun hartako kronika, argazkiak eta bideoa ikusgai daude, hemen

Andoaingo udalak edonoren eskura jarri zuen orduan txosten mardula. Pdf formatuan, hemen.

Andoainen bezala, Arrasate, Lasarte-Oria eta Elgoibarren egimn zituzten txostenetan ere parte hartze aktiboa eduki zuen Ormazabalek.

Handik hiru urtera, 2021eko martxoan, Andoainen izan zen Argituz elkartekide zuen Berta Gaztelumendirekin batera, Ez, eskerrik asko! dokumentala aurkezteko. Gladys del Estal (Venezuela, 1956) Donostiako Egia auzoan bizi zen. Zentral nuklearren, militarismoaren eta etxe-espekulazioaren aurkako ekintzailea zen eta 1979ko ekainaren 3an, Tuteran, guardia zibilak hil zuen Gadys del Estal donostiarraren bizimodua kontatzen du dokumentalak.

 

Ekintzaile nekeaezina

Ekintzaile umila eta gertukoa bezain nekaezina izan zen bere bizitza osoan Ormazabal. Argituz elkartearekin ez ezik, Gasteizko Legebiltzarrak Poliziaren abusuen biktimen tetsigantzak jasotzeko eta ebaluatzeko asmoz hainbat arloetako profesionalekin osatu zuen batzordearekin ere aritu zen, gizarte zibilaren ordezkari gisa.

Nolanahi ere, hainbat arlotan jardun izan zuen. Gaztetan Luzuriaga lantegian lanean urte batzuk egin ostean, kazetaritzari ekin zion: Egin egunkarian (Ingurugiroa gehigarriaren eta Iritzi sailaren arduraduna) izan zen, eta Gara egunkariaren hasierako urtetan ere aritu zen lanean. Bestetik, militante ekologista (Eguzki taldearekin) izan zen eta antimilitarismoan eta indarkeria-ez aktiboaren bultzatzailea ere izan zen.

Bere pentsamendu politikoa eta soziala islatzen dituzten bi liburu argitaratu zituen azken urtetan: Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat (Robles-Arangiz Fundazioa, 2009) Bidea Helburu taldearekin batera, eta, Kritikak-autokritikak, keinuak eta zubiak (Artituz, 2025).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!