Covid19 | Datuak egunez egun

Positiboen hazkundea geldotzen ari da?

Erabiltzailearen aurpegia C19 Analisia 2022ko urt. 7a, 13:45

©Gipuzkoa

Pandemian zehar bi adierazle erabili izan ditugu intzidentzia-tasak ondorengo egunetan izango duen joeraren berri jakiteko:

  • 7 egunetako intzidentzia-tasa: 14 egunetakoak baino atzerapen txikiagoa du, eta ondorioz, lehenago ematen digu positibo kopuruaren joeraren berri.
  • Positibitatea (positiboen portzentaia, egiten diren probekiko): adierazle honen joera aldaketa, aurreko olatu guztietan, intzidentziaren joera aldaketaren aurrekaria izan da.

Orain arte, bi adierazle hauek oso fidagarriak izan dira, intzidentzia-tasaren joera aldaketak antzemateko. Eta biek, ondorengo egunetan intzidentzia-tasaren gailurrera irits gaitezkeela adierazten digute.

7 egunetako intzidentzia-tasa

Grafikoan ikus daitekeenez, 7 egunetako intzidentzia-tasaren hazkundea geldotzen ari da.

Positibitatea

Positibitatea ere geldotzen ari da.

Eguneroko positiboak

Aurreko adierazleek erakusten digutena eguneroko positiboen grafikoan ere ikus daiteke: Eusko Jaurlaritzak adierazten dizkigun positiboen hazkundea geldotzen ari da.

Baina benetan geldotzen ari da positiboen hazkundea?

Adierazle horiek fidagarriak dira gaur egun? Ez, guztiz ez, behintzat. Izan ere, baditugu beste seinale batzuk, ustezko positiboen hazkundearen egonkortze hori zalantzan jartzen dituztenak.

Autotest gutxiago egiten ari gara

Eusko Jaurlaritzak ez digu esaten, izan diren positibo guztietatik, zenbat antzematen diren, aldez aurretik autotestak egin izanagatik. Positiboen probaren zergatia hiru arrazoietan sailkatzen ditu: “harreman estua izateagatik”, “sintomak izateagatik” eta “besteak”.

Goiko grafikoan ikus daitekeenez, Eguberrietan sintomatiko edo harreman estua izateagatik ez diren, eta positibo izan diren proba kopuruak nabarmen egin du gora; eta sintomatiko izateagatik egin diren, eta positibo izan diren proba kopuruak behera. Litekeena da, beraz, aldez aurretik autotesten bidez antzemandako positiboak “besteak” sailkapenean sartua egotea.

Eta hori horrela bada, abenduak 29a geroztik egin diren autotesten kopuruak nabarmen behera egin duela dirudi. Eta orduan, proba kopuru ofiziala (Osakidetzak egiten dituenak) txikitu ez bada ere, azken egunetan egin diren benetako proba kopuruak nabarmen egin du behera. Eta proba gutxiago egiten badira, positibo gutxiago antzematen dira.

Autotestek positibitatean eragiten dute

Autotestik gabe, proba kopuru gutxiago egiten direnenean, positibitateak gora egiten du. Baina, lehen ikusi dugunez, positibitatearen joera ere egonkortzearena da.

Autotestak egiten direnean, hauek positiboak direnean bakarrik jo ohi dugu Osakidetzara, proba ofiziala egitera. Ondorioz, Eguberrietan positibitatea puztua zegoen, emaitza negatiboa eman izan duten autotestek ez baitute proba kopuru ofizialean eraginik izan. Azken egunetan autotest kopurua jaitsi bada, positibitatea ez da horren puztua egongo, eta agian, hori izan da positibotasuna horrenbeste ez handitzearen arrazoia.

Miaketa-protokoloa aldatu da

Jada ez gaituzte, orokorrean, Osakidetzatik deitzen, harreman estua izan garela ohartarazteko, eta proba egiteko hitzordua emateko. Orain guk egin behar dugu hori, eta ondorioz, litekeena da, aurreko miaketa-protokoloarekin izango genituzkeen probak eta positiboak baino gutxiago izatea orain.

Antigenoen bidezko probak lehenesten ari dira orain

Ugo Mayor ikerlariak ohartarazi didanez, miaketa-protokoloaren aldaketarekin batera, askoz ere antigeno proba proportzio handiagoa egiten ari da orain Osakidetza. Eusko Jaurlaritzaren txosteneko beheko taulan nabarmen ikus daiteke hori:

Antigeno probak oso fidagarriak dira, baina PCR probek baino epe txikiagoan ematen dute positibo. Beheko grafikoak ondo adierazten du hori:

Beraz, lehen PCR-ekin positibo ziren proba batzuk, orain antigenoen bidezko probarekin negatibo izaten ari dira.

Ondorioa

Orduan, hasierako galderara itzuliko gara: positiboen hazkundea geldotzen ari da? Ofizialki, zalantzarik gabe. Baina halakorik benetan gertatzen ari den edo ez jakiteko nahikoa informazioa ez dugu oraindik, eta ondorengo egunetan datuen jarraipen zehatza egin beharko dugu, joera aldaketa hori baieztatzen den edo ez ikusteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!