Haur eta lehen hezkuntzako herriko ikasleek bi koreografia prestatu dituzte, Irrika Aisialdi Elkarteak aukeratutako kantuekin eta espreski kalejira honetarako osatu dituzten dantzekin. Pasa den ostiralean entsegu orokorra egin zuten eta ziur ostegun gizenerako ondo ikasia edukiko dutela koreografia.
Herriko kaleak kolorez janzteko, aurtengo mozorroen gaia Baserria izango da, gure landa-sustraiei omenaldia eginez. Horrela, baserrietako txorimaloak, nekazariak, behiak eta barazkiak izango dira mozorroak. Ikasleek azken asteetan lan ederra egin dute mozorroak prestatzen eta dagoeneko prest dituzte.
Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Erreboteko plazara gerturatu eta herriko gaztetxoen kalejirarekin gozatzera. Era berean eskerrak eman nahi dizkie kalejiraren antolaketan lagundu duten ikastetxeetako irakasle eta guraso guztiei.