Covid19 | Datuak egunez egun

Seigarren olatuaren gailurrera iritsi gara?

Erabiltzailearen aurpegia C19 Analisia 2022ko urt. 13a, 07:33
©UrkoVallejo

Pandemian zehar, batez ere, bi adierazle erabili izan ditugu intzidentzia-tasak eta positibo kopuruak ondorengo egunetan izango duten joeraren berri jakiteko: 7 egunetako intzidentzia-tasa eta positibitatea.

Esan bezala, bi adierazle erabili izan ditugu Koronabirusak ondorengo egunetan izango duten garapenaren berri jakiteko:

  • 7 egunetako intzidentzia-tasa: 14 egunetakoak baino atzerapen txikiagoa du, eta ondorioz, lehenago ematen digu positibo kopuruaren joeraren berri.
  • Positibitatea (positiboen portzentaia, egiten diren probekiko): adierazle honen joera aldaketa, aurreko olatu guztietan, intzidentziaren joera aldaketaren aurrekaria izan da.

Orain arte, bi adierazle hauek oso fidagarriak izan dira, intzidentzia-tasaren joera aldaketak antzemateko. Aurreko olatu guztietan, positibitatea txikitu izan da lehenik, eta 7 egunetako intzidentzia-tasa ondoren.

Artikulua ilustratzen duen grafikoan ikus daitekeenez, gaur egun, 7 egunetako intzidentzia-tasa jada egonkortu dela dirudi, baina positibitateak handitzen jarraitzen du. Zer gertatzen ari da? Hainbat gako.

Benetan egonkortzen ari dira positiboak?

Ez, oraindik ez, behintzat. Positibitatea ezezik, baditugu beste seinale batzuk, egonkortze hori zalantzan jartzen dituztenak.

Autotest gutxiago egiten ari gara

Eguberrietako lehenengo egunetan asko hazi zen etxean egindako autotesten kopurua, baina abenduaren 29az geroztik kopuru horrek nabarmen egin du behera. Horri, azken egunetan Osakidetzak egin dituen proba kopurua asko txikitu dela gehitzen zaio (ikus grafikoa), besteak beste, urtarrilaren 6a jaieguna zelako (jaiegunetan proba gutxiago egiten dira). Eta proba gutxiago egiten badira, positibo gutxiago antzematen dira.

Autotestek positibitatean eragiten dute

Autotestak egiten direnean, hauek positiboak direnean bakarrik jo ohi dugu Osakidetzara, proba ofiziala egitera. Ondorioz, Eguberrietan positibitatea puztuta zegoen, emaitza negatiboa ematen duten autotestek ez baitute proba kopuru ofizialean eraginik.

Azken egunetan autotest kopurua jaitsi denez, positibitatea orain ez dago horren puztua; eta hala ere, positibitateak handitzen jarraitzen du. Horrek detektatzen ez diren positibo kopurua nabarmen handitzen ari dela adierazten du.

Miaketa-protokoloa aldatu da

Abenduaren bukaeraz geroztik ez gintuzten, orokorrean, Osakidetzatik deitzen, harreman estua izan ginela ohartarazteko edota proba egiteko hitzordua emateko. Guk egin behar genuen hori. Joan den asteartetik aurrera, gainera, Osakidetzak ez die, zaurgarriak ez diren eta harreman estua izan dutenei probarik egingo. Protokolo berri honek positibo ofizial murrizketa oso handia ekarriko du.

Aurrekoa gutxi balitz, autotesten inguruko protokoloa ere aldatu zuten astelehenean. Autotestetan positibo ematen badugu ere, ez dugu Osakidetza ohartarazi behar, baldin eta laneko baja behar ez badugu. Horregatik, asko izango dira autotest bidez positibo izango direnak, baino intzidentzia-tasan eraginik izango ez dutenak.

Antigenoen bidezko probak lehenesten dira orain

Abenduaren bukaerako miaketa-protokoloaren aldaketarekin batera, askoz ere antigeno proba proportzio handiagoa egiten ari da orain Osakidetza. Eta antigeno probak oso fidagarriak badira ere, PCR probek baino epe txikiagoan ematen dute positibo. Ondorioz, lehen PCR-ekin positibo ziren proba batzuk, orain antigenoen bidezko probarekin negatibo izaten ari dira.

Irizpide berriak ikastetxeetan

Joan den astelehenetik aurrera, umeek ez dute berrogeialdirik ezta probarik egin beharko ikasgelan positibo bat edo batzuk agertzen badira ere. Horrek, hala beharrez, positibo gehiago ekarriko ditu; eta ez bakarrik umeen artean, baizik eta ume horien senitartekoen artean ere. Positibo horiek ez dute, orokorrean, Eusko Jaurlaritzaren estatistiketan eragingo, baldin eta sintoma larririk ez badute.

Seigarren olatuaren gailurra

Hasierako galderara itzulita: seigarren olatuaren gailurrera iritsi gara? Positibo ofizialetan iritsi gara jada, eta litekeena da, Euskal Autonomia Erkidegoaren intzidentzia-tasa aste honetan bertan egonkortzea.

Baina adierazle hauek jada ez zaizkigu balio Koronabirusaren transmisioaren berri jakiteko, inoiz baino positibo gehiago geratzen ari baitira ofizialki kontatu gabe. Birsonkuntza-tasak ere ez zaigu balio seigarren olatuaren joera iragartzeko, Eusko Jaurlaritzak positibo ofizialekin kalkulatzen baitu balio hori.

Koronabirusaren transmisioaren benetako gailurra, positibitatea eta ospitaleratuen kopurua txikitzen hasten denean izango dugu. Hauek dira, gaur egun, transmisioaren benetako joeraren berri jakiteko erabil ditzakegun adierazleetatik bi.

Noiz joko du gailurra, benetan, transmisioak?

Omicron aldaera gurean denetik, ondorengo asteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanlegoaren %8a izan da, ofizialki, positibo. Azken astean bakarrik, %3,5. Baina, aipatu dugunez, benetako kutsatuak askoz ere gehiago izan dira.

Gaur egungo protokoloak, batez ere, kutsatu zaurgarriak antzemateko definitu direla kontutan hartuta, Koronabirusaren transmisioa kontrolik gabe hedatuko da, kutsatzeko beste inor aurkitzeko zailtasunak topatzen ez dituen bitartean. Oraingo transmisioa horren handia izanik, litekeena da gailurrera, benetako gailurrera, ondorengo asteetan iristea.

Bitartean, ospitaleratu eta hildako kopurua handitzen joango da. Eta gailurrera iritsi ondoren, egoera ez da berehala bere onera itzuliko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!