Tourra eskualdean barrena

Tourreko notak!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 24a, 12:47

Bost minutuko irakurketa azkarra, urteko lasterketa oneneko balantzearekin

 

 

10: Euskal Herriko irteera. 600.000 lagun errepideetan, gure aberria munduko jende askoren begietan. Bike Country, Txirrindularitza Herria garela erakutsi dugu han eta hemen, eta hori oso garrantzitsua da. Ondoren Pirinio eta Alpeetan ehunka ikurrina ikusi diren bezala. Txirrindularitza maite dugu, txintxetak txintxeta!

9: Jonas Vingegaard: Fenomeno bat. Pazientzia eta indarra ikur, Pogacar bezalako aurkari baten etengabeko erasoak eusteko gaitasuna eta buruko azkartasuna behar baita. Erlojupekoan txikitu zuen bere aurkari nagusia, eta mendian gora ere ia ezinezkoa dirudi haren martxa jarraitzea. Etorkizunak emango du epaia, baina bi Tour jarraian irabazi ostean, beste hainbeste irabazteko itxura dauka danimarkarrak. Zauri bakarra, bere urrezko bidean: pasa den larunbateko etapan berekoi antzean jokatu zuen, eta txapeldun handiek bestela jokatu behar dute.

8: Pello Bilbao eta Ion Izagirre: Zer esan bi txirrindulari handi hauen inguruan? Euskal Herria mapan jarri dute bi etapa garaipen ikusgarrirekin. Horiek lortzeko modua ere aintzat hartzeko modukoa da, hanka zuztarren indarraz gain buruko bizkortasuna, determinazioa, konfiantza erakutsi baitzuten bere gaitasunean. Pelloren kasuan, gainera, seigarren sailkatu da sailkapen nagusian eta urteko euskal txirrindulari onena bilakatzeko bidean da Foruakoa. Txalo handi bat bientzat.

7: Tadej Pogacar: Erreboltaria da, matxinoa, arriskuak hartu zalea, eta All In-ak egitea maite du. Apustua ez zaio ondo atera aurten, baina bere ezinak baino Vingegaard-en nagusitasunak eragin du bere belaunikaratzea. Galdera batzuk sortu dira esloveniarraren etorkizunaren inguruan: Tourrean zentratu behar du urte osoan, hori irabazten saiatzeko? Edo orain arte bezala jarraitu behar du, udaberriko probetan ikuskizuna ematen, eta gu guztioi gozamen latza eraginez? Tourrean bakarrik zentratuta ere arrakastak ez dirudi guztiz ziurra. Galdera nik erantzun behar banu, garbi daukat: Pogacar urte guztian lehiatzen ikusi nahi dut.

6: Jasper Philppsen: Itsusi Eeckhorn-en ihesaldi ahalegina blokeatu zuenean. Atzo, Eliseoetako Zelaian bekatu hori ordaindu zuen garaipena lortu ezinik, baina lau etapa irabazi ditu, maillot berdeaz gain, eta hori asko irabaztea da. Tropeleko esprinter onena, egun, eta askogatik.

5: Hainbat izen: Felix Gall, Jai Hindley, Rusty Woods, Poels, Mohoric etapa garaileak, eta hainbatetan saiatu direnak, baina etxera esku hutsik joango direnak: Neilands, Pinot, Skielmose, Abrahamssen, Van Aert... Gatz handia erakutsi dute, baina Tourrean garaipenak beti dira garestiak. Esalditxo bat, Thibaut Pinot-en alde, bere azken Tourrean: Allez Thibaut!!!

4: Movistar: Zorte txarra izan zuen Enric Mas-ekin, Bilbon erori eta etxerako bidea hartuta. Saiatu dira, ihesaldietan, Jorgenson eta Pedrerorekin batez ere, baina ezin izan dute garaipenik lortu. Gorka Izagirre eta Alex Aranburu ere nahi genukeena baino gutxiago azaldu dira ihesaldietan...

3: Mikel Landa. Hater bat naizela diote askok, baina errealitatea egoskorra da. Eskasa, Mikel Landaren Tourra. Hasieratik ikusi zen, gainera, ez zegoela sailkapen nagusian lehiatzeko moduan, baina tematu egin zen, minutuak galtzearen poderioz helburuz aldatu behar izan zuen arte. Ihesaldietan ere herren aritu da, etapa garaipenak lortzeko batere aukerarik gabe, eta azken astean esprinterren autobusetik gertu. Vueltara joatea behartu dezake Bahrein taldeak, zigor moduan.

2: Groenewegen eta Ewan. Garaipeneko jokotik oso urrun, eta sasoiz ere oso justu. Cavendish-i barkatuko diogu, Tour erdian erorketa batek etxera bidali zuelako, eta ahal izan zuenean etapa bilatzen saiatu zelako. Groenewegen eta Ewan hori ere ez.

1: ASO antolakuntza eta motorrak. Bi gertakari larri, Joux-Plane eta Col de la Loze mendateetan. Tourrak daukan prestigioarekin halako egoerak gertatzea onartezina da. Tourra gero eta handiagoa da, gero eta negozio potoloagoa, baina dena ez da dirua.

0: Zale futboleroak. Tourrera ipurdia erakustera, txirrindulariak ukitu edo bultzatzera joaten diren arloteak. Madouas bota zuten lurrera, Benoot ere bai... Festa denori gustatzen zaigu, baina errespetua eduki behar da muga-mugan doazen kirolariekin. Pello Bilbaok muturreko bat eman zion zale bati, lekurik uzten ez ziolako, eta UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak kargu hartu zion!!! Arlote hutsak diren zaleei, ezer ez...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!