Covid19 | Datuak egunez egun

Ez txertatzeko ustezko eskubidearen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia C19 Analisia 2021ko abe. 19a, 17:30

Bizitza plataforma negazionistaren esanetan: “Orain badakigu inokulazioa erabateko porrota izan dela, une honetan iaz baino, hau da, sendagai esperimentala martxan ez zegoenean baino jende gehiago dagoelako bai kutsatuta, ZIUtan eta hildakoak ere”.

Atzo Donostian egin zuten manifestazioan parte hartu zutenen gehiengoak hitz horiekin bat egingo du seguruenik, baina errealitatea bestelakoa da (hemen azalpena, https://labur.eus/LX79d).

Bestetik, Espainiako Osasun Ministerioak argitaratutako informazioan oinarrituta sortu dudan grafikoan (ikus irudia) ikus daiteke txertoen eraginkortasuna, ospitalizazioak eta heriotzak ekiditeko, %94-%97 ingurukoa dela, 60 urte baino gehiago dutenen artean.

Azkenik, iturri berean oinarrituta, txertatu daitezkeenen artean, %10a dira ez txertatuak, baina ZIUtan daudenen %43a dira.

Beraz, garbi dago, ezta? Atzo “Debate zientifikoa” eskatzen zuten horiek gezurretan ari dira.

"Baina ni gaztea naiz. Zergatik jarri behar dut nik txertoa? Nire eskubidea da txertorik ez jartzea!"

Txertoen eraginkortasuna ez da %100ekoa, eta horregatik, transmisioan ere jarri behar dugu arreta. Espainiako Osasun Ministerioaren txosten honen (https://labur.eus/lT0kf) arabera, txertaketak % 70 eta % 90 artean murrizten du transmisioa. Zenbat kutsatze, eta ondorioz, zenbat hildako saihestuko lirateke heldu guztiek txertoa jasoko bagenu?

Zer lehenetsi, ez txertatzeko eskubidea, edo ez hiltzeko eskubidea? Erantzun beharrik ez dagoela uste dut.

Covid ziurtagiria bai ala ez?

Atzoko manifestaziora bertaratu zirenak inposizioa eta diskriminazioa salatzen zuten COVID pasaportearen erabileran. Goian azaldutakoarekin nahikoa esan dudala uste dut: helduak diren heinean, diskriminaziorik nahi ez badute, txerta daitezela.

Baina, hala ere, COVID pasaportearen erabilerari abantailak eta eragozpenak ikusten dizkiot. Ondo aplikatuko balitz, transmisioa txikitzeko balioko luke (azalpena hemen, https://labur.eus/SIqzM), baina zaila ikusten dut hori gertatzea.

Bestetik, haurrei (12 urte baino gehiago badute ere), ez litzaieke eskatu behar, txertatu edo ez txertatzearen erabakia beraiena izango ez delako kasu askotan. Tabernariek ez lukete polizia gisa jardun behar…

… Eta gainera, COVID pasaportea erabiltzeak atzoko manifestazioko berekoi negazionistak indartuko ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!