Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek bost eguneko greba egingo dute

Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte euren lan baldintzak duinduko dituen lan hitzarmenaren alde borrokatzeko. Izan ere, uztailean egindako elkarreratze eta protesten ondotik, euren egoera ez da hobetu, eta grebara jotzea erabaki dute.

Irailaren 6a, astelehena, izango da lehen greba eguna


Gogoratu dezagun langileen hitzarmen kolektiboa 2020ko abenduan amaitu zela. Andoaingo etxez etxeko laguntza-zerbitzua Udala titularra duen zerbitzu publikoa da. Zerbitzu hori pribatizatuta dago eta Eulen Servicios Sociosantitarios enpresak kudeatzen du. Bertan 25 langile inguru ari dira lanean. ELAk plataformaren hobekuntzak onartzeko eskatu dio enpresari, baina uko egin dio. Eta enpresarekin zein udalarekin izandako bilerak emaitzik gabe bukatu dira.

Horren aurrean, langileek hainbat mobilizazio egin zituzten uztailean, eta egoerak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, urrats bat egin eta grebara jotzea erabaki dute. Irailaren 6tik 10era egingo dute, eta egunero elkarreratzea ere egingo dute Andoaingo udaletxearen parean, 11:30ean. Izan ere, enpresa nola, Udala ere bada egoeraren erantzule. Andoaindarrek jarritako baliabide publikoak lehentasun horietara bideratu behar dira, eta ez multinazionalen etekinak gizentzen jarraitzera, lan eta zerbitzu-baldintzak prekarizatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!